2007/02/19ko prentsa-oharra

HIRUHILEROKO KONTU EKONOMIKOAK (HKE), 2006KO 4. HIRUHILEKOA



Euskal AEko BPGaren urte arteko hazkundea %4,1 izan zen 2006ko laugarren hiruhilekoan



2006ko urteko balantzea ixtean batez besteko %4,2ko hazkundea eta 22.000 lanpostu garbi berri izan dira, hau da, %2,3 gehiago


Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ekonomiak sortutako BPGak %4,1eko hazkunde erreala izan du 2006ko laugarren hiruhilekoan, 2005eko aldi beraren aldean. Urte arteko hazkunde-tasa hori Espainiako ekonomian lortu dena baino hamarren bat handiagoa da (%4,0) eta EB-27n eta Estatu Batuetan lortutakoa baino zazpi hamarren handiagoa (%3,4).


2006. urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, laugarren hiruhileroko hazkundea %0,4 izan da. Hiruhileko arteko aldakuntza hori %1,1 izan da Espainiako ekonomian eta %0,9 izan da bai Estatu Batuetako ekonomian, eta baita Europar Batasuna-27ko ekonomian ere.


BPGda m/p. Urte arteko hazkunde-tasak. (%)


Urtaroen eta egutegiaren eraginetatik zuzendutako datuak.

Iturria: Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak, Eustat. Estatuko datuak: INE. EB-27ko, Euro-13 eremuko eta Estatu Batuetako datuak: Eurostat.


Azken hiruhilekoetan ohiko bilakatu denez, sektore eskaintzaileen ikuspuntutik eraikuntzaren sektorearen bultzada bere horretan mantendu da urteko laugarren hiruhilekoan. Urte arteko %4,9ko tasarekin, sektore aktiboena da BPGaren batez bestekoaren gainetik. Laugarren hiruhileroko hiruhileko arteko hazkundeak goranzko joera erakutsi du, %1,9koa hain zuzen ere.


Industria sektoreak ere BPGaren gainetik dagoen jarduera-maila oso altua erakutsi du, %4,6ko urte arteko tasarekin urteko laugarren hiruhilekoan. Tasa hori industria-ondasunen esportazioen bultzadan oinarrituta egon da.


1. taula. BPGda m/p. Eskaintza. Bolumen-indize kateatuak. Urte arteko hazkunde-tasak. Euskal AE


Urtaroen eta egutegiaren eraginetatik zuzendutako datuak.

Iturria: Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak. Eustat


Merkatuko zerbitzuak %3,7ko urte arteko hazkundea lortzera iritsi dira. Tasa hori urteko hirugarren hiruhilekoan lortutakoaren berdina izan da. Hala ere, hiruhileko arteko ibilbidean ikusten denez, %1,2ko aurrerapena egon da, eta aurreko hiruhilekoan, berriz, %0,6koa. Ez-merkatuko zerbitzuek hiruhileko arteko goranzko joera izan dute. Era berean, hazkundea egon da urteko bigarren zatiko urte arteko hiruhilekoetan. Beraz, hiruhilekoz hiruhileko zerbitzuen sektorean finkatu egin dira 2006ko urte arteko hazkundeak, eta azken hiruhilekoan %3,6ko hazkundea izan da.


Lehen sektoreak %7,5eko urte arteko aldakuntza positiboa lortu du, aurreko hiruhilekoaren oso gainetik. Hala ere, hiruhileko arteko aldakuntzari bagagozkio, %7,7ko jaitsiera izan da urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean.


Eskariari dagokionez, laugarren hiruhileko honetako BPGaren urte arteko hazkundea berriz ere barne eskarian oinarritu da. Urte arteko %4,5eko bilakaera izan du, eta, gainera, kanpoko saldoa ez da izan 2005eko laugarren hiruhilekoan egondakoa bezain negatiboa. Esportazioak guztira %8,3 hazi dira eta inportazioak %8,8, joan den urteko aldi berarekin alderatuta.


Etxeko azken kontsumoari dagokion gastuak, kontsumo pribatuak, %3,9 egin du aurrera laugarren hiruhileko honetan, hots, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Aitzitik, hiruhilekoak haien artean alderatuz gero, aurreko hiruhilekoan izandako %0,5etik azken urte honetan izandako %0,6rako azelerazio txikia ikusten da.


Herri-administrazioen azken kontsumoari dagokion gastuak, kontsumo publikoak, %2,9ko urte arteko hazkunde-tasa izan du laugarren hiruhilekoan, hau da, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago. Beraz, azelerazio txikiaren profila erakutsi du, hala urte arteko tasetan nola hiruhileko arteko tasetan, betiere 2006ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.


2006ko laugarren hiruhilekoan, barne eskariaren faktore dinamikoena kapital eraketa gordina izan da berriz ere, hau da, inbertsioak. 2004an lau hiruhilekoetako urte arteko tasek %7,0ko hazkundea gainditu zuten, eta azken zortzi hiruhilekoetan urte arteko %0,6ko hesia. Gainera, hiruhileko arteko profilak ehuneko puntu bateko goranzko joera du.


Pertsonal landuna %2,1 hazi da 2005eko laugarren hiruhilekoaren aldean. 2006ko hirugarren hiruhilekoan ere %0,2 hazi da. Eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreak dira azkeneko saldoa positibo bilakatu dutenak. Hurrenez hurren %3,2ko eta %3,1eko urte arteko hazkundea izan dute.


2. taula. BPGda m/p. Eskaria. Bolumen-indize kateatuak. Urte arteko hazkunde-tasak. Euskal AE


Urtaroen eta egutegiaren eraginetatik zuzendutako datuak.

Iturria: Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak. Eustat


BPGak lurralde historikoetan duen bilakaerari dagokionez, 2006ko laugarren hiruhilekoan Gipuzkoa Bizkaiaren gainetik geratu da. Gipuzkoak urte arteko %4,4ko hazkundea izan du eta Bizkaiak %4,1ekoa. Azkenik, Arabaren hazkundea %3,0koa izan da.


Euskal ekonomiaren 2006. urteko balantzea: BPGa %4,2 hazi da eta 22.000 lanpostu garbi sortu dira, hau da, %2,3 gehiago


Euskal AEko BPGa %4,2 igo da 2006an eta hiru hamarren gainetik geratu da 2005ean lortutako tasaren aldean. Era berean, Espainiako ekonomiarekin alderatuta (%3,8) lau hamarren gainetik geratu da, Euro-13 eremuarekin alderatuta (%2,8) ehuneko 1,4 puntu gainetik, eta Europar Batasuna-27rekin alderatuta (%3,0) ehuneko 1,2 puntu gainetik.


Sektorearen hazkunderik handiena eraikuntzari dagokio. 2006an %5,1eko tasa lortu du. Ekonomian egindako ekarpen positiboari esker, industria izan da BPGa hazi izanaren euskarririk garrantzitsuena, %4,8ko urteko tasarekin. Lehen sektoreak %1,3ko balantze positiboa izan du.


Zerbitzuak %3,5 hazi dira, BPGaren batez bestekoaren azpitik (%4,2), eta horren baitan merkatuko zerbitzuak (%3,7) eta Ez-merkatuko zerbitzuak (%2,6) bereizi dira.


Barne eskaria %4,6 hazi da eta hori da, hain zuzen ere, 2006ko BPGaren bultzadari eusten diona, nahiz eta kanpoko saldoa negatiboa izan. Horren arrazoia batik bat inbertsioen ekarpena izan da, %6,3ko hazkundea izan baitute.


Azken kontsumoa (%3,9) bilakaera eta bolumen ezberdina izan duten bi elementuren emaitza da. Alde batetik, kontsumo pribatua dago eta maila altua mantendu du (%4,1). Bestetik, kontsumo publikoa ez da horren bizia izan (%2,9).


BPGak 2006an izan duen lurralde-banaketari dagokionez, Gipuzkoak eta Bizkaiak Arabakoa gainditu dute. %4,3ko eta %4,2ko tasa lortu dute hurrenez hurren, eta Arabak, berriz, %3,8koa.


Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Jóse Mª Agirre
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko BPGaren urte arteko hazkundea %4,1 izan zen 2006ko laugarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Hiruhileroko kontu ekonomikoak
Eragiketa kodea : 
170115
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
iii/2025
Eguneratze data : 
2007/02/19
Hurrengo eguneratzea : 
2026/03/06
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0004166_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali