2009-07-14ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA –IGI- Enpresak 2009.urtea
2008. urtean, EAEko enpresen merkataritza elektronikoan salmentak % 11,9 gehitu dira eta erosketak % 11,3
Merkataritza elektronikoa erabili duen EAEko enpresa kopurua, aldiz, pixka bat murriztu da: 2008. urtean % 15,0ak erabili du
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko merkataritza elektronikoak kopuru ekonomikoak aztertuta hazten jarraitu du, baina horretan parte hartzen duen enpresa kopurua pixka bat murriztu da. 2008an sarearen bidez edo bestelako sistema elektronikoen bidez (EDI datu elektronikoen trukea...) egindako negozio zifra 7.157 milioi eurokoa izan da salmenta elektronikoei dagokienez, eta 3.452 milioikoa erosketei dagokienez.
Aurreko urtearen aldean, kopuru horiek % 11,9 gehitu dira merkataritza elektroniko bidezko salmentei dagokienez, eta % 11,3 sistema hori erabilita egindako erosketei dagokienez.
1. taula: Merkataritza elektronikoaren bidezko erosketak eta salmentak, lurraldearen, jardueraren eta langile kopuruaren arabera.
Balio absolutuetan, lurralde historikoen artean Bizkaia nabarmentzen da salmentetan eta Araba erosketetan. Jarduera-sektoreen arabera, industriak eta zerbitzuek erosketetan antzeko kopuruak lortu dituzte eta salmentetan industria nabarmentzen da gainerako sektoreen aldean. Establezimenduen tamainari dagokionez, 10 langile edo gehiagoko enpresek erabili zuten sarrien merkataritza elektronikoa.
2008. urtean pixka bat murriztu da merkataritza elektronikoa erabili duen enpresa kopurua (ehunekoa): 0,3 puntu murriztu da. Gaur egun % 15,0ak erabiltzen du sistema hori. Enpresek batez ere erosketak egiten dituzte (% 13,9) eta gutxi batzuek salmentak (% 3,4).
Kopuru ekonomikoak kontuan hartuta, salmenta elektronikoak erosketa elektronikoak baino askoz gehiago izan dira; alabaina, saltzen dutenak baino askoz gehiago dira bide elektronikoz erosten duten enpresak.
2. taula: Merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduen bilakaera. %
Euskal AEn merkataritza elektronikoan ibili diren establezimenduak 29.450 inguru izan dira. Gainera, establezimendu horiek modu elektronikoan egin dituzten erosketak euren erosketa guztien % 22,6 izan dira. Salmentak, berriz, salmenta guztien % 26,9 izan dira.
Baina kopuruak bestelakoak dira enpresaren tamaina kontuan hartuz gero. Bada, 10 langile edo gehiagoko enpresen % 22,2ak erabili du merkataritza elektronikoa. Atal honetan ere askoz gehiago dira erosketa elektronikoak egiten dituztenak (% 19,1) eta gutxiago dira salmenta elektronikoak egiten dituztenak (% 8,0).
1. grafikoa: Merkataritza elektronikoa, salbidearen arabera, 2008an (%).
Erosketa elektronikoak egiteko bitartekoei dagokienez, % 36,7 norberaren webgunearen bidez egin dira, % 41,8 posta elektronikoz egin dira (e-mail) eta gainerakoak (% 21,5) EDIren eta beste sare batzuen bidez. Bestalde, salmenta elektronikoen % 59,2 EDI eta beste sare batzuen bidez egin dira, % 21,2 posta elektronikoaren bidez eta % 19,6 norberaren webgunearen bidez. Salmenta elektronikoak egiten dituzten enpresen % 25,9ak on-line ordainketak jaso ditu.
2008an merkataritza elektronikoaren bidezko salmentak izan dituen bezero motari dagokionez, salmenta elektroniko guztien % 89,8 beste enpresa batzuentzat izan da (B2B izeneko merkataritza), % 9,3 kontsumitzaile partikularrentzat izan da (B2C) eta gainerako % 0,9 beste bezero batzuentzat, herri administrazioarentzat esate baterako (B2G).
2. grafikoa: Salmentak, bezero motaren arabera, 2008an (%)
Azkenik, lau enpresatatik hiruk (% 78,7) uste dute merkataritza elektronikoan parte hartzeko zailtasunak daudela. % 61,0aren ustez, haien produktu eta zerbitzuak ez dira Internet edo bestelako sare telematikoen bidez saltzeko egokiak; % 38,0ak uste du, gainera, kobratzeko edo ordaintzeko oraindik segurtasun arazoak daudela. % 37,9aren ustez ziurgabetasun handia dago merkatu hori arautzen duten legeen gainean, emateko epeen gainean eta gerta daitekeen edozein arazorako bermeari dagokionez. % 37,7aren ustez haien bezeroak ez daude bide horiek erabiltzeko behar bezala prestatuta. % 35,7aren ustez, bestalde, garapen eta mantentzerako kostua oso altua da eta % 32,5ak uste du plantilla ez dela nahikoa edo ez dagoela erabat gaituta.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Juan Luís López
Tel.:+34-945-01 75 08 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx