Eustatek hiru hilean behin zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren
Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2002ko bigarren hiruhilekoan,
ia 888.400 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan baino %1 gehiago. Langabeen
kopurua 73.000 lagunena da, eta langabezia-tasa, %7,6rena, Europar Batasunaren
biztanleria langabearen definizio harmonizatu berriaren arabera. Emaitza horiek
beherapena ekarri dute langabeen kopuruan (-8.000) eta langabezia-tasan (ehuneko
-0,8 puntu), 2002ko 1. hiruhilekoaren aldean. Aurreko horren guztiorren ondorioz,
aktibotasun-tasa ehuneko 0,2 puntu igo da (%53,6).
Langabezia-tasa %7,6ra iritsi da, eta %4,9ra jaitsi da gizonezkoentzat
Langabeziaren definizio berriaren arabera, zeina aurreko hiruhilekoan
hasi baitzen aplikatzen, Euskal AEko langabezia-tasa %7,6rena izan da bigarren
hiruhileko horretan, biztanleria aktiboaren guztizkoaren aldean. Horren arabera,
langabeen kopurua murriztu egin da (-8.000); langabezia-tasan, berriz, 0,8ren
murrizpena izan da azken hiru hilabetean.
Nahiz eta sexuka ere ehuneko ia puntu bat murriztu diren aurreko
hiruhilekoaren aldean, haien arteko aldeak oraindik ere zorrotzak dira, zeren
emakumezkoen langabezia-tasa (%11,5) gizonezkoena (%4,9) baino bi aldiz handiagoa
baita.
Langabezia-tasa hiru herrialde historikoetan murriztu da. Arabako
eta Gipuzkoako langabezia-tasa baxuak (%6,9 eta %5,9renak, hurrenez hurre),
ez dute gorabehera handirik izan (ehuneko -0,3 puntu); Bizkaian, aldiz, (orain
%8,9rena da haren tasa) murrizpena 1,3 punturena izan da.
Euskal AEko langabezia-tasak Europar Batasuneko herrialdeetakoena
berdindu du
Europar Batasuneko herrialdeetako langabezia-tasa, EUROSTATen
arabera –Europar Batasunaren Estatistika Bulegoaren arabera– %7,6rena izan da
2002ko maiatzean, Euskal AEk 2002ko bigarren hiruhilekoan izan duena bera, biztanleria
langabearen definizio homogeneoari jarraituz. Euroguneko herrialdeei dagokienez,
langabezia-tasa zertxobait altuagoa da (%8,3).
Biztanleria langabea 73.000 pertsonarena da 2002ko bigarren
hiruhilekoan, duela hiru hilabete baino 7.600 gutxiago. Gizonezko langabeen
(-4.900) eta emakumezko langabeen (-3.000) kopurua jaitsi da. Araban talde hori
10.100 pertsonarena da (-400), Bizkaian 44.300ena (-6.800) eta Gipuzkoan 18.700ena
(-700). Azkenik, jaitsi egin da lehen enpleguaren bila dabiltzan langabeen kopurua
(-3.300); duela bi urte edo gehiagotik enplegu bila dabiltzanenak, berriz, 20.000
bat pertsona, igo egin da (+1.200). Azken talde horrek langabeen guztizkoaren
laurden batetik goraxe pilatzen du.
Biztanleria landunaren joera goranzkoa da oraindik
Biztanle landunen kopurua, 2002ko bigarren hiruhileko horretan,
888.400ena da, hau da, duela hiru hilabete baino 9.500 gehiago. Landunen kopuru
horrek beste maximo bat ezarri du. Horrekin, ez da eten azken bost hiruhilekoetako
goranzko joera; horietako hiruhileko bakoitzean, biztanleria landuna 10.000
bat pertsona igo da. Herrialde historikoka, Arabak ia aurreko emaitza errepikatu
du (+100 biztanle); Gipuzkoak eta Bizkaiak, aldiz, nabarmen igo dute landunen
kopurua (+5.000 eta +4.300, hurrenez hurren). Igoerak gizonezkoak (+2.900) baino
emakumezko (+6.600) gehiago mesedetu ditu.

Azken hiru hilabeteetan igo egin da landunen kopurua lau sektore
ekonomikoetan: industrian eta zerbitzuetan; 3.000na pertsona kasu bakoitzean;
eraikuntzan, 2.400 pertsona eta, neurri txikiagoan, nekazaritzan (+1.100).
Landunen kopuruaren igoerarekin, enplegu-tasa ere igo egin
da, hau da, biztanle landunen ehunekoa, 16 urtetik 64 urte arterainoko biztanleriaren
guztizkoaren aldean, biak barne. 2002ko bigarren hiruhilekoan, ehuneko hori
%62,6ra iritsi da (aurreko hiruhilekoan baino ehuneko ia puntu bat gehiago),
eta alde nabarmenak daude gizonezkoen (lan egiteko adinean dauden 100 gizonezkotik
75,8) eta emakumezkoen (100etik 49,2) artean.
Etxeguneen sailkapenean, jaitsi egin dira aktibo guztiak langabezian
dituzten etxeguneak (-2.200); igo egin da, aldiz, gainerako motetako etxeguneen
kopurua: aktibo 1 edo gehiagoko etxeguneak, bai eta aktiborik gabeko etxeguneak,
eta, bereziki, kide aktibo guztiak lanean dituzten etxeguneak (+6.500).
Duela 12 hilabete baino ia 40.000 biztanle landun gehiago
Biztanleria landuna hazi egin da, 2001eko bigarren hiruhilekoaren
aldean (41.500 biztanle gehiago), hau da, ia %5. Igoera hori %9rena izan da
gutxi gorabehera emakumezkoentzat, eta %2,4rena, gizonezkoentzat. Herrialde
historikoka, ez dago alde erlatibo handirik; izan ere, azken 12 hilabeteetako
landun-kopurua %5 igo da hiru herrialdeetariko bakoitzean.
Azken urtean zehar, jaitsi egin da landunen kopurua industrian
(%-1,7), eta %6,3 igo da eraikuntzaren sektorean, eta %8,4, zerbitzuenean. Aldi
horretan berean, enplegu-
-tasa ehuneko 3,2 puntu igo da.
Langabezia-tasa 2,4 puntu jaitsi da azken urtean, eta ia 4
emakumeena
Alderatze-xedeekin, 2001eko bigarren hiruhilekoko langabezia-tasa
%10ean zenbatetsi da, definizio berriarekin. Beraz, azken urte horretarako zenbatetsitako
jaitsiera ehuneko 2,4 punturena da guztizko biztanlerian, ia bi puntu gizonezkoentzat
eta 4 puntu ingurukoa emakumeentzat. Herrialdeka, jaitsiera 1,5 punturena da
Araban eta Gipuzkoan, eta 3,2rena Bizkaian.