2002ko azaroan, %0,8 jaitsi zen Euskal AEko Industri Produkzioaren
Indizea, aurreko urteko hil beraren aldean, EUSTATek eskainitako datuen arabera.
Jaitsiera hori, ordea, lanegunen balio homogeneotan neurtuta, Produkzioaren
Indize Orokorraren %3,0ko igoera da, joan den azaroak 2001ekoak baino lanegun
bat gutxiago izan baitu.
Horiek horrela, 2002ko lehenengo hamaika hilabeteetako balantzean,
Indize Orokorraren tasa metatua %0,8 murriztu da, aurreko urteko aldi beraren
aldean, eta jaiegunen eragina zuzenduta, berriz, murrizte hori % 0,6koa
da.
Euskal AE-ko Industri Produkzioaren Indizearen urte arteko hiruhileroko
hazkunde zuzendua, 1997-2002

2002ko azaroan, urte arteko aldakuntzarik positiboenak sektore
hauei egokitu zaizkie: larruaren eta oinetakoen industria (%16,2), zurgintza
(%12,9), ehungintza eta jantzigintza (%6,3), garraio-materiala
(%5,3), eta kimika-industria (%4,4) arloei, besteak beste.
Urte arteko tasarik negatiboenak honako hauek izan dituzte:
petrolioa fintzea (%-22,3), material elektrikoa (%-7,1), elikagai-industria
(%-4,9), eta bestelako manufakturak (%-3,4) arloek, batik bat.
Bitarteko ondasunek %3,6ko tasa positiboa izan dute azaroan,
ekipo-ondasunek %1,5eko tasa jaitsiera, eta kontsumo-ondasunak %4,4 jaitsi dira
aurreko urteko hil beraren aldean.
2002ko lehenengo hamaika hilabeteetan, bitarteko ondasunak
eta kontsumo-ondasunak %0,6 eta %0,5 igo dira, hurrenez hurren, eta ekipo-ondasunak,
aldiz, %2,2 jaitsi.
Urteko lehenengo hamaika hilabeteetako balantzean, lanegunen
zuzenketarik gabe, aldakuntzak desberdinak izan dira hiru herrialdeetan: Gipuzkoan
eta Bizkaian %1,7 eta %0,4 jaitsi da, hurrenez hurren, eta Araban, aldiz, %0,1eko
igoera txikia izan da.