2003/04/04ko prentsa-oharra

EUSKAL ENPRESEN EGITURA ETA DEMOGRAFIA 2002. urtea



%2,2 hazi da enpresa-kopurua eta eta %3,8 enplegua Euskal AE-n 2002an



Baltzu mugatuak dira enpresarik dinamikoenak eta hazkunde handiak izan dituzte kopuruan eta okupazioan.


Euskal AEren eremuan jarduera gauzatzen duten industriako eta zerbitzuetako enpresen kopurua %2,2 hazi egin da 2002. urtean, eta 154.376 enpresa aktibo zenbatu dira, Eustatek burutu duen Jarduera Ekonomikoen Gidazerrendaren azken eguneratzearen arabera. Enpresen %98,1ek gure erkidegoaren lurraldean dute egoitza, eta 2.917k Estatuko gainerakoetan; azken enpresa horiek 81.940 laguni ematen diete enplegua, guztizkoaren %10,4ri.


Enpresek 170.479 establezimendutan gauzatzen dute jarduera (fabrikak, dendak, bulegoak…) eta 788.663 laguni ematen diete lana. Enpresen tamaina establezimenduko 4,6 lagun landunekoa eta enpresako 5,1 lagun landunekoa da. Titulartzat pertsona fisiko bat duten enpresak salbuesten badira, enpresen tamaina bikoiztu egiten da, eta establezimenduko 9,4 lagun landunera eta enpresako 11,6 lagunera iristen da. Datu horiek erakusten dute gure enpresa-sarea oso atomizatuta dagoela.


Establezimenduak eta enplegua jarduera-adarka. 2002


Iturria: Eustat


Establezimenduen sortze garbiaren eta enpleguaren tasak desazeleratuz joan dira azken urteetan, baina 2002an goranzko joera berreskuratu dute. Izan ere, establezimendu-kopurua %2,1 hazi zen 2001en aldean eta hori hiru herrialdeen hazkunde nahikoa homogeneoaren emaitza da. Jarduera ekonomikoko sektore handi guztietan ere hazi egin da, Araba eta Gipuzkoako garraioa eta komunikazioak sektorean izan ezik.


Bestalde,enpleguak %3,8ko igoera izan du eta Bizkaia nabarmentzen da %4,0koa izan baitu. 1997tik enpleguak 126.723 lagun irabazi ditu Euskadin eta urteko batez besteko %3,6ko tasa metatura iritsi da.

Aurreko urteetan bezala, jarduera-adar dinamikoena berriro ere eraikuntza izan da, %8,5eko enpleguaren hazkunde-tasa izan baitu (Bizkaian %+9,8). Sektoreetako %3,8ko batez bestekoaren gainetik daude honakoak ere: ostalaritza (%5,7), bestelako zerbitzu--jarduerak (%4,1) eta merkataritza eta konponketa (%3,9). Herri-administrazioak, osasuna, hezkuntza, eta zerbitzu sozial eta pertsonalak bigarren adarrean daude, bestelako zerbitzu-jarduerak adarrean.


Gidazerrendan jasotzen den pertsonalaren %62,6 zerbitzuen sektorean dago, eta haren atzetik, industrian %28,2 eta eraikuntzan %9,2. Industriaren egiturazko enplegu-maila handiena, herrialdeka, Araban dago, herrialde horretan biztanleria landunaren % 34,8ra iristen baita, eta haren atzetik, Gipuzkoan (%32,7) eta, urrunago, Bizkaian (%23,0). Herrialde hori lehen tokian dago, zerbitzu-sektoreko (%67,0) eta eraikuntzako (%10,0) biztanleria landunaren ehunekoari dagokionez.


Biztanleria landun handiena daukan zerbitzu-adarra bestelako zerbitzu-jarduerak da, biztanleria landunaren %21,9 hartzen baitu (173.038 lagun). Haren atzetik, merkataritza eta konponketa adarra dago, 122.607 lagunekin, %15,5; eta, azkenik, bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak, 112.802 lagunekin, hau da, guztizko enpleguaren %14,3rekin.


Enplegu-tamainaren araberako egitura apenas aldatu da, urte asko atzera eginda ere bai. 2002an, 128.128 establezimendu, guztizkoaren hiru laurden baino gehiago, ez dira 3 lanpostura heltzen eta enplegu guztiaren %19,2 hartzen dute. Beste muturrean, 50 enplegu edo gehiagoko establezimenduak 2.114 dira, guztizkoren %1,2, eta 304.408 lanpostu dituzte.


ENPRESA-DEMOGRAFIA


Euren jarduera urte horretan hasi eta eten duten enpresen saldo garbia 3.565ekoa da. Enpleguaren sortze garbian 15.893 landun gehiago esan nahi du, establezimendu berriek enplegu-ekarpen handiagoa egin baitute itxi diren establezimenduen galeren aldean. Euren jarduerekin jarraitzen duten establezimenduen artean ere enplegua hazi egin da eta 13.187 lagun gehiago dituzte. Emaitza orokor gisa, jarduera ekonomikoak 29.080 lanpostu sortu ditu.


Establezimenduen demografia. Euskal AE. 2002


Iturria: Eustat.


Txandakatze handiena pertsona fisikoaren lege-formula pean sortzen diren enpresetan gertatzen da, sarreren ia %55 eta irteeren %73 eragiten baitute; haien saldo orokorra, bai jarduera eteteagatik, bai beste forma juridiko batera eraldatzeagatik, 1.027 establezimendu jaitsi da, eta 187 lanpostu galtzea ekarri du.


Lege-nortasunik dinamikoena, azken urteotako dinamismoa areagotuz, baltzu mugatua da, 2002. urtean saldo positiboa izan baitu: 3.781 establezimendu eta 21.326 lanpostu garbi igo da, hau da, sortutako enplegu berriaren %73 baino gehiago. Forma juridiko honek bere enplegua bikoiztu du 1997tik eta 171.975 lanpostura iritsi da 2002an. Horregatik guztiagatik, bere pisu espezifikoa handitu du, bai unitate-kopuruan eta baita enplegu-balioetan ere, gainerako forma juridikoen kaltetan.


Demografia jardueraren arabera aztertzean, Bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak (sarrera guztien %25,4 eta irteera guztien %21,9) eta eraikuntza (sarreren %21,5 eta irteeren %18,6) dira establezimendu-sortze garbia lortu duten jarduera--adarrak, sektoreen guztizkoaren aldean duten euren pisuen oso gainetik dauden proportzioetan. Jarraitzen duten establezimenduen balizko jarduera-aldaketak kontuan hartuta, ikusten da jarduera-sektore guztiek gehitu dituztela euren efektiboak, garraioa eta komunikazioak izan ezik, honek 133 establezimendu galdu baititu.


Enplegu garbiari dagokionez, sortze handiena bestelako zerbitzu-jarduerak adarrean gertatu da (enplegu berri guztien %23,6 ekarri ditu) eta haren atzetik, eraikuntzan (%19,5). Azken honek berriro ere atentzioa ematen du, egiten duen ekarpena nahiko handiagoa delako sektore guztien aldean duen pisu espezifikoari (%9 inguru) dagokiona baino.


Establezimenduen tamainaren arabera, geruzarik dinamikoena 2 enplegu edo gutxiagokoa da, dudarik gabe. Berak bakarrik sarrera guztien %81,3 hartzen ditu eta irteera guztien %88,0. Gainera, establezimenduak geruza-aldaketagatik galtzen dituen talde bakarra da, igotze ugari izaten baitira enplegu-maila altuagoetara.


Bestalde, 50 enplegatu edo gehiagoko establezimenduak, askoz ere egonkorragoak izan arren, enplegu berrien zatirik handiena ekartzen dute, bai sarreren eta irteeren arteko diferentzia positiboagatik, eta bai jarraitzen duten establezimenduetan enplegua gehitzeagatik ere. Faktore biak batuta, geruza honek 7.443 enplegu berri ekarri ditu, guztizkoaren %25,6.






Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Federico Gutiérrez
Tlf:+34-945-01 75 43 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

%2,2 hazi da enpresa-kopurua eta eta %3,8 enplegua Euskal AE-n 2002an

Eragiketa : 
Jarduera ekonomikoen direktorioa
Eragiketa kodea : 
200163
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
01/01/2025
Eguneratze data : 
2003/04/07
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Gidazerrenda
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0002041_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali