2004/03/17ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK. BIZTANLERIA AKTIBOA 2001. URTEA



45 udalerri hurbildu ziren enplegu betera 2001. urtearen bukaeran



Enkarterriak izan zen langabezia-tasa gehien jaitsi zuen eskualdea 1996 eta 2001. urtearen bukaera bitartean


Eustatek argitaratutako 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuetako Biztanleria Aktiboaren ataleko emaitzen arabera, erreferentziako zentsu-urtean Euskal AEko 250 udalerrietatik 45ek %5en azpitiko langabezia-tasa izan zuten. Orokorrean udalerri txikiak diren arren, tartean udalerri ertainak ere badira, esate baterako Oñati eta Markina-Xemein, %5eko langabezia tasekin.


Joan den mendeko azken bost urteetan izandako susperraldi ekonomiko handiaren testuinguruan kokatzen dira emaitzok. Izan ere, 1991eko zentsuak Euskal AErako %19,2ko langabezia-tasa eman zuen, 1996an hazkundea izan zuen (%23,3 arte) eta 2001. urtearen bukaeran %11,6ra jaitsi zen.



Hala ere, biztanleriaren guztizkoaren %46 ordezten duten 50 udalerrik gainditu egin dute batez besteko langabezia-tasa. 10.000 biztanle edo gehiagoko udalerrietan, ezkerraldeko udalerriek langabetu-kopuru handia dute, asko murriztu duten arren: Sestao 1996ko %36tik 2001eko %19,3ra pasa da, Erandio %31,4tik %16,2ra, Santurtzi %31,6tik %16,2ra eta Barakaldo %29,8tik %14,8ra. Hiru hiriburuek ere erdira jaitsi dituzte euren langabezia-tasak, baina oraindik ere Bilbori eragiten dio gehien langabeziak: 1996ko %26,8tik 2001eko %14,8ra pasa da hiriburu hori, Donostia-San Sebastián %22,5etik %11,4ra, eta azkenik, Vitoria-Gasteiz da emaitzarik onenak dituena, %18,8tik %9,7ra pasa baita.


Susperraldia nabarmena izan da 1996 eta 2001 artean Gipuzkoako udalerri batzuetan: Elgoibar %19,4tik %5,6ra pasa da, Errenteria %29,7tik %11,8ra, Eibar %21,5etik %8ra, Ermua %25,2tik %10,6ra eta Lasarte-Oria %24,8tik %10era. Udalerri horietako batzuk Deba Behereakoak edo hurbilekoak dira eta eskualdea bera ere 1996ko %20,7ko langabezia-tasatik 2001. urtearen bukaerako %7,4ra pasa da.


Enkarterriak izan da langabezia-tasa gehien jaitsi duen eskualdea eta 1996ko %28,1etik 2001eko %12,5era pasa da.


Biztanleria landunaren bilakaera


1996-2001 zentsu arteko aldia definitzen duten bost urteetan, enplegua %25,1 hazi da eta 173.307 gehiago dira landunak. Lurraldez lurralde, Gipuzkoa eta Bizkaia %25 inguru hazi dira eta Araba %26.



Itxuraz, suspertze ekonomikoak estrategia desberdinak izan ditu lurralde bakoitzean. Bizkaian, zerbitzuen sektorera zuzendu da, antza, bere pisua ehuneko ia lau puntu gehitu eta hiru landunetik bi (%65,6) enplegatzera iritsi baita. Gipuzkoan sektore horren pisua gehitu da, baina ehuneko 2,1 puntu besterik ez eta %58,5 enplegatzen du. Azkenik, Araban aurreko bien artean kokatu eta ehuneko 3,3 puntu gehitu ditu sektoreak %58,1eko okupazioarekin, lurralde guztietan hirugarren sektorerik ahulena duen arren.

Bilbo Handia eta Donostia-San Sebastian eskualdeek gainditu egin dute Europako ekonomiaren batez besteko tertziarizazioa


Industrian jada lau bizkaitarretik bakarrak lan egiten du (%23,6) eta hiru arabar eta gipuzkoarretik batek baino zertxobait gutxiagok (%31,5ek kasu bietan).


Bizkaia bakarrik hurbiltzen da Europako batez besteko tertziarizaziora (biztanleria landunaren %68,4) ehuneko ia hiru puntuko aldearekin; Gipuzkoak eta Arabak ia hamar puntuko aldea dute eta Espainiak 5,6koa.


Bi eskualde dira Europako batez besteko tertziarizazioa gainditzen dutenak: Bilbo Handia (%69,4) eta Donostia-San Sebastián (%69,1).


Biztanleriaren gehiengoa industrian lanean duen eskualde bakarra Deba Garaia da (%54,2) eta jarraian, Goierri (%46,5), Deba Beherea (%46,2) eta Durangaldea (%43,8) daude. Gainerako eskualdeak %41aren azpitik daude.


Bost urtetan, enpresari-kopurua %10 hazi da, hau da, 12.425 enpresari gehiago


1996 eta 2001 artean, enpresarien zentsuak 12.425 lagun irabazi ditu. Hala ere, landunen guztizkoan duen pisua 1996ko %18tik 2001eko %15,8ra pasa da. 2001. urtearen bukaeran zeuden 136.416 enpresarietatik heren bat baino zertxobait gehiagok (%37k) langileak enplegatzen ditu.


Enpresarien gehikuntza hori gehienetan, hots, kasuen %57an emakume enpresari berriek eragin dute. Azpimarratzekoa da 1996 eta 2001 artean sortutako bost lanpostutik hiru (%60,8) emakumeek bete izana.


1996 eta 2001 artean lan-merkatuan sartu diren aldi baterako bost langiletik lau emakumezkoak dira


Zentsu arteko aldian soldatako langile finkoen guztizkoak izandako hazkundea sexuaren arabera orekatua den arren (65.284 gizonezko eta 64.468 emakumezko), ez da gauza bera gertatzen aldi baterako soldatakoen artean, izan ere, 45.496 gehiago dira aldi baterako langileak eta horien %83,5 emakumezkoak dira. Hazkunde nabarmen horrekin, 2001. urtearen bukaeran emakumezkoek gizonezkoen pisu berdina lortu zuten aldi baterako lanean eta 1996an, kolektibo hori osatzen zutenen %61 gizonezkoak ziren.


Itxura denez, okupazioaren piramidea ez da gehiegi aldatu 1996tik 2001. urtearen bukaera arte: bost langiletik batek baino gehiagok, hots, %21,2k, zuzendaritzako postuetan eta goi mailako unibertsitateko formazioa eskatzen duten lanpostuetan lan egiten du; laguntzako teknikariak, 1996ko %16,6tik %13ra jaitsi dira eta enplegatu administrarien taldeak (%6,1etik %9,6ra) eta merkatari, saltzaile eta zerbitzarienak (%12,7tik %14,6ra) igo egin dira.


Nekazarien eta arrantzaleen kolektiboak %8ko galera izan du eta guztira 12.094 lagun gelditu dira. Langile kualifikatuen taldeko gainerako lanbideek (2001ean %18,1), makinetako operadoreek (%13,1) eta kualifikaziorik gabeko langileek (%8,9) apenas aldatu dute euren pisua zentsu arteko bost urteko aldian.


Goi mailako lanbideetan eta zuzendaritzako lanpostuetan gizonezkoen eta emakumezkoen artean dagoen distantzia 16 puntutik 10era laburtu da bost urtean


1996 eta 2001 artean 28.877 zuzendari, kudeatzaile eta goi mailako profesional berri sortu dira eta horietatik %61 emakumezkoak dira. 1996ko %42tik 2001eko %45era pasa dira kolektiboaren guztizkoan. Baina emakumezkoek gehienbat administrari (%58), merkatari eta zerbitzari (%68) eta kualifikaziorik gabeko lanak betetzen dituzte (%57,4).


16 urte eta gehiagoko ikasle-kopurua %16,4 jaitsi da 1996 eta 2001 artean eta 33.905 gutxiago dira. Jubilatu eta pentsiodunak, aldiz, 48.443 gehiago dira (%14,7), bi kasuetan biztanleria-piramidearen zahartzeak eraginda.





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Izaskun Atxa
Tlf:+34-945-01 75 03 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

45 udalerri hurbildu ziren enplegu betera 2001. urtearen bukaeran

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak
Eragiketa kodea : 
010152
Periodikotasuna : 
Hamar urtekoa
Denbora arloa : 
01/01/2021
Eguneratze data : 
2004/03/17
Hurrengo eguneratzea : 
2026/02/00
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0002504_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali