Euskal AEk hirugarren dirau herrialdeen 2007ko Giza Garapenaren Indizean (GGI), Islandiaren eta Norvegiaren atzetik, Eustatek landutako datuen arabera. Australia, Kanada, Suedia eta Irlanda agertzen dira ondorengo postuetan. Sierra Leona, Burkina Faso eta Guinea-Bissau agertzen dira azken postuetan. Aipatu aurreneko biak munduko GGIren batez bestekoaren (0,743) erdiaren azpitik daude.
Giza Garapenaren Indizea Nazio Batuen Garapen Egitarauaren Bulegoak (NBGE) kalkulatzen du 178 herrialdeetarako; herrialde baten lorpenen neurri sinoptiko gisa eratzen da, hiru oinarrizko dimentsiotan: 1- bizitza luze eta osasuntsua: bizi esperantza luzea jaiotzean. 2- ezagupen maila altua: eskolatze tasa gordin konbinatua eta helduen alfabetatze tasa. 3- bizitza maila duina: per capita BPG. Herrialde askoren gaineko informazioa eduki ahal izateko 2005eko indizeko informazioa erabiltzen da.
2006ko postu berean badago ere, Euskal AEk baditu hobekuntzak indizeko bi adierazleetan: Per capita BPGean 2.830 US$etako hazkundea dago eta 7 hamarren hazkundea eskolatze tasa gordinetan, lehen hezkuntzan, bigarrenean eta unibertsitatekoan. Tasa hau eskola litekeen biztanleriaren %98,4 da.
Bizi esperantzak jaiotzean berdin dirau, 80,8 urte; aurretik bakarrik daude Hong Kong (81,9), Islandia (81,5), Suitza (81,3) eta Australia (80,9). Helduen alfabetatzen maila %100etik oso gertu dago; ezin hobetu, beraz.
Arabak jarraitzen du GGI onena izaten; Gipuzkoa ondoren, eta Bizkaia Euskal AEko batez bestekoaren azpitik dago
Arabako puntuazioa 0,975 da; per capita BPG Euskal AEko batez bestekoa baino %19 handiagoa da eta eskolatze tasa konbinatu gordina %100.
Gipuzkoak, 0.967 puntu, Euskal AEko per capita BPG baino 306 US$ handiagoa du, eta %99,3ko eskolatze tasa. Bizi esperantzarik handiena du, 81,2 urte.
Bizkaiak 0,958 puntu ditu; BPG ia %6 txikiagoa Euskal AEko batez bestekoa baino, eta eskolatze tasa gordina %97,3; ehuneko 1,1 puntu txikiagoa da Euskal AEko batez bestekoa baino
Azken 5 urteetan %2,5 hazi da Giza Garapenaren Indizea Euskal AEn
Munduan, 2003tik 2007ra %2,9 hazi zen GGI, eta %1,2 ELGEko herrialdeetan. Espainiak %3,4ko bilakaera positiboa du.
Araban %2,9, Gipuzkoan %2,6 eta Bizkaian %2,3ko hazkundea dago.
Giza garapenaren indizea 2007. Ranking
Iturria: Nazio Batuen Garapen Egitaraua (NBGE), Eustat
Datu taulak:
www.eustat.eus/indic/indicadores.aspx?idioma=e&indictipo=2&ambito=99&temaseleccionado=48
Giza Garapenaren Indizea 2007:
hdr.undp.org/en/reports/global/hdr2007-2008/chapters/spanish/
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Jesús Rodríguez Marcos Tlf:+34-945-01 75 31 Faxa:+34-945-01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus