2009-12-30eko prentsa-oharra
ESKUALDEETAKO ADIERAZLE DEMOGRAFIKOAK, 1980-2000 (EAD 80-00)
Euskal AEko eskualde guztietan igo da bizi-itxaropena
Arabako landa eskualdeek dute oraindik bizi-itxaropen altuena, baina aldeak txikiagoak dira
Eustaten datuen arabera, EAEko biztanleen bizi-itxaropena herrialde garatuenetako bizi-itxaropenetik oso hurbil dago; are gehiago, emakumeen kasuan itxaropen hori gainditu egiten da. Gehikuntza izugarria eman da, 1980tik 2000. urtera bitartean bi sexuen bizi-itxaropena 5 urte baino zerbait gehiago gehitu delako.
Aldi horretan zehar, Arabako eskualdeetan erregistratu den bizi-itxaropena Bizkaikoa edo Gipuzkoakoa baino altuagoa izan da, batez ere emakumeen kasuan. Baina Bizkaiko eskualdeetan eman dira 20 urte hauetako gehikuntzarik handienak, nahiz eta aurrerago balio txikienak izan.
Gizonen bizi-itxaropenean gehikuntzarik handiena izan duen eskualdea Donostia-San Sebastian izan da (6,4 urte) eta emakumeen bizi-itxaropenean Arabako Lautada (6,1 urte). Baina egia da 1980. urtean bizi-itxaropenak indize txikiak zituela. Arabako gainerako eskualdeek 20 urtetan zehar gehikuntza txikiak izan dituzte bi sexuei dagokienez, eta Arabako Ibarretako gizonezkoen kasuan aldaketa negatiboa izan da.
Hala ere, bizi-itxaropenak 1980 eta 2000 urteen artean izan duen bilakaeran daturik garrantzitsuena, gehikuntzaz gainera, homogeneizatzeko joera izan da; hau da, Euskal AEko lurralde-eremuen artean bizitako urte kopurua homogeneizatzen joan da. Lurralde mailan eta gizonezkoen artean joera hori ondo ikus daiteke: 1980. urtean Araba eta Bizkaiko bizi-itxaropenen arteko aldea 2,8 urtekoa zen eta 2000. urtean urte 1ekoa. Emakumezkoen artean ere gutxitu da kopuru hori, baina hein txikiagoan: lehen urte 1ekoa zen eta azkenean 0,3koa.
20 urte horietan zehar, bizi-itxaropen handiena eta txikiena izan duten eskualdeen arteko aldea kalkulatzean ikusten da gizonezkoen bizi-itxaropenak etengabe behera joan den bilakaera izan duela: 1980. urtean 8,4 urtekoa zen eta 2000. urtean 2,5 urtekoa. Bestalde, emakumeen arteko aldeetan ez da hain aldaketa nabarmenik eman: aldi horretan zehar 2 urte baino zerbait gehiago bakarrik gutxitu da.
Lurraldeak aztertuta, Arabako eskualdeetan eman da gehien bizi-itxaropenak doitzeko joera hori, nahiz eta hasieran ezberdintasunak askoz handiagoak izan. Gizonezkoen artean izan da agerikoagoa: 1980. urtean aldea 6,4 urtekoa izan zen eta 2000. urtean 1,3koa. Emakumezkoen artean, aldiz, 1,6 urte bakarrik gutxitu da (1980an 5,9 urtekoa zen eta 2000. urtean 4,3koa). Ondorioz, indize altuena eta txikiena izan duten eskualdeen arteko aldea lurraldeetako eta sexu bietako altuena izan da.
Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualdeetan, aldiaren lehenengo urteetan ez zen hain alde handirik eman; hain zuzen, alderik handiena Gipuzkoako gizonen artean eman da, 2,9 urtekoa. Lau bosturteko geroago, aldea pixka bat txikiagoa izan da; Bizkaiko gizonen artean, dena den, salbuespena eman da, hauen aldea ia urtebete gehitu baita.
Ugalkortasuna oraindik txikia da, pixka bat gora egin duen arren
Eskualdeetako ugalkortasunaren bilakaerak Euskal AE osokoaren joera bera izan du. 1980 eta 1995 urteen artean eskualde guztietan egin zuen behera, asko edo gutxi; baina 1995etik 2000. urtera pixka bat gora egiten hasi zen. 1980. urtean, eskualde batean ere ez zen gainditu datu hau: emakume bakoitzeko 2,1 ume izatea. Hurbilen zegoena Arabako Errioxa izan zen, 2,05 umerekin; baina, Deba Beherean emakume bakoitzak 1,25 ume bakarrik izan zituen.
1995. urtera arte ugalkortasunak beherakada handia izan zuen; soilik zazpi eskualdetan zeuden seme-alaba bat baino gehiago izan zuten emakumeak. Urola Kostan eman zen indize altuena, baina soilik 1,2 umekoa. Horren atzetik Tolosa eta Plentzia-Mungia izan ziren 1,1 umerekin. Urte horretan, gainera, Arabako Ibarrek aztertu den aldi osoko ugalkotasun txikiena izan zuten: 0,66 seme-alaba emakume bakoitzak.
2000. urtean (eta 1995. urteko datuekin alderatuta) eskualde guztietan gehitu zen ugalkortasuna, baina gutxi. Urola Kostak zuen indizerik altuena: eskualde honetan emakume bakoitzak nekez izan zuen 1,3 seme-alaba. Eta Arabako Ibarrek zuten oraindik ugalkotasunik txikiena: 0,72 seme-alaba.
20 urte hauetan bi eskualdetako ugalkortasuna erdira gutxitu da: Arabako Ibarretan eta Markina-Ondarroan. Arabako Lautada eta Bilbo Handia beherakada horretatik oso hurbil geratu ziren. Gipuzkoako eskualdeetan (Donostia-San Sebastianen izan ezik) ugalkortasunaren beherakada Euskal AEko batezbestekoa baino txikiagoa izan da; Deba Beherean soilik gutxitu da % 14 ugalkortasuna.
2000. urtean, ia eskualde guztietan pilatu dira erditzeak ama izateko batez besteko adinaren inguruan; hamar erditzetik zazpi amak 30 eta 39 urte bitartean zituenean eman ziren. 20 urte lehenago, alabaina, adin hori baino lehen soilik ematen ziren jaiotza guztien % 35 inguru.
Beste alde batetik, ama izateko batez besteko adina 29 urte ingurukoa izan zen 1980. urtean eskualde guztietan, eta 2000. urtean 3 urtetik gora igo da ama izateko adina eskualde askotan. Arabako Ibarretan eta Arabako Mendialdean bakarrik igo da ama izateko batez besteko adina 2 urte, baina 1980. urtean altuena zutelako.
Ezkontza gutxiago izan da eta bikoteak zaharrago ezkondu dira
1980. urtean, Euskal AEko ia gizon eta emakumeen heren bat ezkongabe geratu zen betiko, baina 2000. urtean ia gizon eta emakumeen erdia geratu da egoera horretan. Bilakaera hori batez ere gizonezkoen artean eman da, ia 11 puntu jaitsi baita aldi horretan hauen lehenengo ezkontza kopurua (EIS); baina emakumezkoen artean 4,6 bakarrik jaitsi da kopuru hori.
Euskal AEko emakumeak, batez beste, gizonak baino 2,3 urtetik gora lehenago ezkondu dira, eta alde hori egonkorra izan da 1980tik 2000. urtera. Baina daturik esanguratsuena da ezkontzeko adina 5 urte baino zerbait gehiago gehitu dela bi sexuentzat. Batez beste, Arabako Ibarretan ezkondu dira zaharren bi sexuak aldi horretan; eta gazteen, Araba eta Gipuzkoako eskualdeetan, gizonezkoen kasuan, eta Araba eta Bizkaiko eskualdeetan, emakumezkoen kasuan.
Bilakaerari dagokionez, datu esanguratsua eman da: 1980. urtean EIS oso txikiak zituzten eskualdeetan (Deba Beherea, Deba Garaia, Goierri edo Tolosa) ez da eman joera orokorra; hau da, horietan, ezkontza kopurua murriztu beharrean ezkontza kopurua mantendu eta gehitu egin da. Urte horretan eskualdeotan izan zen ezkontza kopurua beste eskualde guztiek 2000. urtean izan duten indizeetara heldu zen. Horrela, 1980. urtean Arratia-Nerbioi eskualdeak, adibidez, Deba Behereko EIS indizea bikoiztu zuen; baina 2000. urtean azken eskualde honetako biztanleak Arratia-Nerbioikoak baino % 8 gehiago ezkondu dira.
Ezkontza kopurua sexuak bereizita aztertzean beste datu esanguratsu bat lortu da. 1980. urtean, eskualde ugarik (besteak beste Bilbo Handiak eta Donostia-San Sebastianek) gizonezkoen artean EIS indize altuagoa izan zuen; baina bi sexuen arteko aldeak asko murriztu dira, eta azken urte horretan emakumeek izan zuten lehenengo ezkontzen kopuru handiena.
Azkenik, hiriburuak dituzten eskualdeetan, datu hauek atera dira: 1980. urtean Arabako Lautadak adierazlerik altuena izan zuen bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen artean ere, eta haren atzetik izan ziren Bilbo Handia eta Donostia-San Sebastian; 2000. urtean, aldiz, azken eskualde horrek izan zituen EIS indize altuenak eta Arabako Lautada azken postuan geratu zen (nahiz eta hogei urte lehenagoko datuekin alderatuta aldeak ez ziren hain handiak izan).
Ohar metodologikoa: hemen aurkeztu diren indizeak kalkulatzeko bost belaunaldiko multzoak hartu dira kontuan eta, horretarako, erreferentziako urtearen aurreko bost urteetako eta atzeko bost urteetako gertaerak zenbatu dira. Adibidez, 2000-2001 aldiko adierazleak ateratzeko, 2000. urteko abenduaren 31n bost urtero multzokatutako belaunaldien artean 1996 eta 2005 urteetan izan zen heriotza, jaiotza eta ezkontza kopurua hartu da kontuan.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.:
eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es