2006/03/17ko prentsa-oharra

HERRI ADMINISTRAZIOEN KONTUAK, 2003. URTEA



2003. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen superabita BPGaren %2,9 izan zen



Estatuko administrazioak 1.565 milioi euroko superabita izan zuen; euskal administrazioek, aldiz, 147 milioiko defizita


Euskal Autonomia Erkidegoan dauden herri administrazioek (euskal administrazioak eta EAEn kokatuta dauden Estatuko administrazioa eta Gizarte Segurantza) BPGaren %2,9ko aurrekontuko superabita izan zuten 2003. urtean, EUSTATen datuen arabera. Alabaina, 2000tik 2003rako aldian ratio hori murrizten joan zen: 2000. urtean %5,7koa izan zen eta 2003an %2,9koa.


Datu horiek Estatukoekin eta Europar Batasunekoekin alderatuz gero ibilbide ezberdinak ematen direla ikusiko da. Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek, oro har, aldi guzti horretan superabita izan zuten baina beheranzko joerarekin. Estatu osoko herri administrazioak, ordea, 2003. urtean lortu zuten zero defizitera hurbiltzen joan ziren pixkanaka. 25 kideko Europak, alabaina, aurrekoaren alderantzizko ibilbidea izan zuen, urtez urte zero defizitetik urruntzen joan zelako eta 2003. urtean BPGaren %3,0ko defizita izan zuelako.



EAEn kokatuta dauden Estatuko administrazioak eta Gizarte Segurantzak 2003. urtean superabita izan zuten; euskal administrazioek, aldiz, defizita izan zuten


Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetako erakunde guztien finantzatzeko ahalmenak funtsean ezberdinak izan ziren 2003. urtean. EAEn kokatuta dagoen Estatuko administrazioak 1.110 milioi euroko superabita izan zuen finantzazkoak ez diren erabileren gaineko finantzazkoak ez diren baliabideetan, eta baliabide gehienak Euskadik Estatuari ordaindutako Kupokoak izan ziren. EAEn kokatuta dagoen Gizarte Segurantzak ere izan zuen superabita, 455 milioikoa alegia. Hots, 2003. urtean, Estatuaren eskumenekoak diren bi herri administrazioek batera eta finantzatzeko ahalmenari dagokionez 1.565 milioi euroko superabita izan zuten Euskal Autonomia Erkidegoan; kopuru hori bere BPGaren %3,2 izan zen.






Aitzitik, euskal administrazioek 147 milioi euroko defizita izan zuten finantzazkoak ez diren baliabideen eta gastuen artean; kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGaren %0,3 izan zen. Finantzatzeko beharrizana honelaxe banatzen da: Eusko Jaurlaritzak 54 milioiko defizita izan zuen, Arabako foru eta udal administrazioek 37 milioikoa eta Bizkaikoek 73 milioikoa; aitzitik Gipuzkoako foru eta udal administrazioek 18 milioi euroko superabita izan zuen 2003. urtean.


2000-2003 aldian Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek oro har %14,0 gehitu zituzten finantza-baliabideak, eta erabilerak (gastuak) %24,0; ondorioz, administrazio horien finantzatzeko ahalmena 2.404 milioi eurotik (2000. urtean) 1.418 milioira (2003. urtean) murriztu zen.


Euskal administrazioen finantzazkoak ez diren baliabideak hiru urtetan %13,1 gehitu ziren; erabilerak (gastuak), ordea, %23,5 gehitu ziren. 2000. urteko finantzatzeko ahalmena 721 milioi eurokoa izan zen eta 2003. urtean horren ordez 147 milioi euroko defizita izan zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazio guztien aurrezki garbia %18,8 murriztu da aipatu aldian: 2000.urtean 3.793 milioi eurokoa izan zen eta 2003. urtean 3.078 milioikoa. Hala ere, murrizketa handiena 2001. urtean eman zen (%-21); 2002 eta 2003. urteetan murrizketa hori moteldu egin zen: 2002. urtean %1eko murrizketa eman zen eta 2003an %7koa.


Euskal administrazioen eta Estatuko eskumenekoa den herri administrazioaren arteko aldeak, orduan, ugariak dira berriz. Euskal administrazioen aurrezki garbia aldi horretan %28,3 murriztu zen; Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Estatuaren eskumeneko herri administrazioaren aurrezki garbia soilik murriztu zen %9,6.





2003. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-eskari publikoa barne-eskari osoaren %17,9 izan zen, hau da, 2000. urtean baino zortzi hamarren handiagoa; hori gorabehera, 2001. urtetik aurrera aldaketarik gabe mantendu zen.


2003. urtean, herri administrazioen azken kontsumoko gastua Euskal Autonomia Erkidegoko azken kontsumoko gastu osoaren %20,5era gehitu zen, hau da, 2000. urtean baino puntu bat eta hiru hamarren gehiago. Aldi osoa aintzat hartua gehikuntzarik garrantzitsuena 2001. urtean eman zen (portzentaje-puntu bat); hurrengo urteetan, aitzitik, gehikuntza hori moteltzen joan zen.


Herri administrazioek Euskal Autonomia Erkidegoan egin zituzten inbertsioak aldi horretan zehar gutxitzen joan ziren. Aztertu den aldi horretako lehenengo hiru ekitaldietan zehar, herri administrazioek Euskal Autonomia erkidegoko ekonomiaren kapital-eraketa gordinean izan zuen partaidetzaren ehunekoak ia ez zuen aldaketarik izan, baina 2003. urtean ehuneko hori puntu erdi murriztu zen.


Oharra: informazio gehiago nahiz izanez gero, ikusi ohar metodologikoa.


Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Clara Ramos Hernández
Tel:+34-945-01 75 97 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2003. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen superabita BPGaren %2,9 izan zen

Eragiketa : 
Administrazio publikoen kontuak
Eragiketa kodea : 
173001
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2010-2023
Eguneratze data : 
2006/03/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0003516_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali