2010/02/15eko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %2,5eko murrizketa izan zuen 2009ko laugarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean hazkundea positiboa da, %0,2
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ekonomiak sortutako BPGk %2,5eko murrizketa izan du 2009ko laugarren hiruhilekoan, 2008ko aldi beraren aldean. Tasa hau hobea da –puntu bat eta sei hamarrenez- aurreko hiruhilekoaren aldean.
Espainiako ekonomiarako datua %-3,1 izan da; 27-Europar Batasunerako %-2,3, Euro-16 zonalderako %-2,1 eta %0,1 Estatu Batuetarako.
Aurreko hiruhilekoaren aldean Euskal AEko BPGk %0,2ko hazkundea izan zuen; hiruhilekoen arteko lehen datu positiboa da, tasa negatiboak lau hiruhilekotan eduki baitira, jarraian. Hiruhileko arteko aldakuntza hori %-0,1 izan da Espainiako ekonomian, %0,1 27-EBn, %0,1 Euro eremuan eta%1,4 AEBn.
Eskaintzaren ikuspuntutik, sektore guztiek urte arteko hazkunde negatiboak izan dituzte; baina den-denek, Eraikuntzak izan ezik, hazkunde-tasa positiboak dauzkate aurreko hiruhilekoaren aldean. Industriak eta batez ere zerbitzuek hobera egin dute, horregatik BPGren bilakaera globalaren hobekuntza, eskaintzaren ikuspuntutik.
Lehen sektoreak %10,2ko murrizketa du 2008ko hiruhileko beraren aldean, eta %2,4ko hiruhilekoen arteko bilakaera positiboa.
Industriak, urtebetez, urte arteko hazkunde-tasa negatiboak izan ondoren, berriz ere negatiboa du hiruhileko honetan, baina ez hain larria (%-5,9). Esan behar da, gainera, hiruhilekoen artekoa positiboa dela, %0,5, beherantzako jarraiko lau hiruhilekoren ondoren.
Eraikuntzak tasa negatiboak ditu, bai urte artean, bai hiruhileko artean. Urte arteko bilakaera negatiboa (%-4,8) puntu bat eta 4 hamarrenez hobea da aurreko hiruhilekokoaren (%-6,2) aldean, baina ez da hiruhilekoen artekoa hobetzeko lain. Hiruhilekoen artekoa jaitsiera %0,7 da; bi hamarrenez hobea aurreko hiruhilekokoa baino.
Zerbitzuen sektorean %-0,6 dugu urte artekoan eta %0,3ko tasa positiboa hiruhilekoen artean. Aurreko hiruhilekoen aldean funtsezko aldaketa dago bi osagaien bilakaeran. Merkatuko zerbitzuek sei hamarrenen hobekuntza dute, nahiz eta urte artean %1,1eko jaitsiera izan. Ordea, Ez-merkatuko zerbitzuak pasa dira %6ko inguruko urte arteko hazkundea izatetik azken hiruhileko honetako urte arteko %1,8ra. Hiruhilekoen arteko tasa negatiboa da (%-0,9) urtean aurreneko aldiz.
Eskariaren aldetiko bilakaeran Barne Eskariaren murrizketa dugu (%-3,2 urte artean) eta kanpo-sektorearen ekarpen positiboa. Barne Eskariaren jaitsiera aurreko hiruhilekokoa baino puntu bat eta hiru hamarrenez txikiagoa da; horrek ahalbidetzen du hiruhilekoen arteko %0,2ko hazkunde-tasa positiboa, aurreneko aldiz eta jarraiko sei hiruhileko negatiboren ondoren.
Familia-etxeen Azken Kontsumoan (Kontsumo Pribatua) bada bizkortze-zantzurik: urte arteko jaitsiera %2,6 da, aurreko hiruhilekoan baino apalagoa. Hiruhilekoen arteko tasa negatiboak bost aldiz eduki ondoren, Familia-etxeetako kontsumoak %0,5 positiboa izan du aurrekoaren aldean, eta horrek Eskariaren aldetiko BPGren hiruhilekoen arteko jokaera positiboa ekarri du.
Kontsumo Publikoak, tasa positiboak baditu ere (%urte arteko %2,5, hiruhileko arteko %0,4), apaldu egin ditu hazkunde-tasak aurreko hiruhilekoen aldean.
Kapital Eraketa Gordinaren (Inbertsioa) bilakaera Eraikuntzak eta Ekipo-ondasunek erabakitzen dute. Bietan hazkunde-tasak negatiboak izan dira, bai urte artekoan (%-7,5), bai hiruhilekoen artean (%-0,1), baina hobeak aurreko hiruhilekoetan baino.
Kanpo-saldoak positiboki eragin dio BPGren hazkundeari; izan ere inportazioak (%-12,1) gehiago jaitsi dira esportazioak (%-11,7) baino; bi kasuetan jaitsierak apalagoak dira aurreko hiruhilekoetakoak baino.
Pertsonal okupatua %0,3 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean, baina %3,1 jaitsi da 2008ko beraren aldean. Aurreko hiruhilekoko batezbestekoaren aldean bi mila eta seiehun inguru lanpostu garbi sortu dira, baina aurreko urteko hiruhileko beraren aldean hogeita hamar mila lanpostu baino gehiago desagertu dira. Zerbitzuen sektorea izan da liderra hiruhileko honetako aurrekoaren aldeko enplegu-irabazian; bai Industrian, bai Eraikuntzan, enplegu-galera garbia dago.
BPGk lurralde historikoetan duen bilakaerari dagokionez, 2009ko laugarren hiruhilekoan, urte artekoan, Araba eta Bizkaia %2,7 jaitsi dira, eta Gipuzkoa %2,1. Hiruhilekoen artean, Araba dabil ongien, %0,9ko hazkundea; Bizkaian eta Gipuzkoan %0,2.
Urte osoan BPG %3,3 jaitsi zen, 36 mila lanpostu baino gehiago galdu zirelarik
Industriak (%-9,5) eta Eraikuntzak (%-5,7) eragin diote gehien BPGren bilakaera globalari. Zerbitzuetan, 2009an Herri Administrazioarekin lotutako Ez-merkatuko zerbitzuen %4,9ko hazkundea dugu, eta bestaldean Merkatuko zerbitzuen %1,2ko jaitsiera. Oro har, Zerbitzuak %0,1 jaitsi dira. Lehen sektorean %2,1eko hazkundea dago urtean.
Gastuaren aldetiko analisian, Barne Eskariaren jaitsiera %4 izan da, eta %3,3 BPGrena; beraz, urtean gure kanpo-saldoaren ekarpen positiboa dago.
Barne Eskariaren bilakaera Familia-etxeen Azken Kontsumoko Gastuak (%-3,8), Kapital Eraketa Gordinak (%-8,3) eta Herri Administrazioetako Azken Kontsumoko Gastuak (%+3,2) erabaki dute.
Pertsonal okupatua %3,5 jaitsi zen batez beste; sektore guztietan jaitsi da, baina batez ere Industrian (%-6,7) eta Eraikuntzan (%-9,9).
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel:+34-945-01 75 99 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx