2009-12-23ko prentsa-oharra
UNIBERTSITATE ESTATISTIKA. 2008/09 ikasturtea
Unibertsitate ikasketetan eta graduondokoetan emakume kopurua izan da nagusi
Unibertsitate pribatuek eskainitako graduko lehenengo matrikulazioak hasi dira
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko unibertsitateetan 63.337 ikasle matrikulatu ziren 2008-09 ikasturtean; bai zikloetan bai graduondokoetan emakume kopurua izan zen nagusi. Aurreko ikasturtearen aldean, % 3 murriztu zen kopurua, azken 14 urteetako joerari jarraituz.
Lurraldeka, matrikulazio guztien % 55ak Bizkaian egin zituen unibertsitateko ikasketak; % 31k Gipuzkoan eta, azkenik, % 14ak Araban.
Matrikulatutako pertsona guztien % 55 emakumea izan zen; aurreko ikasturteko antzeko ehunekoa eman zen, beraz. Bestalde, ikastetxearen titulartasuna aintzat hartuta, ikasleen % 79 ikastetxe publikoan matrikulatu zen.
Ikasle kopurua, zikloa eta ikasketa-adarra aintzat hartuta. 2008-09 ikasturtea
(1) Bigarren zikloa gainditzean lizentziadunaren, ingeniariaren eta arkitektoaren titulua lortzen da.
(2) Lehenengo zikloa gainditzean diplomadunaren eta ingeniari edo arkitekto teknikoaren titulua lortzen da.
(3) Unibertsitateko ikasketa berriak hiru ziklotan antolatuko dira: gradua, masterra eta doktoretza.
(4) Unibertsitatearen Erreformarako Legearen (LRU) doktoretza ofizialeko programetan matrikulatuta dauden ikasleak eta graduondoko programa ofizial berriak (masterrak eta doktoretzak).
Iturria: EUSTAT
Ikasleen % 53 eta % 57 artean emakumezkoak izan ziren bai zikloetan bai graduondokoetan
Ikasleen sexuaren araberako bereizketa oso antzekoa izan zen ziklo eta graduondoko guztietan: % 53 eta % 57 artean emakumezkoak izan ziren eta % 43 eta % 47 artean gizonezkoak.
Ikasle kopurua zikloen arabera banatuz gero ikusten da gehienek ziklo luze edo laburreko ikasketak aukeratu zituztela. Izan ere, horien erdia (31.375) ziklo luzeetan matrikulatu zen eta % 40 (24.650 ikasle) diplomatura edo ingeniaritza nahiz arkitektura teknikoko titulua lortzeko zikloren batean.
Bestalde, 3.093 eta 3.838 ikaslek soilik bigarren zikloko eta graduondoko ikasketak egin zituzten, hurrenez hurren; hots, matrikula egin zuten ikasle guztien % 5 eta % 6.
Aipatzekoa da, gainera, ikasturte horretan hasi zirela eskaintzen Europako Goi Hezkuntzako Esparrua (EGHE) eratzeko akordioen ondoriozko lehenengo graduak; baina, oraingoz, matrikulazio kopuru oso txikia izan zuten (381) eta unibertsitate pribatuek baino ez zituzten gradu horiek eskaini.
Azkenik, ikasketa-adarrari dagokionez, oro har ikasle gehienek gizarte eta lege zientzien esparruko prestakuntzara jo zuten (% 47) edo irakaskuntza teknikoetara (% 29); sexuen artean, gainera, ezberdintasunak eman ziren. Izan ere, gizonezkoek prestakuntza teknikoagoa aukeratu zuten (% 46) eta emakumezkoek, aldiz, gizarte eta lege esparruko prestakuntza (% 55). Orokorrean, gizonezkoek nahiz emakumezkoek gutxien aukeratu zituzten ikasketa-adarrak humanitateak (% 9), osasun zientziak (% 6) eta zientzia esperimentalak izan ziren (% 5).
Hauexek dira gehien eskatzen diren tituluak: irakasle ikasketak, industriako ingeniaritza teknikoa eta enpresen administrazio eta zuzendaritza
2008-2009 ikasturtean, lehenengo eta bigarren zikloan gehien eskatu ziren ikasketak ondokoak izan ziren: irakasle ikasketak (5.777), industri ingeniaritza teknikoa (5.629), enpresen administrazioa eta zuzendaritza (5.167), enpresa zientzien diplomatura (3.685), industri ingeniaritza (2.882), zuzenbidea (2.657), psikologia (2.640), gizarte heziketako diplomatura (1.532), medikuntza (1.412), arkitektura (1.397), arte ederrak (1.345) eta erizaintza (1.206).
Gehien eskatu ziren hamabi tituluak, sexuaren arabera. 2008-2009 ikasturtea
Iturria: EUSTAT
Titulazio batzuetan sexu bietako bat izan zen nagusi. Hurrengo ikasketetan % 80tik gora gizonezkoak izan ziren: itsasontzi makineria, sistemen informatikako ingeniaritza teknikoa, nautika eta itsas garraioa eta industriako automatika eta elektronika ingeniaritza. Bestalde, hurrengo ikasketetan emakumezkoak izan ziren nagusi: erizaintza, giza elikadura eta dietetika, elikagaien zientzia eta teknologia eta pedagogia. Hauetan emakumezkoen kopurua % 85etik gorakoa izan zen.
Irakasle kopurua % 2,2 gehitu zen.
Euskal AEko unibertsitateetan 7.778 langile izan ziren 2008-09 ikasturtean zehar, aurreko ikasturtean baino % 1,9 gehiago. Horietako 3.542 emakumeak izan ziren, hau da, % 45,5.
Guztira 5.717 irakasle izan ziren, aurreko ikasturteko datuekin alderatuta % 2,2 gehiago. Hamar irakasletik lau emakumezkoak izan ziren. Irakaskuntzatik kanpoko langileak, ikasturte honetan, 2.061 izan ziren.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte
Tel.:+34-945-01 75 99 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/spanish/indice.aspx