2005/07/28ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN PROIEKZIOETAKO ESTATISTIKA 2015



Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak gora egingo du 2015. urtera arte



Emankortasuna suspertu izana eta, batez ere, migrazio-saldo positiboa dira biztanleria igotzeko eragile nagusiak


Euskal Autonomia Erkidegoak 2.194,9 mila biztanle izango ditu 2015. urtean; eta horietatik 1.070,6 mila (%48,7) gizonezkoak eta 1.124,3 mila (%51,3) emakumeak izango dira. Hala, bada, urte horretan ia 116.000 pertsona gehiago egongo da 2000. urtean baino. Hamabost urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak gora egingo du, etengabe baina poliki, eta urteko batez besteko hazkuntza-tasa +%0,36 izango da.




Lurraldeen arabera, Arabak 48.000 biztanle gehiago izango ditu; eta, beraz, batetik, lurralde horrexetan bilduko da Euskal Autonomia Erkidegoko hazkunde absolutuaren zatirik handiena (guztizkoaren %41,4), eta, bestetik, lurralde horrek izango du urteko batez besteko hazkuntza-tasarik altuena (+%1,04). Beste alde batetik, Bizkaiak 40.000 biztanle gehiago izango ditu 2015. urtean, eta hazkuntza-erritmoa +%0,23 izango da. Gipuzkoa izango da hazkunde absoluturik txikiena izango duen EAEko lurraldea, 28.000 biztanle gehiago izango baititu, hau da, denboraldi osoko hazkunde osoaren %24,1.




Hala saldo begetatiboaren (jaiotzak ken heriotzak) nola migrazio-saldoaren (inmigrazioak ken emigrazioak) ondorioz, guztizko saldoa positiboa da eta, beraz, biztanleria goraka ari da. Proiektatutako aldian, batetik, 24.700 pertsona gehiago egongo da saldo begetatiboa dela-eta, eta, bestetik, ia 91.000 pertsona gehiago egongo da migrazio-saldoaren ondorioz.


Biztanleriak zahartzen jarraituko du


Hogei urtetik beherako biztanleak EAEko guztizko biztanleriaren %17,4 ziren 2000. urtean, eta 2015. urtean, berriz, %18,6 izango dira; hala, beraz, 47.700 gazte gehiago egongo dira. Datu hori kontraesanean dago biztanleriaren sektore horretan etengabe jaisteko izan den joerarekin.


Alabaina, bilakaera hori ez da nahikoa izango 65 urteko edo gehiagoko biztanleen artean izango den hazkunde nabarmenari aurre egiteko: 101.000 pertsona gehiago egongo dira, eta, beraz, sektore horrek pisu gehiago izango du guztizko biztanlerian, 2000. urteko %17,6tik 2015. urteko %21,3ra igoko baita. Dena dela, igoerarik handiena 85 urteko edo gehiagoko pertsonen proportzioan izango da, 2000. urtean guztizko biztanleriaren %9,9 baitziren, eta 2015. urtean, ordea, %16,4 izango baitira; izan ere, oso zaharra den biztanleriaren sektorearen hazkunde-erritmoa biziagoa izango da (+%5,14 urtean) biztanleria zaharren hazkundea baino (+%1,64 urtean). Erritmo biziago hori dela-eta, hazkunde absolutua 40.000 lagunekoa baino gehiagokoa izango da 85 urteko edo urte gehiagoko pertsonen artean; hau da, hamabost urtetan, 36.100 lagun izatetik 76.600 lagun izatera igaroko da, eta horrek esan nahi du kopurua bikoiztu baino gehiago egingo dela epe labur samarrean.


Bestetik, biztanle “helduak”, 20 eta 64 urte artekoak, alegia, 33.100 pertsona gutxiago izango dira 2000-2015 aldian; eta, hortaz, ehunekoetan, sektore horrek ia 5 puntu galduko ditu 2000. urtetik 2015. urtera (%65etik %60,1era jaitsiko da).


“Jardunekoak izan daitezkeen” pertsonen kopuruak behera egin du eta horrek ondorio nabarmenak izango ditu, aintzat hartzen badugu, batetik, zaharren kopurua haziko dela, eta, bestetik, gazteen kopuruak ere gora egingo duela; hala, beraz, jardunean ez dauden biztanleak zama handiagoa izango dira jardunekoak direnentzat. Izan ere, 1995. urtea baino lehen jaiotako belaunaldiak, hau da, EAEko biztanleriako belaunaldirik urrienak, jardunekoak izan daitezkeen biztanleen sektorean sartuko dira. Urte hori igaro ondoren jaiotako belaunaldiek gora egingo dute Guda Zibilaren ondoren jaiotako belaunaldi ugariak erretiroa hartzeko adinera iristen direnean, eta, hartara, zahartze demografikoa nabariagoa izango da.




Emankortasuna suspertuko da, jaiotza-kopuruak gora egingo baitu


Belaunaldien ordezkapena bermatzeko asko falta den arren, emankortasuna modu nabarmenean suspertuko da, 2000. urtean zegoen maila %50 igoko baita, eta, hala, 2015. urtean emakume bakoitzak 1,5 haur izango ditu batez beste. Emankortasuna hobetuko da, adin guztietan hobetu ere, baina gehienbat 30 urteko edo gehiagoko emakumeengan, 2015. urtean horiena izango baita jaiotzen %73, emankortasunaren aldetik tasarik txikienetakoa izan zen 1995. urteko %64 ehunekotik urruti. Hala, bada, amatasunaren batez besteko adina 31,3 urtetik 32,5 urtera igoko da hogei urte hauetan.


Jaiotza-kopuruak gora egingo du 2010. urtera arte, emankortasun-tasa handiagoa izango delako; baina urte horretatik aurrera eta 2015. urtera arte, kopuruak behera egingo du. Izan ere, emankortasun-tasak bere horretan jarraitu arren, adin emankorrean dauden emakumeen kopurua txikiagoa izango da.



Bizi-itxaropenak gora egiten jarraituko du.


2000. eta 2015. urteen artean, heriotza-tasak behera egingo du adin-talde guztietan, baina jaitsiera hori nabarmenagoa izango da 6 eta 15 urteen eta 31 eta 40 artean, batez ere emakumeengan. Bestalde, urtea bete aurretik izaten den heriotza-tasak %54 egingo du behera emakumeei dagokienez, baina %13 baizik ez da jaitsiko gizonen artean. 2015. urtean, haurren heriotza-tasa 6 aldiz txikiagoa izango da emakumeen artean, 40 urte lehenago, alegia, 1975. urtean, zegoena baino; eta gizonen artean, aldiz, heriotza-tasa hori 5 aldiz txikiagoa izango da.


2015. urtean, jaiotzeko bizi-itxaropena 80,2 urtekoa izango da gizonentzat eta 86,9 urtekoa emakumeentzat; 2000. urtean, berriz, 76,4 eta 83,7 urtekoa zen, hurrenez hurren. Hala, bada, urte horietan, gizonezkoen gehiegizko heriotza-tasak behera egingo du, aurreko mendearen azken bost urteetan sumatu zen joerari eutsiz. Emakumeen eta gizonen artean jaiotzeko bizi-itxaropenaren arloan dagoen aldeak behera egingo du hemen kontuan hartutako proiekzioko aldian, hau da 2015. urtean, eta, hala, 2000. urteko 7,3 urtekoa izatetik 6,7 urtekoa izatera jaitsiko da.



Biztanleriaren hazkunderako eragile nagusia migrazio-saldoa izango da


Migrazioek garrantzi handia izango dute biztanleriaren hazkunderako 2000-2015 denboraldian, saldu naturalak baino askoz gehiago: izan ere, ehunekoak %78,6 eta %21,4 izango dira, hurrenez hurren. Hala, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko migrazio-saldoa 2.600 lagunekoa izan zen 2000. urtean, eta 9.400 lagunekoa izango da, aldiz, 2015.ean. Hala izango da, 2005. urtetik aurrera inmigranteak gero eta gutxiago izango diren arren; izan ere, 2007. urtetik aurrera emigranteen kopuruak ere behera egingo du, eta, era horretan, proiektatutako azken urteko migrazio-saldoa denboraldi osoko saldorik altuena izango da.


Atzerritik etorritako inmigrazioak mende honen hasierako urteak heldu arte goraka izan duen bilakaera eten ondoren, beheraka egingo du poliki-poliki, eta, horrenbestez, 2015. urtean 3.000 lagunekoa izango da. Alabaina, Espainiako beste lurralde batzuetatik iritsitako inmigrazioak gora egin du pixkanaka, eta, igoera hori, hein batean, erregularra izan da, 2001. urtean 22.500 lagunekoa izan baita.


Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora irtendako emigrazioan, bestalde, gorabeherak izango dira: 2000. urtean 17.500 emigrante izan ziren, eta 2015. urtean 16.100, baina 2007. urtean 24.300 kopurura iritsiko gara (eta hori izango da gehieneko muga).


Historikoki, Arabak migrazio-saldo positiboak izan ditu beti; baina beste bi lurraldeetako saldo negatiboak hain altuak ziren, non, saldo begetatiboa positiboa izan arren, saldo negatiboen ondorioz, biztanleriaren guztizko kopuruak behera egiten baitzuen. Egoera hori bat-batean aldatu zen 2001. urtean, urte horretan inmigrazioak era nabarmenean egin baitzuen gora eta, hala, saldo positiboak izan zituen hala Bizkaian nola Gipuzkoan. Saldoa altuagoa edo txikiagoa izan arren, egoera horri eutsiko zaio 2015. urtera arte. Areago, proiekzioaren lehen denboraldian, 2001etik 2005era bitartean, alegia, Bizkaiko migrazio-saldoa Arabakoa baino handiagoa izango da, baina urte horretatik aurrera Arabako migrazio-saldoa izango da beste lurraldeetakoa baino handiagoa.



Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko migrazioak zertxobait gutxituko dira, baina ez hainbeste mugikortasuna mugatzearen ondorioz, biztanleriaren egituraren ondorioz baizik. Alabaina, urtero kopurua txikia izan arren, lurraldeen arteko migrazio-saldoa desberdina da lurralde historiko batetik bestera. Hala, proiektatutako denboraldian, Arabak 4.500 pertsona gehiago izango ditu; Bizkaiak, aldiz, 3.800 lagun galduko ditu eta Gipuzkoak 700.





Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01011 Vitoria-Gasteiz.
Tl.:+34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01 E-mail: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tlf:+34-945-01 75 49 Fax:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak gora egingo du 2015. urtera arte

Eragiketa : 
Demografia-proiekzioak
Eragiketa kodea : 
010301
Periodikotasuna : 
Bi urtekoa
Denbora arloa : 
2022-2036
Eguneratze data : 
2005/07/28
Hurrengo eguneratzea : 
2026/04/00
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0003123_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali