Prentsa-oharra 2010/11/15
Euskal AEko BPG urte arteko %0,6 hazi da 2010eko hirugarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoarekiko ez da hazi
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko BPG %0,6 hazi da 2010eko hirugarren hiruhilekoan, 2009ko aldi berarekin alderatuz gero. Tasa hamarren bat hazi da, aurreko hiruhileko hazkundearekiko.
Espainiako ekonomiarako datua %0,2 izan da; EB-27rakoa %2,1; Euro-16 zonalderakoa %1,9 eta AEBetarakoa %3,1.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, Euskal AEko BPG ez da hazi (%0,0) aurreko hiru hiruhilekoetan eboluzio positiboa izan ondoren. Hiruhileko aldaketa hau espainiar ekonomiakoaren antzekoa izan da, EB-27an eta Euro-16 zonaldean %0,4koa eta AEBetan %0,5ekoa.
Eskaintzaren ikuspegitik hiruhileko honetako urte arteko hazkundea lehen sektoreak eta industriak joera hobea izan dutelako gertatu da. Zerbitzuen sektoreak eboluzio positiboa du, baina aurreko hiruhilekoan baino moderatuagoa izan da. Eraikuntza sektorearen jarduerak, aldiz, aurreko bi hiruhilekoetako joera negatiboarekin jarraitzen du eta areagotu egin da, gainera.
Lehen sektoreak urte arteko (%18,3) eta hiruhileko arteko (%5,2) hazkunde aipagarria du.
Industriak bigarren aldiz jarraian hazkunde-tasa positiboak ditu bai urte artean bai hiruhileko artean. Urte arteko eboluzioa (%1,4) aurreko hiruhilekoa baino bost hamarren handiagoa izan da; hiruhileko terminoetan, aldiz, hazkunde-tasa positiboa izan den arren (%0,4) urteko bigarren hiruhilekoa baino bost hamarren baxuagoa da.
Eraikuntzaren sektoreak, aldiz, ez du industriakoaren eboluzioaren antzik eta tasa negatiboak ditu nahiz aurreko hiruhilekoarekiko nahiz aurreko urteko hiruhileko berdinarekiko. Beheraka aurreko hiruhilekoa baino handiagoa da; urte arteko %6,1eko eta hiruhileko %0,9ko beherakadak izan dira eta eraikuntzaren azpisektorean eta obra zibilean gertatu dira.
Zerbitzuen sektoreko eboluzio globala apur bat mantsotu egin da urte arteko eta hiruhileko hazkunde-tasetan. Urte arteko terminoetan % 0,7 hazi da, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago, eta hiruhileko arteko terminoetan eboluzio konstantea du, % 0,0ko tasarekin, aurreko hiruhileko lau hamarren positiboekin alderatuz gero.
2010eko hirugarren hiruhileko honetan Merkatuko Zerbitzuek bigarren hiruhilekoan baino eboluzio moderatuagoak izan dituzte. Urte arteko tasa hamarren bat gutxiago hazi da eta %0,9an dago; hiruhileko tasa %0,1 jaitsi da, hau da, 2010eko bigarren hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago.
Ez merkatuko zerbitzuek ere tasa baxuagoak dituzte; urte arteko tasa %0,3 erori da eta hiruhileko artekoa %0,4 hazi. Azkeneko tasa hau aurreko hiruhilekoa baino bost hamarren txikiagoa da.
Eskariaren ikuspegitik ekonomiaren eboluzioak izan duen gauzarik nabarmenean barneko eskariak ia osagai guztietan izan duen beherakada izan da. Beherakada hau hein batean konpentsatu da kanpoko sektoreak joera hobea izan duelako.
Etxeetako azken kontsumoko gastuak (kontsumo pribatuak) urte arteko hazkunde-tasa positiboa izan du (%1,2) baina aurreko hiruhilekokoa baino bi hamarren baxuagoa. Horrek aurreko hiruhilekoarekiko %0,9ko beherakada dakar, hiru hiruhilekotan hiruhileko arteko tasa positiboak izan ondoren.
Kontsumo publikoak (herri administrazioen azken kontsumoko gastuak) jokaera moderatuagoa du, bigarren hiruhilekoan urte arteko eta hiruhileko arteko tasak urteko lehen hiruhilekoan baino handiagoak izan ondoren. Hirugarren hiruhileko honetako tasa negatiboa da(-%0,2) eta hiruhileko artekoa positiboa den arren (%0,3), aurreko hiruhilekokoa baino bost hamarren moderatuagoa da.
Kapitalaren eraketa gordinaren (Inbertsioa) eboluzioa eraikuntzaren eta ekipoko ondasunen sektoreek zehazten dute, batez ere. Azken bederatzi hiruhilekotan barneko eskarian tasa negatiboak mantentzen dituen osagai bakarra da, naiz eta beherakadaren erritmoa moteldu egin den urte arteko tasan (-%2,9) eta hiruhileko artekoan (-%0,1).
Kontsumo publikoaren eta pribatuaren eboluzioak eta kapitalaren eraketa gordinak eta horien pisu erlatiboek zehazten dute Barne Eskariaren jarrera. 2009ko hiruhileko berdinarekiko hazkunde-tasa nulua du (%0,0) eta bost hamarren hobetu da bigarren hiruhilekoko urte arteko tasa negatiboa. Baina hiruhilekoei dagokienez, Barne Eskariaren eboluzioa negatiboa da, zortzi hamarreneko beherakada izan baitu; hau da, bigarren hiruhilekoan erregistratutako hiruhileko artekoa baino puntu bat beherago dago.
Kanpoko sektoreari dagokionez, BPGren eboluzioari egin dion ekarpen positiboa da esanguratsuena. Urte arteko terminoetan, esportazioen eboluzioa zabaltzaileagoa (%9,1) izan da inportazioena baino (%8,0) eta munduko gainerakoekiko saldoa hobetu egin da. Baina kanpoko merkataritzan bi hiruhilekotan hiruhileko arteko tasak positiboak izan ondoren (nahiz inportazioan nahiz esportazioan), hirugarren hiruhileko honetan berriro ere behera egin du; %0,3 esportazioetan eta %1,1 inportazioetan.
Enpleguari dagokionez, lanpostuak egonkor daude (%0,0) bigarren hiruhilekoarekiko eta %0,2ko tasa negatiboa dute aurreko urteko hiruhileko berdinarekiko, nahiz eta aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa izan, orduko beherakada %0,6koa izan baitzen. Sektoreei dagokienez, nekazaritzak, industriak eta eraikuntzak enplegua galdu dute urte arteko tasan eta hiruhileko artekoan; zerbitzuen sektoreak joera hobea izan du urte arteko %1,5eko eta hiruhileko arteko %0,2ko tasa positiboekin.
BPGk lurralde historikoko izan duen eboluzioari dagokionez, Arabak du urte arteko tasaren joerarik onena %2,9ko hazkundearekin, jarraian Bizkaia dago %0,3rekin eta Gipuzkoak ez du aldaketarik izan (%0,0). Hiruhileko terminoetan, Arabak %0,3ko tasa negatiboa du, Bizkaiak ez du aurreko hiruhilekoarekiko aldaketarik (%0,0) eta Gipuzkoa %0,2 hazi da.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua