2010/03/23ko prentsa-oharra
Jaiotzak %5,7 murriztu ziren 2009ko hirugarren hiruhilekoan
Jaiotzen %77,3an amak 30 urte baino gehiago zituen
2009ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 5.163 jaiotza erregistratu ziren, iazko aldi berean baino %5,7 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Herrialde guztietan izan da negatiboa joera: Araban 765 haur jaio ziren, %6,7 gutxiago; Bizkaian, 2.688, %2,2 gutxiago; Gipuzkoan 1.710, %10,3 gutxiago.
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, haien artean gertatu baitziren erditzeen %43,7. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea kokatu zen, hau da, 35-39 urte artekoa (%28,9); 25-29ko taldea beherago geratu zen, erditzeen %15,8 ekarri baitzituen. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatzen direnak %6,9 dira, eta 40 urtez gorakoen taldean jaiotzen %4,7 gertatu da.
Bigarren eta ondorengo haurrak %6,7 gutxitu ziren, batezbestekoa baino ehuneko puntu bat gehiago
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2009ko hirugarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.967 haur, lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.792 haur (%35) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren; eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak %8ra iritsi ziren. Araban (%39), bigarren eta ondorengo seme-alaben kopurua Euskal AEko batez bestekoa (%43) baino txikiagoa izan zen, eta hori herrialde horretan baino ez zen gertatu.
2008ko hiruhileko beraren aldean bigarren eta ondorengo haurren beherakada areagokoa izan da Araban, %14,8: Gipuzkoan %9,9 jaitsi da; Bizkaian %2,1, eta hemen bakarrik jaitsi da batezbestekoaren (%6,7) azpitik.
Ezkontzaz kanpo jaioek guztizkoaren %32,7 hartu zuten. Araba (%35,3) izan zen Euskal AEkoa baino ehuneko handiagoa izan zuen lurralde bakarra. Ezkongabeko emakumeak gazteago amatzen dira; izan ere, %15,4 14-24 urte bitartekoak ziren; ama guztiak aintzat hartuta talde horrek %6,9 bakarrik hartzen du.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística (Eustat)
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01 E-mail: : eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Jaiotzen inguruko prentsa-ohar gehiago