2006/12/05eko prentsa-oharra

IKERKETA ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOKO (I+G) JARDUEREN GAINEKO ESTATISTIKA, 2005



Euskal AEko I+Gko gastua %7,1 handitu da 2005ean


Gastu hori BPGaren %1,43 da, eta Espainiako batez bestekoaren gainetik baina Europar Batasuna-25ekoaren azpitik kokatu da.


2005. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 823 milioi euro inbertitu ziren ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko (I+G) jardueretan, aurreko urtean baino %7,1 gehiago, Eustatek landu dituen datuen arabera. Uneko eurotan, Euskal AEn ikerketako eta garapeneko lanetan egin zen barneko gastua 500 milioi euro handiagoa izan da 1995az geroztik.


Exekuzio-sektoreka, 2005ean I+Gko gastuak batez bestekoa (%7,1) gainditu zuen, enpresetan %7,5ekin eta erakunde publikoetan %11,7rekin. Aldiz, unibertsitatean %4,3 igo zen.


1. grafikoa: I+Gko barne-gastua. Euskal AE



Iturria: EUSTAT


2005eko I+Gko barne-gastuak BPGaren %1,43 hartzen du, eta, beraz, estatuko batez bestekoaren gainetik dago (2005. urtean %1,12), baina Europar Batasuna-25eko batez bestekoaren azpitik (2004an %1,86). Euskal AEko hazkunde nominal handiak direla-eta, ehuneko hori egonkortuta dago azken urteetan.

Egiaztatu da erlazio positiboa dagoela biztanleko BPGaren eta I+Gra bideratutako BPGaren ehunekoen artean. Herrialde aberatsenek egiten dute I+Gko inbertsiorik handiena, hau da, euren BPGaren %2,5 gainditzen dutenak: Suediak, Finlandiak, Japoniak, Islandiak, Suitzak, Estatu Batuek eta Alemania. Bitarteko ahalegina egiten dutenen artean, hots, BPGaren %1,5en eta %2,5en artekoa egiten dutenen artean, Danimarka, Austria, Frantzia, Belgika, Erresuma Batua, Holanda, Luxenburgo eta Norvegia daude. I+Gko inbertsio baxuenak, azkenik, Irlandan (%1,20), Italian (%1,11), Espainian (%1,12), Hungarian (%0,89), Portugalen (%0,74) eta Polonian (%0,56) izaten dira.


2. grafikoa: I+Gko barne-gastua, BPGaren aldean (%).



Iturria: Euskal AE: EUSTAT. Espainia-Europar Batasuna: INE eta EUROSTAT


Euskal AEn egindako I+Gko gastuaren %79,4 enpresa-sektorean gauzatu da


Exekuzio-sektoreei dagokienez, enpresek I+Gko gastuaren %79,4 kontsumitu zuten; %17,2 unibertsitate-ikerketara bideratu zen, eta gainerako %3,4 administrazioaren mendeko zenbait organismo publikok gauzatu zuten. Arlo horretan ere alde handia dago estatuko emaitzen aldean: 2004. urtean, enpresek I+Gko gastuaren %54 besterik ez zuten egikaritu, goi-mailako irakaskuntzak %30 eta herri-administrazioak gainerako %16.


Gastu handiena burutzen duen eta langile-kopuru handiena erabiltzen duen zientzia-diziplina ingeniaritza eta teknologia da, diziplina horretara bideratzen baitira baliabideen %75 eta han lan egiten baitute I+Gn diharduten langileen %72k.


Industria-enpresen harira, aipatzekoak dira garrantzi handieneko produktu ikertu gisa, makineria eta tresneria mekanikoa, aireontzi eta espazio-ontzien eraikuntza eta metalezko manufakturak. Sektore horien artean, enpresek I+Grako bideratzen dituzten gastu arrunt guztien %24 kontsumitu zuten.


Zerbitzu-enpresen aldetik, telekomunikazioak, softwarea eta I+Gko zerbitzuak dira baliabide gehieneko produktuen sektoreak, eta guztien artean I+Gra bideratutako gastu arrunten %19ra iritsi ziren.


Finantzaketaren ikuspegitik, finantzaketa pribatuak, enpresen bidez 526 milioi euro bideratu zituen ikerketara, guztizkoaren %64, iazko ekarpena mantenduz; finantzaketa publikoa, aldiz, %32ra iritsi zen, eta funtsen %4 atzerrian atzeman ziren. Euskal AE finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean kokatzen da oraindik ere, Estatu Batuen, Suediaren eta Alemaniaren mailan.


I+Gko langileen %31,7 emakumezkoak dira


Euskal AEn dedikazio osoko baliokidetzan I+Gn lanean aritu ziren langileak 12.506 izan ziren, 2004an baino %5 gehiago. Horietatik %63, hau da, 7.820 ikertzaileak ziren. Euskal AEko I+Gk biztanleria landunaren milako 13,1 hartu zuen (Estatuan milako 9) eta ikertzaileak aldiz, milako 8,2 izan ziren (Estatuan milako 5,6).


I+Gko jardueretan emakumeek izan zuten parte-hartzearen ehunekorik handienak herri-administrazioetan eta goi-mailako irakaskuntzan eman ziren, %49,7 eta %44,8 izan baitziren, hurrenez hurren. Enpresetan berriz, %26,8 izan ziren emakumeak.


1. taula: I+Gko adierazleak



(*) Europar Batasunaren finantzaketa-datuak 2003. urtekoak dira

(**) DOB: Dedikazio osoko ekibalentzia

Iturria: Euskal AE: EUSTAT. Espainia: INE- Europar Batasuna: EUROSTAT


Ohar metodologikoa: Prentsa-ohar honetan erabili diren Euskal AEko, Espainiako eta Europar Batasuneko BPGaren datuak EUSTATek, INEk eta EUROSTATek 2005ean egindako azkeneko metodologia-berrikuspenean estimatutakoak dira.


Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte Barcina
Tel.:+34-945-01 75 47 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko I+Gko gastua %7,1 handitu da 2005ean

Eragiketa : 
Ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko jarduerei buruzko estatistika-I+G
Eragiketa kodea : 
043201
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2006/12/05
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0004090_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali