2009-12-11ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA (JAIE), 2009ko 2. hiruhilekoa
2009ko bigarren hiruhilekoan % 2,1 gutxitu da jaiotza kopurua
2009ko bigarren hiruhilekoan jaio diren 5.347 haurren % 54 etxeko lehenengo seme-alaba izan da
Eustaten datuen arabera, 2009ko bigarren hiruhilekoan 5.347 haur jaio dira Euskal AEn, aurreko urteko aldi beraren aldean % 2,1 gutxiago. Lurraldeka, Araban 844 haur jaio dira, 2008ko bigarren hiruhilekoan jaio zen haur kopuruaren aldean % 3,3 gehiago. Bizkaian 2.650 jaio dira, % 4,4 gutxiago. Eta Gipuzkoan 1.853 haur jaio dira, % 1 gutxiago.
Gurasoak ezkondu gabe zeudela jaiotako haur kopurua guztirakoaren % 29,9 izan da, 2008. urteko hiruhileko berean izan zen ia ehuneko bera. Hiru lurraldeen artean soilik Bizkaiak izan du Euskal Autonomia Erkidego osoko balioak baino altuagoak (% 30,8). Araban eta Gipuzkoan ehuneko pixka bat txikiagoak izan dira: % 28,4 eta % 29,1, hurrenez hurren.
Jaiotzen hurrenkera kontuan hartuta, 2009ko bigarren hiruhilekoan jaiotzen erdia baino gehiago (2.887 haur) lehenengo seme-alabak izan dira; 2.028 haur (% 37,9) bigarren seme-alabak izan dira eta jaiotako haurren % 8,1 hirugarrena edo hortik gorako seme-alaba izan da. Soilik Bizkaian (% 43,7) gertatu da bigarren edo ondorengo seme-alaben ehunekoa Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekora (% 46) ez heltzea. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, ehuneko hori bi kasuetan % 48 izan da.
Lau jaiotzatik hirutan amak 30 urte baino gehiago izan ditu
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzean ikus daiteke 30-34 urtekoak oraindik nagusi direla, jaiotzen ia erdia adin-tarte horretan gertatu baita. Gero 35-39 urteko amen artean eman da jaiotza gehien (% 29,3), eta 25-29 urteko amen artean soilik izan da jaiotzen %16. Muturreko adin-tarteetan, 25 urtetik beherako multzoan jaiotzen % 6,5 izan da eta 40 urtetik gorakoen multzoan jaiotzen % 4,2 baino ez.
Ezkondu gabe zeuden emakumeen artean ama izateko adina seme-alabak izan dituzten emakume guztiena baino txikiagoa izan da: ama ezkongabeen % 15,2k 25 urte baino gutxiago zituen eta % 20,4k 25-29 urte artean.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: HHUUeustat@eustat.esUU
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: HHUUwww.eustat.esUU