HomeGaiakOsasun egoeraPrentsa Oharrak Arnas gaixotasunengatiko...

2005/12/19ko prentsa-oharra

OSPITALEETAKO ERIKORTASUNAREN ESTATISTIKA, 2005



Arnas gaixotasunengatiko ospitaleratzeak %11,4 hazi ziren 2005ean



Ospitaleratzeko arrazoi nagusi diren zirkulazio-sistemako gaixotasunak %2,2 jaitsi ziren akutuen ospitaleetan


Eustaten datuen arabera, 2005. urtean arnas aparatuko gaixotasunengatik ospitaleratzeak %11,4 igo ziren Euskal AEn, akutuentzako ospitaleetan. Horrenbestez, ospitaleratzeko arrazoien artean, arnas gaixotasunak laugarren daude (seigarren 2004an). Horien artean, alde batetik bronkitis kronikoa eta pneumonia nabarmentzen dira gaixotasun ugarienen artean, eta, bestetik, 2004. urtearen aldean, gripeagatiko ospitaleratzeak laukoiztu egin ziren.


2005. urtean, 280.441 ospitaleko alta egon ziren: 222.398 pertsona ospitaleratuta egon ziren edo tratamendua jaso zuten akutuentzako ospitaleetako eguneko unitateren batean. Alten ehunekoa aurreko urtean baino %1,3 handiagoa izan zen. Batez beste ospitalean egondako denbora 5,5 egun izan ziren (5,4 egun 2004an).


2005ean mediku-alta jaso zutenen %76, ospitale publikotan egon ziren, eta %24 ospitale pribatutan. Sexuaren arabera, pertsonen %51 emakumezkoak izan ziren, eta %49 gizonezkoak. Hori bai, haurdunaldiak eta erditzeak sartzen ez badira, gizonezkoen ehunekoa %53,4ra igotzen da. Ospitaleratzen diren gizonezkoen artean gehienbat 73 urtekoak daude. Aitzitik, emakumezkoen artean 78koak (haurdunaldia eta erditzea kontuan hartu gabe).


1. grafikoa.- Akutuen ospitaleetan alta emandako pazienteak, sarrien ematen diren diagnostiko-taldearen arabera, 2004-2005



Iturria: EUSTAT


Ospitaleratzeko arrazoi nagusi izaten jarraitzen duten zirkulazio-sistemako gaixotasunak alta guztien %12,6 izan dira 2005ean (2004an %13,1). Beraz, %2,2 jaitsi dira 2004. urtearen aldean. Talde horretan gehien diagnostikatutako gaixotasunak honako hauek izan ziren: gutxiegitasun kardiakoa, aterosklerosi koronarioa, zain barizedunak eta arritmiak.


Ospitaleratzeko bigarren arrazoia digestio-aparatuko gaixotasunak izan dira, alta guztien %11,5ekin. Gaixotasun arruntenak hauek izan dira: izterrondoko etena (%15,6), behazun-harriak (%15,3) eta apendizitis akutua (%7,3).


Eguneko ospitaleek nerbio-sistemako eta zentzumen-organoetako gaixotasunen tratamenduetan duten garrantzia ikusita (begi-lausoak bereziki), gaixotasun horiek hirugarren daude alta guztien %9,8rekin. Arnas aparatuko gaixotasunen ehuneko bera dute, eta azken horiek laugarren tokian daude, tumoreen (%8,9) eta haurdunaldiko, erditzeko eta erditze ondoko arazoen (%8,8) aurretik.


Heriotzen ehunekoa %2,9 izan zen. Hiltzeko adinik arruntena 74 urte izan zen gizonezkoen artean eta 85 emakumezkoen artean. Hona hemen arrazoi nagusiak: gutxiegitasun kardiakoa (lehen arrazoia emakumeen artean), pneumonia, eta trakeako, bronkioetako eta biriketako neoplasia gaiztoa (lehena gizonezkoen artean).


Berriz ospitaleratzen direnen tasa %5,7koa izan zen. Tasa horrek zerikusia du batez ere zenbait gaixotasunen tratamenduarekin, hots, kimioterapia-tratamenduarekin (mantentze-kimioterapia) eta bronkitis kroniko buxatzailearen tratamenduarekin. Ospitalean emandako egunen batez bestekoa 3,9 egun eta 9,3 egun izan dira hurrenez hurren.


Zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeen lehen arrazoia gizonezkoen artean eta hirugarrena emakumezkoen artean.


Maizago gertatzen diren gaixotasunen hurrenkera ezberdina da sexuaren arabera. Esan dugunez, gizonezkoen artean zirkulazio-aparatuarekin zerikusia duten gaixotasunak izan dira ospitalean sartzeko lehen arrazoia, eta horren atzetik datoz digestio-aparatukoak eta arnas aparatukoak. Emakumezkoen artean, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak hirugarren tokian daude, haurdunaldiko, erditzeko eta erditze ondoko gaixotasunen, eta nerbio-sistemako eta zentzumen-organoetako gaixotasunen atzetik.


Adin-taldeak kontuan hartuta, 0-14 urteko biztanleen artean gehien diagnostikatutako gaixotasunak amigdalitis kronikoa eta adenoideak izan ziren. 15-44 urtekoen artean, belauneko barrualdeko arazoak eta apendizitis akutua, gizonezkoetan, eta haurdunaldia eta erditzea, emakumezkoetan. 45-64 urtekoen taldean, izterrondoko etena nabarmentzen da gizonezkoetan, eta neuropatia multifokala eta zain barizedunak emakumezkoetan. 65 urtetik gora dutenen artean, begi-lausoa da gehien diagnostikatutako gaixotasuna, eta horren atzetik bronkitis kronikoa gizonetan eta osteoartrosia emakumezkoetan.


65 urte baino gehiagokoen artean, begi-lausoaren ebakuntza izan da sarrien eginiko ebakuntza kirurgikoa


Begi-lausoa, nerbio-sistemako eta zentzumen-organoetako gaixotasunen taldean sailkatutako gaixotasuna, ez da soilik akutuen ospitaletan gehien diagnostikatzen den patologia. Horrez gain, ebakuntza kirurgiko gehien eragin dituen gaixotasuna da, ospitale publikoetan gehienbat (%85,7). Horren atzetik datoz erditzean egindako zaintzak eta aldakako nahiz belauneko protesia ipintzea.


Hona hemen gehien egindako ebakuntza kirurgikoak, adin-taldeen eta sexuaren arabera: 0-14 urte dituztenen taldean, amigdalen eta adenoideen nahiz apendizearen ebakuntzak; 15-44 urtekoen taldean, belauneko ebakuntzak gizonezkoetan eta prozedura obstetrikoak (erditzean laguntza ematea edo erditzea eragitea) emakumeetan; 45-64 urtekoen taldean, hernia konpontzea gizonetan, eta ume-tokiko eta bularreko ebakuntzak emakumeetan; eta 65 urtetik gora dituztenen taldean, begi-lausoaren ebakuntza.


1. taula.- Alta hartutako pazienteak, diagnostiko-talde handien arabera, 2004-2005 urtea.



Iturria: EUSTAT



Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte
Tel.:+34-945-01 75 47 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Arnas gaixotasunengatiko ospitaleratzeak %11,4 hazi ziren 2005ean

Eragiketa : 
Ospitaleetako erikortasun-estatistika
Eragiketa kodea : 
030580
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2006/12/19
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0004106_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali