2010/12/17ko prentsa-oharra
Jaiotzak %4,9 murriztu ziren 2010eko bigarren hiruhilekoan
Hiruhileko honetako jaiotzen hirutik bat ezkontzatik at izan da
2010eko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEn jaiotako haur kopurua 5.163ekoa izan zen, iazko aldi berean baino %4,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Araban 876 haur jaio ziren, 2009ko bigarren hiruhilekoan baino %3,8 gehiago. Bizkaian 2.579, %2,9 gutxiago; Gipuzkoan 1.708, %11,4 gutxiago.
Ezkontzaz kanpo jaioak guztizkoaren %32,5 izan ziren (%29,9 2009ko hiruhileko berean). Bizkaia (%32,8) izan zen Euskal AEko kopuru orokorraren gainetik ibilitako lurralde bakarra. Araban eta Gipuzkoan ehunekoak pixka bat txikiagoak dira, %31,4 eta %32,4.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2010eko bigarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.832, lehenengo haurrak izan ziren; 1.910 (%37,0) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren; hirugarren eta ondorengoak %8,2. Bizkaian (%44,3), bigarren eta ondorengo seme-alaben kopurua Euskal AEko batez bestekoa (%45,1) baino txikiagoa izan zen, eta hori herrialde horretan baino ez zen gertatu. Gipuzkoa batez bestekoaren gainetik dago (%45,3), eta Arabak du ehunekorik handiena (%47,5).
Jaiotzen %78an amak 30 urte baino gehiago zituen
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, haien artean gertatu baitziren erditzeen %42,2. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea kokatu zen, hau da, 35-39 urte artekoa (%30,5); ondoren 25-29ko taldea, %15,9. Muturreko adinetan, 25 urtez behera amatu zirenak %6,3 izan ziren; 40 urtez gorakoen taldeak jaiotzen %5,2 ekarri zituen.
Ama ezkongabeen amatasun-adina ama izan direnen multzoarenaren azpitik dago; ama ezkongabeen %14 25 urtetik beherakoak baitziren, eta 25-29 urteen artekoak %22.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua