2009/09/14ko prentsa-oharra
HIRUHILEKOKO KONTU EKONOMIKOAK (HKK), 2009KO 2. HIRUHILEKOA
Euskal AEko BPGk %-3,6ko murrizketa izan zuen 2009ko bigarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean %-1,0koa izan da murrizketa, urteko lehen hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ekonomiak sortutako BPGk %-3,6eko murrizketa izan du 2009ko bigarren hiruhilekoan, 2008ko aldi beraren aldean; aurreko hiruhilekoan baino puntu bat pasatxo gutxiago.
Hona hemen urte arteko beste tasa batzuk: Espainian %-4,2; Euro-16 eremuan %-4,7; 27-EBn %-4,8; AEBn %-3,9.
Hirugarren hiruhilekoz jarraian, aurreko hiruhilekoaren aldean %-1,0koa izan da murrizketa, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago
Hiruhileko arteko aldakuntza hori %-1,1 izan da Espainiako ekonomian, %-0,2 27-EBn eta %-0,3 AEBn, kasu guztietan datuok hobeak dira aurreko hiruhilekoaren aldean.
Sektore eskaintzaileen artean, industriak (%-10,0) eta eraikuntzak (%-5,2) izan dituzte murrizketarik handienak. Zerbitzuek urte arteko hazkunde negatiboa (%-0,5) izan dute. Lehen sektorea da hazkunde-tasa positiboak (%9,9) izan dituen bakarra.
Industrian, hirugarren hiruhilekoz jarraian, urte arteko eta hiruhileko arteko tasak negatiboak dira, baina hiruhilekoen artekoa (%-2,7) sei hamarrenez hobea da aurreko hiruhilekoan (%-3,3) baino.
Eraikuntzan bost hiruhilekotan negatiboak izan dira urte arteko eta hiruhilekoen arteko tasak; sektore honetan erorketa iraunkorragoa da industrian baino. Industrian bezala, hiruhilekoen arteko bilakaera negatiboa (%-0,6) izanik ere, aurreko hiruhilekoan (%-1,4) baino apalagoa da.
Zerbitzuetan, oro har, urte arteko %-0,5eko jaitsiera dago, bi osagaien jokaera bata ez bestea bezalakoa izan delarik. Merkatuko Zerbitzuen bilakaera negatiboa da bai urte artekoan (%-1,9), bai hiruhileko artean (%-0,1); Ez-merkatuko zerbitzuek eusten diote hazkundeari, urte arteko tasa %6,4 delarik; hauen jokaerak berebiziko garantiza du zerbitzuen sektoreen jarduera-mailan.
Lehen sektorean urte artekoa positiboa da (%9,9); arrantzan bilakaera hobea da nekazaritzan baino.
Eskariaren aldetik, hiruhileko askotan zehar aurreneko aldiz, Barne eskariaren murrizketa (%-4,6) puntu batez negatiboagoa da BPGren murrizketa baino. Haren osagai nagusien –Kontsumo Pribatua eta Kapital Eraketa Gordinaren- bilakaera negatiboak funtsezkoak dira egoera azaltzekotan. Inportazioek eta esportazioek bilakaera negatiboak dituzte, baina kanpo-saldoaren ekarpen garbia positiboa da eta neurri batean Barne Eskariaren bilakaera negatiboa konpentsatzen du.
Osagaien arabera aztertuz gero, Familia-etxeen azken kontsumoak (Kontsumo Pribatua) bilakaera negatiboa du hirugarren hiruhilekoz jarraian, bai urte artean (%-4,6), bai hiru hileko artean (%-1,0).
Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastuak (Kontsumo Publikoa) ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu publikoaren babesean, %3,7ko hazkundea izan du, aurreko hiruhilekoetako hazkundeari jarraituz.
Kapital Eraketa Gordinak (Inbertsioa) izan du Barne Eskariaren alderdirik negatiboena, urte arteko jaitsiera %-9,1 izan delarik; arrazoiak eraikuntzaren bultzadaren eta ekipo-ondasunetan egindako inbertsioaren moteltzea izan dira. Hiruhilekoen arteko bilakaera ere negatiboa da (%-3,3).
Esportazioak guztira %-16,4 jaitsi dira eta inportazioak %-17,0; Kanpo-saldoak hobera egin du.
Langile okupatuen kopuruak behera egin du (%-4,0) 2008ko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta %-0,7 aurrekoaren aldean. Aurreko hiruhilekoko batez bestekoaz zazpi mila enplegu inguru galdu dira eta aurreko urteko hiruhileko berberaz berrogeita bat mila inguru. Hiruhileko honetako enplegu-galera batez ere industrian gertatu da eta neurri apalago batean eraikuntzan.
BPGk lurralde historikoetan duen bilakaerari dagokionez, 2009ko bigarren hiruhilekoan urte arteko jaitsierarik handiena Araban (%-4,1) izan da; Gipuzkoan (%-3,7) eta Bizkaian (%-3,5).
Ohar metodologikoa: 2007ko urteko behin-betiko datuak ekarri dira, eta 2008koak Euskal AEko Kontu ekonomikoen aurrerapena; honek guztiak 2007ko lehen hiruhilekotik aurrera aldaketak sorrarazi ditu hiruhilekoko serietan, zeinak 2009ko bigarren hiruhilekoko datuetara batu diren.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Jóse Javier Aramburu
+Tlf:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx