2009/02/17ko prentsa-oharra
HIRUHILEKOKO KONTU EKONOMIKOAK (HKK), 2008ko 4. HIRUHILEKOA, eta URTEKO BALANTZEA
Euskal AEko BPG %2,0 hazi zen 2008an
Ekitaldiko laugarren hiruhilekoan euskal ekonomiaren urte arteko hazkundea %0,4 izan da
Euskal AEko BPGk %2,0ko urte arteko hazkundea izan zuen 2008an, Eustaten datuen arabera. Urtean zehar bilakaera ezberdinak izan dira lehen seihilekoan –hazkunde garrantzitsuak, esandakoaren gainetik- eta bigarrenean –hazkunde positiboa, baina urteko batez bestekoaren azpitik.
Urte arteko hazkundetasa hori Espainiako ekonomian lortu dena baino zortzi hamarren handiagoa da (%1,2); 27-EBrena (%0,9) baino hamaika hamarren eta Estatu Batuetakoa (%1,3) baino zazpi hamarren handiagoa.
1. grafikoa. BPG m/p. Urte arteko hazkunde-tasak. (%)
Iturria: Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoak, Eustat. Estatuko datuak: INE EB-27ko, Euro-15 eremuko eta Estatu Batuetako datuak: EUROSTAT
Hazkundearen oinarrian zerbitzuen sektorea dago, merkatukoak (%2,5) eta batez ere ez-merkatukoak (%7,3). Zerbitzuen hazkunde globala %3,3 izan da.
Bai industria, bai eraikuntza hazkunderik ezaren (%0,0) inguruan ibili dira; azkenean industriarako %+0,2 izan da eta %-0,1 eraikuntzarako.
Lehen sektorea aldakorrago ibili da urtean zehar; urtearen buruan %-0,2.
Barne Eskaria %1,9 hazi da , 2007an baino bi puntu eta bost hamarren gutxiago. Kontsumo Publikoa izan da Barne Eskariaren osagairik dinamikoena, %5,9 hazi delarik.
Barne Eskariaren beste bi osagaien bilakaerak antzekoak izan dira: Kontsumo Pribatua %1,1 hazi da eta Kapital Eraketa Gordina %1,4. Azken horretan joera negatiboa oso nabarmena izan da urteko bigarren zatian.
Kanpo-merkataritzaz, esportazioetan %+4,5 dugu, eta inportazioetan %+4,2, kanpo-sektorearen ekarpen positiboa dagoelarik.
Pertsonal okupatuak, batez beste, %1,1eko hazkunde positiboari eutsi dio, 10.000 lanpostu garbi sortu direlarik; pertsona okupatuak milioi bat eta hogeita bost milaren gainetik daude. Zerbitzuen sektorea izan da, berriz ere, 2008ko batez besteko hazkunde horri eutsi diona; hazkunde-tasa %2,4 izan da, pertsona okupatuak 650.000. Bai industriak (%-0,4), eta bai, batez ere, eraikuntzak (%-4,1) aro-aldaketa begi-bistakoa izan dute 2008ko bigarren seihilekoan. Azkenean, lehen sektoreko batez besteko enplegua %1,7 hazi zen.
Herrialdeei begiratuz gero, BPGz ari garela, Bizkaiak eta Gipuzkoak %2,0ko hazkundea izan dute, Arabakoaren (%1,8) gainetik. Enplegua hiru lurraldeetan hazi da: Bizkaian %1,2, Araban %1,0 eta Gipuzkoan %0,9.
Euskal BPGk, 2008ko laugarren hiruhilekoan urte arteko %0,4ko hazkundea izan zuen, eta hiruhilekoen arteko %-1,1eko jaitsiera.
Euskal AEko BPGren urte arteko hazkunde erreala %0,4 izan zen 2008ko laugarren hiruhilekoan Hona hemen beste hazkunde-tasa batzuk: Espainian %-0,7; 27-EBn %-1,1; Euro-15 eremuan %-1,2; AEBn %-0,2.
2008ko laugarren hiruhilekoko hiruhilekoen arteko aldaketa, hirugarrenaren aldean %-1,1. Hiruhileko arteko aldakuntza hori %-1,0 izan da Espainian; %-1,5 27-EBko eta Euro-15 eremuko batez bestekoan; %-1,0 AEBn .
1. koadroa. BPG m/p. Eskaintza. Bolumenindize kateatuak. Urte arteko Hazkunde-tasak (*) Euskal AE
(*) Urtaroen eta egutegiaren eraginetatik zuzendutako datuak.
Iturria: Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoak. Eustat
Sektore eskaintzaileen aldetik, zerbitzuen sektorea (%+2,5) da hazkunde-tasa positiboak dituen bakarra, gainerakoetan tasak negatiboak dira. Merkatuko zerbitzuetan %+1,6 dugu eta ez-merkatukoetan (Herri-administrazioek eskainitakoetan) %+7,1.
Industria sektoreak BPGko batez bestekoaren azpitik dabil, %-2,8ko urte arteko tasarekin. Datu hori aurreko hiruhilekokoaren azpitik dabil, ehuneko hiru puntu eta hiru hamarren.
Eraikuntzan, eta badira bi hiruhileko jarraian, urte arteko hazkunde-tasak negatiboak dira; laugarren hiruhilekoan %-2,9. Obra Zibila hobekiago ibili da, baina ez eraikuntza-sektoreko bilakaera negatiboa konpentsatzeko lain.
Lehen Sektorean bilakaera positiboagoa eduki dugu lehen seihilekoan, eta hazkunde negatiboak urteko bigarren zatian. Zehazki, laugarren hiruhilekoan %-1,2koa da jaitsiera urte arteko tasan.
2. koadroa. BPG m/p. Eskaria. Bolumen-indize kateatuak. Urte arteko Hazkunde-tasak (*) Euskal AE
(*) Urtaroen eta egutegiaren eraginetatik zuzendutako datuak.
Iturria: Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoak. Eustat
Eskariaren aldetik, esan behar da Barne-eskaria murriztu egin dela aurreko hiruhilekoaren aldean, ehuneko puntu bat eta bederatzi hamarren, hazkunderik ezean (%0,0) dagoelarik. Hori batetik; bestetik esportazioen bilakaera, inportazioenaren aldean, ez da hain negatiboa izan, eta guztira kanpo-saldoaren ekarpen positiboa dugu ekonomiarako.
Osagaien arabera aztertuz gero, Familia-etxeen azken kontsumoak (Kontsumo Pribatua) %-0,4ko urte arteko hazkunde-tasa negatiboa izan du, hamar urtetan baino gehiagotan aurreneko aldiz; (aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko puntu bat eta hiru hamarren), eta Barne-eskariaren murrizketa azaltzeko funtsezkoa da.
Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastuak (Kontsumo Publikoa) ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu publikoaren babesean, %6,1eko hazkundea izan du, aurreko hiruhilekoaren aldean zertxobait gehitu delarik.
Kapital Eraketa Gordina (Inbertsioa) da, Barne-eskariaren osagaien artean, erasanik handiena nozitu duena; izan ere, aurreko hiruhilekoko urte arteko hazkundearen aldean ehuneko lau puntuz jaitsi da eta %-2,2ko urte arteko tasa negatiboan da.
Bai Esportazioek, bai Inportazioek, guztira, hazkunde negatiboak izan dituzte; zertxobait handiagoa da inportazioena (%-4,2) esportazioena (%-3,8) baino. Gertaera horrek –zeina ondo ezkontzen baita gure Barne-eskariaren ahuleziarekin, eta gauza bera gertatzen da inguruko ekonomietan- kanpo-saldoaren ekarpen positiboa ekarri du, BPGren hazkundearentzat.
Pertsonal okupatuan, bai urte arteko tasa (%-0,1), bai hiruhilekoen artekoa (%-0,2) negatiboak dira; batez beste 2.000 gutxiago dira okupatuak. Urte arteko tasarik txarrenak dituzten sektoreak industria (%-1,2) eta eraikuntza (%-8,8) izan dira. Beste aldean hazkunde positiboak zerbitzuetan eta, apalago, lehen sektorean, ditugu.
BPGk lurralde historikoetan duen bilakaerari dagokionez, 2008ko laugarren hiruhilekoan Gipuzkoa eta Bizkaia Arabaren gainetik geratu dira. Bizkaiak urte arteko %0,4ko hazkundea izan du; Gipuzkoak %0,5, eta Arabak %0,1.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
+Tlf:+34-945-01 75 99 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx