HomeGaiakOsasun egoeraPrentsa Oharrak 2002an, 270.000 lagunetik...

2003/12/16ko prentsa-oharra

OSPITALE ALTEN ESTATISTIKA 2002. urtea




2002an, 270.000 lagunetik gora ospitaleratu ziren Euskal AEko ospitaleetan



Arnas aparatuko gaixotasunek eragindako ospitaleratzeak %13,4 gehitu ziren 2002an



2002an, 271.170 laguni eman zitzaien alta Euskal AEko akutuen ospitaleetan ospitaleratuta egon ondoren, Eustaten datuen arabera. Datu horrek, aurreko urtearekiko %2,1eko hazkundearekin, adierazten du 100 biztanleko 13 ospitaleratu zirela tratamendua jasotzeko. Ospitaleratutako pertsona guztien %76 ospitale publikoetan atenditu ziren eta %24 ospitale pribatuetan.


Euskal AEko akutuen ospitaleetan ospitaleratutako pazienteen batez besteko egonaldia 5,5 egunekoa izan zen 2002an, 0,1 egun laburragoa aurreko urtean baino. Datu horiek pazienteko batez besteko egonaldiak murrizteko joera baieztatzen dute. Guztira 1.480.483 izan ziren ospitaleetan emandako egonaldi-egunak, 2001ean baino %0,7 gutxiago.







Ospitaleratzeen ehunekorik handiena 65 urte eta gehiagoko taldeak izan zuen.


Alten %41 (110.434) 65 urte eta gehiagoko biztanleriak eragin zuen; hau da, biztanleria-talde horretako 100 biztanleko 29 ospitaleratuta egon da, doblea baino gehiago, batez besteko orokorraren aldean (100 biztanleko 13koa). Halaber, talde horren batez besteko egonaldia luzeena da eta 6,9 egunera iritsi zen, 65 urtetik beherakoen batez besteko egonaldiaren gainetik (4,5 egun).



Sexuka, ospitaleratutako gaixoen %51 emakumeak izan ziren.


Sexuka, alten %49 gizonezkoek eragin zituzten eta %51 emakumezkoek; baina, haurdunaldiek eta erditzeek eragindakoak alde batera utzita, gizonezkoen ehunekoa 2002an ospitaleratuen %53,6ra iritsi zen.



Zirkulazio-aparatuko gaixotasunek ospitaleratze gehien eragin zuten arren, arnas eritasunek eragindakoak gehitu ziren gehien 2001. urtearen aldean.


2002an, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitaleratze- eta egonaldi-kausa nagusiak eta ospitaleratze guztien %12,6 eragin zituzten. Patologiarik ohikoenak bihotzekoak izan ziren: bihotz-gelditzeak (%11,2), bihotz-erritmoaren alterazioak (%9,3) eta miokardioko infartu akutuak (%7); jarraian, barizeak (%11,4) eta enboliak eta garun-infartuak (%6,8).


Bigarren ospitaleratze-kausa digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren eta ospitaleratze guztien %11,5 eragin zuten; horien artean, ohikoenak iztai-etenak (%16,8), besikulako arazoak (%15,2) eta apendizitis akutuak (%7,4) izan ziren.


Hirugarren kausa nerbio-sistemari eta sentimenen organoei eragiten dieten gaixotasunen taldea izan zen (ospitaleratze guztien %10,3), eta horien artean aipatzeako izan ziren kataraten interbentzioak (talde horretako ospitaleratzeen %62,4).


2001. urtearekin alderatuta, arnasketa-gaixotasunek eragindako ospitaleratzeak nabarmen gehitu ziren (%13,4), eta bereziki, bronkitis kroniko kasuak, %19,5 gehitu baitziren. Horrek esan nahi du, arnasketa-arazoak ospitaleratze handiena eragiten duten gaixotasunen rankingean zazpigarren postutik laugarrenera pasa direla, tumore-gaixotasunen, osteomuskularren eta haurdunaldiko eta erditzeko arazoen aurretik. Ohikoenak diren gainerako gaixotasunen artean, tumoreek eragindako ospitaleratzeak %6,1 gehitu ziren, aurreko urtearen aldean.


Arreta emandako perfil patologikoek sexuaren araberako desberdintasunak agertu zituen, sexu biengan ospitaleratzeko arrazoi nagusia kataratak izan ziren arren; gizonezkoengan maizago eragin zuten iztai-eten, bronkitis kroniko, belauneko barne-arazoek (meniskoak) eta bihotzeko arazoek (bularreko angina eta infartuak); eta emakumeengan barize, artrosi eta besikula-arazoek.


Adin-taldeka, 14 urtetik beherako biztanlerian ospitaleratze gehien eragin zituen diagnostikoa amigdalitis kronikoa izan zen; 15 eta 44 urte artekoen taldean (haurdunaldiak eta erditzeak alde batera utzita) eta 45 eta 64 urte artekoenean, aldiz, belauneko barne-arazoek eragin zuten ospitaleratze gehien; 65 urtetik gorakoen artean kataratak nagusitu ziren.


Batez besteko egonaldi luzeena eragin zuten patologiak gaixotasun mentalak (14,3 egun) izan ziren; ondoren, jaiotza-inguruko gaixotasunak (13,3 egun) eta tumoreak (8,7 egun).



Gaixoen %60k prozedura kirurgikoren bat izan zuten.


Akutuen ospitaleetan 162.057 ebakuntza kirurgiko egin ziren. 2002an maizen egin diren prozedura kirurgikoak honakoak izan ziren: katarata-ebakuntzak (%10,8), erditzean laguntza edo indukzioprozedurak (%6,8) eta artikulazioetako ebakuntzak, eta horien artean, meniskoak eta mokorrak nabarmendu ziren.









Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Marta de la Torre
Tlf:+34-945-01 75 48 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2002an, 270.000 lagunetik gora ospitaleratu ziren Euskal AEko ospitaleetan

Eragiketa : 
Ospitaleetako erikortasun-estatistika
Eragiketa kodea : 
030580
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2003/12/16
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0002428_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali