Eustatek hiru hilean behin zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren
Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2002ko hirugarren hiruhilekoan,
ia 894.500 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 gehiago. Langabeen
kopurua 80.300 lagunekoa da, eta langabezia-tasa biztanleria aktiboaren %8,2koa.
Emaitza horiek, 2002ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz,
langabetuen taldeak 7.300 laguneko gorakada izan duela agertzen dute. Ondorioz,
jarduera tasa ehuneko 0,7 puntu igo eta %54,3ra heldu da.
16 urtetik 24ra bitarteko gazte aktiboen bostetik bat langabezian
dago
Hirugarren lauhileko honetan Euskal AEko langabezia-tasa %8,2koa
izan da, duela hiru hil baino ehuneko 0,6 puntu altuagoa. Igoera aztertutako
talde guztietan izan da, Arabako Lurralde Historikoan izan ezik.
Honenbestez, gizonezkoen langabezia-tasa %5,5era igo da eta
emakumeena, askoz ere altuagoa -zortzi emakumeko bat-, %12,2era. Hiruhileko
honetan Arabak %6ko langabezia-tasa izan du, aurreko hiruhilekokoa baino ia
puntu bat baxuagoa, hiru lurraldeetako baxuena. Bizkaia puntu bat igo da, %10era
eta Gipuzkoa ere ehuneko 0,6 puntu igo eta %6,5eko tasara heldu da denbora tarte
berean. Gazteen langabezia--tasa ia ehuneko puntu bi hazi da eta 16tik 24 urte
bitarteko gazte aktiboen bostetik batera iritsi, % 18,7ra.
Euskal AEko langabezia-tasa Euroguneko herrialdeenaren oso
antzekoa da, pasa den abuztuan %8,3ko tasa izan baitzuten (EUROSTAT). Europar
Batasuneko guztizko tasa zertxobait baxuagoa da, % 7,7koa.
Euskal AEn 80.300 langabetu zenbatu dira
Aurreko hiruhilekoaren aldean, langabetuen kopurua %10 igo
da, 7.300 lagun gehiago, guztira 80.300. Langabetuen kopurua aztertutako talde
guztietan igo da, aurrean aipatutako Arabako kasuan salbu, 1.300 laguneko jaitsiera
izan baitu eta 8.800 laguneko taldeari eragin dio. Bizkaiko kasuan langabetuen
taldea 50.700 lagunekoa da, 6.400 langabetu gehiago baitira. Gipuzkoan 20.800
dira egoera berean direnak, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 lagun gehiago.
Duela bi urte edo gehiagotik enplegu bila dabiltzan langabetuak
16.600 lagun dira, langabeen guztizkoaren bostena, 4.200 gutxiago.
Biztanleria landunaren joera goranzkoa hiruhileko honetan ere
eta 900.00 lagunera hurbildu da
Biztanle landunen kopurua, 2002ko hirugarren hiruhileko horretan,
894.500ekoa da, hau da, duela hiru hilabete baino 6.100 gehiago. Horrekin, ez
da eten azken sei hiruhilekoetako goranzko joera; hazkundearen erritmoa apalagoa
bada ere.
Herrialde historikoka, Arabak ia aurreko emaitza errepikatu
du (700 landun gehiago); Gipuzkoak eta Bizkaiak, aldiz, nabarmenago igo dute
landunen kopurua (2.600 eta 2.800 gehiago, hurrenez hurren). Igoerak ia gizonezkoak
bakarrik mesedetu ditu (5.300 gehiago ari dira lanean) emakumeek aurreko emaitza
ia bera baitute (700 inguruk baino ez baitu lanik aurkitu).

Aurreko hiruhilekoaren aldean, igo egin da landunen kopurua
lau sektore ekonomikoetan: nekazaritza eta eraikuntzan 1.000 lagunetik gora
bakoitzean eta zerbitzuetan 4.500 lagun. Industrian 1.100 jaitsi dira.
Landunen kopuruaren igoerarekin, enplegu-tasa ere igo egin
da, hau da, biztanle landunen ehunekoa, 16 urtetik 64 urte arterainoko biztanleriaren
guztizkoaren aldean, biak barne. 2002ko hirugarren hiruhilekoan, ehuneko hori
%63ra iritsi da (aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,4 puntu gehiago), eta
alde nabarmena ageri da oraindik ere gizonezkoen (lan egiteko adinean dauden
100 gizonezkotik 76,5) eta emakumezkoen (100etik 49,3) artean. Herrialde historikoka,
enplegu-tasarik altuena Arabak du, % 67,2koa eta azken hiruhilekoan gehien hazi
dena Gipuzkoakoa, ehuneko 0,6 puntuko igoera izan baitu.
Etxeguneen sailkapenean, aktibo guztiak langabezian dituzten
etxeguneak 3.500 gehiago dira, kide aktibo guztiak lanean dituzten etxeguneak
berriz, 1.700 gutxiago.
Duela urtebete baino 39.000 biztanle landun gehiago
Biztanleria landuna hazi egin da, 2001eko hirugarren hiruhilekoaren
aldean (39.000 biztanle gehiago), hau da, %4,6. Igoera hori %5,4 ingurukoa izan
da emakumezkoentzat, eta %4koa, gizonezkoentzat. Herrialde historikoka, ez dago
alde erlatibo handirik; izan ere, azken 12 hilabeteetako landun-kopurua %4tik
gora igo da hiru herrialdeetariko bakoitzean.
Azken urtean zehar, jaitsi egin da landunen kopurua industrian
(%-1,9), eta %8,3 igo da eraikuntzaren sektorean, eta %7 zerbitzuenean. Aldi
horretan berean, enplegu-
-tasa ehuneko 3 puntu igo da.
Langabezia-tasa ehuneko 2 puntu jaitsi da azken urtean
Azken 12 hilabeteotan langabezia-tasa ehuneko 1,9 puntu jaitsi
da, 2 puntu baino zertxobait gehiago gizonezkoentzat eta 1,5 emakumezkoentzat.
Herrialdeka, jaitsiera 4,1 puntukoa izan da Araban, 1,6koa Bizkaian eta 1,4koa
Gipuzkoan.