2005/04/18ko prentsa-oharra

EUSKAL ENPRESEN EGITURA ETA DEMOGRAFIA, 2004. urtea



Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan lan egiten duen pertsona kopurua %1,7 hazi zen 2004. urtean



Zerbitzuen sektorea izan zen joera onena izan zuena eta %60 baino gehiago enplegatu zuena


EUSTATek egin duen Jarduera Ekonomikoen Direktoriaren azken eguneratzean jasotakoaren arabera, 2004. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten zuten enpresek -lehen sektorekoak izan ezik- 175.412 establezimendutan (fabriketan, dendetan, bulegoetan...) burutu zuten euren jarduera eta 820.043 pertsonari eman zien lana, hau da, aurreko urtean baino %1,7 gehiagori. 1999. urteaz gero 98.956 pertsona gehiago egon zen lanean Euskal Autonomia Erkidegoan, %2,6ko batez besteko urteko tasa pilatuarekin.


2003. urtearekin erkatuta, gainera, establezimendu kopurua %2,0 gehitu zen; gehikuntza hori Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuetan, Eraikuntzan eta Beste zerbitzu-jarduera batzuetan eman zen batez ere. Gainerako sektoreetako kopurua berdin mantendu zen.

Jarduera-adar guztiek gehitu zuten enplegu kopurua, industria eta energiaren adarrak izan ezik hauetan 900 enplegu galdu baitziren. Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuetan eman zen hazkunde-tasa handiena, %4,6ko igoerarekin. Eraikuntza bigarren postuan gelditu zen; sektore honek hazkunde nabarmena izan zuen (%3,2koa) baina azken urteetan hazkundearen erritmoa moteldu zuen.




Lurraldeka, Araban sortutako enplegu kopuruak EAEko batez bestekoa gainditu zuen, %2,5eko tasara iritsiz; bestalde, Bizkaiak eta Gipuzkoak %1,8ko eta %1,2ko tasak izan zituzten hurrenez hurren. Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuen sektoreak izan zuen enpleguaren hazkunderik handiena hiru lurralde historikoetan; horien artean Araba nabarmendu zen %10,0eko tasarekin. Bizkaian Ostalaritzako hazkunde-tasa nabarmendu zen %3,3ko hazkundearekin; Gipuzkoan, ordea, Merkataritza eta konponketa sektoreak (%2,4) eta Garraio eta komunikazioen sektoreak (%3,0) EAEko batez bestekoa gainditu zuten.


Direktorioan jasotzen diren langileen %63,1 zerbitzuen sektorekoa zen, %27,1 industriakoa eta %9,7 eraikuntzakoa. Industrian egitura aldetik lan gehien eman zuen lurraldea Araba izan zen, %34,0arekin, gero Gipuzkoa (%31,6) eta azkenik Bizkaia (%21,9). Hain zuzen, azken lurralde honek izan zuen zerbitzuen sektoreko (%67,4) eta eraikuntzako (%10,7) langile gehien.


Langile gehien izan zuen zerbitzuetako adarra Zerbitzuetako beste jarduera batzuk izenekoa izan zen; adar honek langileen %21,8 zuen, hau da, 179.037 langile. Adar horren atzetik beste hauek izan ziren: Merkataritza eta konponketa, 127.478 langilerekin (%15,5); eta Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuak, 121.700 langilerekin (%14,8).


Aurreko urteetan bezala, tamainaren araberako enpleguaren egiturak ez zuen aldaketarik izan. 2.161 establezimenduk (guztirakoaren %1,2ak) 50 langile edo gehiago izan zuten; beraz, guztira, 310.427 enplegu izan zituzten (guztirakoaren %37,9). Aitzitik, 130.302 establezimendutan (ia lautik hirutan) ez zen 3 lanpostu ere izan; hauek enplegu guztiaren %19,0 bakarrik izan zuten.



ENPRESAK


Euskal Autonomia Erkidegoan jardun zuten industriako eta zerbitzuetako enpresen kopurua %2,0 hazi zen 2004. urtean; izan ere, 158.709 enpresa aktibo izan ziren. Enpresen %98,0ak Euskal Autonomia Erkidegoan du egoitza, eta 3.202 enpresak Estatuko gainerako lurraldeetan; hain zuzen, azken hauek 87.127 langile zituzten, guztirakoaren %10,6.


Enpresen batez besteko tamaina egonkor mantendu zen: 5,2 langile enpresa bakoitzeko eta 4,7 langile establezimendu bakoitzeko. Hala ere, azterketa nortasun juridikoaren arabera eginez gero ezberdintasun nabarmenak ikusten dira. Pertsona fisikoa titular den kasuetan enpleguen 1,4 baino ez zen eman, bai enpresa bakoitzeko eta bai establezimendu bakoitzeko ere –talde honetan establezimendu eta enpresa kopurua ia bera da-; baina gainerako forma juridikoetan 11,2 eta 9,1 langile zegoen enpresa bakoitzean, hurrenez hurren.



ENPRESEN DEMOGRAFIA


Hasi berri ziren eta euren jarduera burutu zuten establezimenduen saldo garbia 3.424koa izan zen, hau da, 2003. urtekoa bi aldiz baino gehiago. Enplegua sortzeari dagokionez, 6.177 langile gehiago izan zen, itxi behar izan zuten establezimenduen aurrean berriek enplegu gehiago eman baitzuten. Jardunean jarraitu zuten establezimenduen artean ere 7.646 langilerentzako enplegu gehiago izan zen. Azken finean, guztira, jarduera ekonomikoak 13.823 lanpostu berri sortu zituen.


Txandakatze handiena Pertsona fisikoa izeneko formula juridikoarekin sortutako establezimenduetan eman zen, hauetan eman baitziren alten %58,6 eta baxen %67,3. Talde horretako saldo osoa 708 establezimendurekin eta 1.596 enplegurekin gehitu zen irekiera berrien ondorioz; hauek, izan ere, lagapenen ziozko galerak eta beste forma juridiko batzuetarako eraldaketak gainditu zituzten.




Azken urteetako dinamismoarekin jarraituz, Sozietate Mugatuak 2.513 establezimenduko saldo positibo osoa eta 12.495 lanpostuko gehikuntza garbia eman zuen 2004. urtean. Bada, urte horretan 203.328 lanpostu lortu ziren, guztirakoaren %24,8. Sozietate Anonimoak diren establezimenduei dagokienez, 285 gutxiago izan ziren eta euren enplegurako saldo garbia ere 1.921 lanpostutan murriztu zen, batez ere itxi ziren establezimenduen eta ireki berri ziren establezimenduen arteko enplegu ezberdintasuna zela medio.


Demografia jardueraren arabera aztertuz gero, honako adar hauek nabarmendu ziren: Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuak, alta guztien %29,5arekin eta baja guztien %21,8arekin; eta Eraikuntza, alten %23,4arekin eta bajen %22,3arekin. Bi adar horietako ehunekoak sektore guztietan zuten pisuarekiko oso altu zeuden.


Enpleguari dagokionez, ekarpenik handiena Banku, aseguru eta enpresa-zerbitzuak izeneko adarrak egin zuen, enplegu berri guztiaren %38,5eko ekarpenarekin. Halaber, ekarpen hori ere sektore guztietan zuen pisu zehatzagatik dagokionarekiko nahiko altua zen (%14,8). Bigarren ekarpen handiena Zerbitzuetako beste jarduera batzuk izeneko sektorearena izan zen, %21,7ko ekarpen garbiarekin; Eraikuntza sektorea, aldiz, hirugarren postuan gelditu zen %18,0ko ekarpenarekin.


Establezimenduen tamainaren arabera, estratu dinamikoena, zalantzarik gabe, 2 enplegu edo gutxiagokoa izan zen. Beraz, horrek erregistratu zuen alta guztien %85,4 eta baja guztien %85,3. Gainera, estratua aldatzeagatik establezimenduak galdu zituen talde bakarra izan zen, enpleguaren goi mailetarako igoerak izan zirelako. Enplegu osoa sortzeari dagokionez, estratu dinamikoena 3-5 arteko enpleguena izan zen; estratu horrek enplegu berri gehiena eman zuen, batez ere jardunean jarraitu zuten establezimenduetan enplegu gehiago sortu zelako. Alten eta bajen arteko kendura positiboa gehituz gero, estratu horrek 4.035 enplegu berri (guztirakoaren %29,2) eman zituela ikus daiteke.





Informazio gehiago:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Federico Gutiérrez
Tlf:+34-945-01 75 43 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan lan egiten duen pertsona kopurua %1,7 hazi zen 2004. urtean

Eragiketa : 
Jarduera ekonomikoen direktorioa
Eragiketa kodea : 
200163
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
01/01/2025
Eguneratze data : 
2005/04/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Gidazerrenda
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0003023_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali