2004/03/05eko prentsa-oharra

EUSKAL ENPRESEN EGITURA ETA DEMOGRAFIA 2003. urtea



Euskal AEn kokatutako enpresek 806.220 pertsonei eman diete lana 2003an, aurreko urtean baino %2,2 gehiago



Zerbitzuen sektoreko landunen gehikuntzak jarraitu egin du eta %62,7ko parte hartzea du guztizkoan.



2003an, egoitza Euskal AEn duten enpresek 171.988 establezimendutan (lantegiak, dendak, bulegoak …) gauzatu dute jarduera, eta 806.220 laguni eman diete lana, Eustatek egin duen Jarduera Ekonomikoen Gidazerrendaren azken eguneratzearen arabera. 1998tik enpleguak 126.685 lagun irabazi ditu Euskadin eta urteko batez besteko %3,5eko tasa metatura iritsi da.


Establezimenduen guztizko kopurua %0,9 hazi da 2002aren aldean. Gehikuntza hori bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak, eraikuntza eta bestelako zerbitzu-jarduerak sektoreetan kontzentratu da eta gainerakoetan, ostera, jaitsi egin da.

Aurreko urteetan bezala, jarduera-adar dinamikoena berriro ere eraikuntza izan da eta %6,7ko enpleguaren hazkunde-tasa izan du (Bizkaian %+8,0). Ostalaritza (%3,8) eta bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak (%3,2) sektoreek ere gainditu egin dute batez bestekoa.







Herrialde-eremuka, Bizkaian, erkidegoko batez bestekoaren gainetik ibili de enplegu-sortzea (%2,6ko tasa); Gipuzkoan eta Araban, berriz, batez bestekoaren azpitik ibili dira, %1,9 eta %1,6ko tasekin, hurrenez hurren. Eraikuntza izan da lurralde-hazkunderik handiena izan duen sektorea, bere eremuetan. Bestalde, nabarmena da ostalaritzaren bilakaera: Euskal AEren eremuan, establezimenduak gutxitu egin dira, baina enplegua gehitu egin da. Esanguratsua da sektore honen kasua Bizkaian, %2,3ko establezimendu-galera izan arren, enplegua %5,5 hazi baita.


Gidazerrendan jasotako langileen %62,7 zerbitzuen sektorean dago, eta haren atzetik, industrian (%27,7) eta eraikuntzan (%9,6). Industriaren egiturazko enplegu-maila handiena, herrialdeka, Araban dago oraindik ere, herrialde horretan landun-kopuruaren %34,4ra iristen baita, eta haren atzetik, Gipuzkoan (%32,2) eta, urrunago, Bizkaian (%22,5). Herrialde hori lehen tokian dago, zerbitzu-sektoreko (%66,9) eta eraikuntzako (%10,5) landun-kopuruaren ehunekoari dagokionez.


Biztanleria landun handiena daukan zerbitzu-adarra bestelako zerbitzu-jarduerak da, biztanleria landunaren %21,8 hartzen baitu (176.036 lagun). Haren atzetik, merkataritza eta konponketa adarra dago, 125.135 lagunekin, %15,5; eta, azkenik, bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak, 116.383 lagunekin, hau da, guztizko enpleguaren %14,4rekin.


Enplegu-tamainaren araberako egitura apenas aldatu da, urte asko atzera eginda ere bai. 2003an, 128.141 establezimendu, guztizkoaren ia hiru laurden, ez dira 3 lanpostura heltzen eta enplegu guztiaren %18,9 hartzen dute. Beste muturrean, 50 enplegu edo gehiagoko establezimenduak 2.136 dira, guztizkoren %1,2, eta 308.135 lanpostu dituzte, guztizko enpleguaren %38,2.



ENPRESAK


Jarduera Euskal AEren eremuan gauzatzen duten industria- eta zerbitzu-enpresen kopurua %0,8 igo da 2003. urtean, 155.653 enpresa aktibo zenbatu baitira urte horretan. Enpresen %97,9k gure erkidegoaren lurraldean dute egoitza, eta 3.120k Estatuko gainerakoetan; azken enpresa horiek 83.648 laguni ematen diete enplegua, guztizkoaren %10,4ri.


Enpresen batez besteko tamaina establezimenduko 4,7 lagun landunekoa eta enpresako 5,2 lagun landunekoa da eta beraz, jarraitu egiten du batez besteko tamainaren hazkundeak, bai establezimendutan, bai enpresetan. Hala ere, alde nabarmena dago titularra pertsona fisikoa izan ala ez. Lehenengo kasuan, batez besteko enplegua establezimenduko 1,3 lagun landunekoa eta enpresako 1,4 lagun landunekoa da. Gainerako forma juridikoa dutenetan, aldiz, tamaina horiek 9,3 eta 11,4ra iritsi dira, hurrenez hurren.



ENPRESA-DEMOGRAFIA


Urte horretan euren jarduera hasi duten enpresen eta eten dutenen arteko saldo garbia 1.509koa da. Enpleguaren sortze garbian 5.067 landun gehiago esan nahi du, establezimendu berriek enplegu-ekarpen handixeagoa egin baitute itxi diren establezimenduen galeren aldean. Euren jarduerekin jarraitzen duten establezimenduen artean ere enplegua hazi egin da eta 12.490 lagun gehiago dituzte. Emaitza orokor gisa, jarduera ekonomikoak 17.557 lanpostu sortu ditu.


Txandakatze handiena pertsona fisikoaren lege-formula pean sortzen diren enpresetan gertatzen da, sarreren ia %57,5 eta irteeren %69,4 eragiten baitute. Horien saldo orokorra, bai jarduera eteteagatik, bai beste forma juridiko batera eraldatzeagatik, 1.154 establezimendu jaitsi da, baina hala ere, 32 lanpostu irabazi dira.





Iturria: EUSTAT


Azken urteotako dinamismoarekin jarraituz, 2003. urtean, erantzukizun mugatuko baltzuak 2.644 establezimenduko saldo positibo orokorra eta 18.884 lanpostuko gehikuntza garbia izan du. Forma juridiko honek bere enplegua ia bikoiztu egin du 1998tik eta 190.833 lanpostura iritsi da 2003an. Horregatik guztiagatik, bere pisu espezifikoa handitu du, bai unitate-kopuruan eta baita enplegu-balioetan ere, gainerako forma juridikoen kaltetan. Bestalde, baltzu anonimoen establezimenduek 222 unitate galdu dituzte eta enpleguaren saldo garbian ere 3.482 lanpostu galdu dituzte, batez ere, jarraitzen duten establezimenduen enplegua murriztu egin delako.


Demografia jardueraren arabera aztertzean, bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak (sarrera guztien %27,8 eta irteera guztien %20,2) eta eraikuntza (sarreren %22,9 eta irteeren %19,9) jarduera-adarrak nabarmentzen dira, sektoreen guztizkoaren aldean duten euren pisuen oso gainetik dauden proportzioekin.


Enplegu garbiari dagokionez, sortze handiena eraikuntza adarrean gertatu da eta enplegu berri guztien %27,6 ekarri ditu. Egiten duen ekarpen hori nahiko handiagoa da sektore guztien aldean duen pisu espezifikoari (%9,6 inguru) dagokiona baino. Bigarren postuan, bankuak, aseguruak eta enpresa-zerbitzuak ditugu, %20,4ko ekarpen garbiarekin.


Establezimenduen tamainaren arabera, geruzarik dinamikoena 2 enplegu edo gutxiagokoa da, dudarik gabe. Berak bakarrik sarrera guztien %85,8 eta irteera guztien %87,3 hartu ditu. Gainera, establezimenduak geruza-aldaketagatik galdu dituen talde bakarra da, igotze ugari izaten baitira enplegu-maila altuagoetara. Enplegu-sortze orokorrari dagokionez, geruzarik dinamikoena 20-49 enplegukoa da eta enplegu berrien zatirik handiena ekartzen du, bai sarreren eta irteeren arteko diferentzia positiboagatik, eta bai jarraitzen duten establezimenduetan enplegua gehitzeagatik ere. Faktore biak batuta, geruza honek 5.110 enplegu berri ekarri ditu, guztizkoaren %29,1.





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 E-mail: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Federico Gutiérrez
Tlf:+34-945-01 75 43 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEn kokatutako enpresek 806.220 pertsonei eman diete lana 2003an, aurreko urtean baino %2,2 gehiago

Eragiketa : 
Jarduera ekonomikoen direktorioa
Eragiketa kodea : 
200163
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
01/01/2025
Eguneratze data : 
2004/03/05
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Gidazerrenda
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0002498_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali