2010/07/23ko prentsa-oharra
Euskal enpresek jarraitzen dute informazio teknologiaren ekipamenduak hobetzen 2010ean
Enpresen %69,9k badute Internet eta horietako ia erdiak web orria
Eustaten datuen arabera, euskal enpresetako IKT- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek- hobetuz jarraitzen dute 2010eko hasieran. Gaur egun enpresa txikiek dituzte ehuneko hazkunderik handienak; izan ere, handietan ia denek badituzte ekipamenduok.
Hazkunde-erritmoa motelduz joan bada ere azken urteetan, ekipamenduen hobekuntza etengabea izan da; establezimenduen %76,5ek ordenagailua du, azken urtean ehuneko 0,5 puntu igo ondoren; Internet %69,9k dute, hazkundea 0,3 puntu izan delarik; eta posta elektronikoa %68,3k, 1,4 puntu hazi ondoren. Sakelako telefonoa 1,9 puntuz hazi da, eta erkidegoan gehien aurkitzen den IKT ekipamendua da; euskal establezimenduen %81,7k du.
I
Enpresen %33,9k web orria dute, azken urtean 1,5 puntuz hazi da. Internet bakarrik duten enpresak aintzat hartuz gero, %48,4ko ehunekoa dugu.
Lurraldeka ez dira oso esanahitsuak aldeak, baina Araban da teknologia hauen ezarpenik handiena; ondoren Gipuzkoan. Bizkaian txikixeagoak dira zifrak.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresek, astiroago, hobetu ere dituzte IKT ekipamenduak; hain zuzen ere ia iritsi dira baliagarritasun atarira, web orrietan izan ezik
Ehunekoak askoz handiagoak dira 10 enplegatu eta gehiagoko enpresetan: %75,4k dute web orria; %98,1ek ordenagailua; %93,4k sakelako telefonoa, %96,2k Internet eta %96,6k posta elektronikoa.
Langileen artean hazi da baita ere teknologiok darabiltzatenen ehunekoa. Ordenagailua %64,1ek darabil; %53,8k Interneteko sarbidea du eta posta elektronikoa %55,0k.
Garrantzitsua da adieraztea ezen teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen portzentajeak kontuan hartuta, aldeak asko txikitzen direla. Izan ere, establezimendu txikiek gehiago aurreratu dute, eta handietan enplegatuen zati batek baino ez du enpresako ekipamenduak erabiltzeko aukera. Bizkaia da teknologia hauek erabiltzen dituzten enplegatuen portzentajerik handienekoa; ondoren Gipuzkoa eta Araba.
Euskal enpresen Interneteko sarbidea ADSL lerroen bidez egiten da nagusiki
Interneteko sarbidea duten euskal enpresak %69,9 dira; aurreko urtearen aldean ehuneko 0,3 puntuko hazkundea. Sarea sartzeko era nagusia ADSL lerroak dira oraindik ere, %85,7; lehenengo aldiz, halere, erabilera ehuneko puntu batez murriztu da, konexio mugikorrak eta kable bidezkoak (zuntz optikoa) nabarmen hazi baitira.
Gainerako bideek erabilpen ehuneko txikiagoak dituzte. Kable bidez %23,5; konexio mugikorrez (telefonoa, PDA, usb modema, GSM, GPRS, e.a.) %23,0; RDSI lerroez %10,5 dira; modemaren bidez %7,2 eta beste konexio finkoez % %2,3.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, %96,2k Internet dute, eta ADSL lerroak dira gehien (%90,3) erabiltzen direnak. Ondoren, urruti, konexio mugikorrak datoz (%39,5), kablea (%27,7), RDSI lerroak (%13,8), modema (%6,3) eta beste konexio finkoak (%6,3).
Enpresek erabiltzen dute Internet informazioa bilatzeko, banku- eta finantza-zerbitzuetarako eta administrazio-izapideak egiteko.
10 enplegatu eta gehiagoko euskal enpresetatik %75,4k Web orria dute
Enpresak gero eta jakitunagoak dira web orrien garrantziaz. Azken urtean sarean badiren enpresak guztien %33,9 dira, ehuneko 1,5 puntuz hazi ondoren; 10 enplegatu edo gehiagoko enpresen artean %75,4 da portzentajea, 3,6 puntuz hazi ondoren. Internet duten enpresak bakarrik kontuan hartuz gero, guztirakoan %48,4 dugu eta %78,4 10 enplegatu edo gehiagokoetan.
Web orrietan enpresaren beraren gaineko informazioa egoten da: produktu eta zerbitzuak, informazio pribatutasunari buruzkoa, saldu ondoko zerbitzuak, lan-eskaintzak.
Orriotako sarbide hizkuntzetan gaztelera da nagusi, %98,9; euskara ondoren, %36,7; ingelesa %28,1 eta besteren batzuk %14,0.
10 enplegatu edo gehiagoko euskal enpresen Internet sarbidea 27EB europar batezbestekoaren gainetik da
Nazioartean, eta jarduera eta enplegu datu homogeneoak alderatuz gero, euskal enpresetan presenteago dago Internet (%96) Europar Batasuneko gainerakoetan (%93) baino; banda zabala ere gehiago erabiltzen da (%94 eta %82).
10 enplegatu edo gehiagoko euskal enpresen %23,7k merkataritza elektronikoa egin du 2009. urtean.
2009.ean euskal establezimenduen %14,9k egin du merkataritza elektronikoa; aurreko urtearen aldean 0,1 puntuko murrizketa. Zifra honetara heltzen da, nagusiki, %13,8k bide elektronikoetatik erosketak egiten dituztelako, 0,1 puntuko murrizketa dagoelarik; neurri txikiagoan salmentak ditugu , %3,4, 2008an bezalaxe.
Zifra hauek handitu egiten dira 10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, non sarean edo bestelako sistema elektroniko baten bidez (EDI, datu elektronikoen trukaketa) erosketak edo salmentak egiten dituztenen portzentajea %23,7 den, %1,5 hazi ondoren. Segmentu honetan ere guztirakoaren gehiena erosketa elektronikoak egiten dituztenengandik dator, %20,2, lehengo urtearen aldean %1,1 puntu hazi delarik; eta neurri txikiagoan bide berberetatik salmentak egiten dituztenengandik, %8, 2008an bezalaxe.
Ohar metodologikoa: INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI)-Enpresak 2010eko datuak argitaratzeko, EUSTATek Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Berria (JESN 2009) erabiltzen du. IGI-enpresak inkesta arte argitaratutako datuek JESN-93 erabiltzen zuten. Orain dibisio berriak sortu dira jarduera ekonomikoen sailkapenean, zeinak argitaratutako tauletan azaltzen diren; xehatze hauek ez dira aurreko urteetakoekin alderagarriak.
JESN-93 eta JESn-2009 jarduera sailkapenak
Eustaten web orrian, datu-bankuan, 2001-2009 seriea JESN-93rekin dator eta 2010ekoak JESN-2009 berriarekin.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Jose Miguel Escalada
Tel:+34-945-01 75 96 Faxa:+34-945-01 75 01
EUSKAL AEko INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI)-Enpresak inkestari buruzko prentsa-ohar gehiago
EUSKAL AEko INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI)-Enpresak inkestari buruzko datu-bankua