2011/02/15eko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %0,8ko hazkundea izan zuen 2010eko laugarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean hazkundea positiboa da, %0,2
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko BPG %0,8 hazi da 2010eko laugarren hiruhilekoan, 2009ko aldi berarekin alderatuz gero. Tasa bi hamarren hazi da, aurreko hiruhilekoko hazkundearekiko. Espainiako ekonomia urte artean %0,6 hazi da.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, Euskal AEko BPG %0,2 hazi zen, aurreko hiru hiruhilekoan inongo hazkunderik ez izan ondoren. Hiruhilekoen arteko aldakuntza hau Espainiako ekonomiak edukitakoaren antzekoa izan da.
Eskaintzaren ikuspegitik, hiruhileko honetako urte arteko hazkundea industriak eta zerbitzuek jokaera hobea izan dutelako gertatu da. Zerbitzuetan, bilakaera positiboa izan da bai merkatukoetan, bai ez-merkatukoetan. Eraikuntzan oraindik ere negatiboa izan zen jarduera, baino aurreko hiruhilekoan baino apalkiago.
Lehen sektoreak urte arteko hazkunde nabarmena izan du (%8,2), baina ez aurreko hiruhilekoaren (%-7,7) aldean.
Industriak eutsi egin zion aurreko hiruhilekoan izandako urte arteko hazkundeari (%1,6); hamarren bat jaitsi zen hiruhilekoen artekoa (%0,5) aurreko hiruhilekoaren aldean. 2009an eta 2010eko lehen hiruhilekoan jaitsiera handiak izan ziren bai urte artekoan, bai hiruhilekoen artekoan; ondoren, industrian bilakaera positiboak izan ditugu hiru hiruhilekoz jarraian, bai urte artekoan, bai hiruhilekoen artekoan.
Eraikuntzak berriz izan du urte arteko tasa negatiboa (%-6,2); aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago. Jaitsiera bai etxegintzan, bai obra zibilean gertatu da. Hiruhilekoen artean hamarren bat positiboa dugu; aurreko hiruhilekoan %1,3 negatiboa izan zen. 2007ko bigarren hiruhilekotik, hiruhilekoen arteko lehen datu positiboa da.
Zerbitzuen sektoreko bilakaera globala apur bat bizitu da urte arteko eta hiruhileko arteko hazkunde-tasetan. Urte artekoan %1,1 hazi zen, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago, eta hiruhileko arteko terminoetan bilakaera positiboa izan zuen, %0,6; aurreko hiruhilekoan ez zen inongo hazkunderik izan.
2010eko laugarren hiruhileko honetan, Merkatuko zerbitzuen bilakaera zertxobait positiboagoa izan da aurreko hiruhilekoan baino, bai urte artean, bai, bereziki, hiruhileko artean. Urte arteko hazkundea %0,9 izan da, aurrekoan baino hamarren bat gehiago; hiruhileko arteko hazkundea 7 hamarren izan da, hirugarren hiruhilekoan hamarren bat jaitsi zelarik.
Ez-merkatuko zerbitzuek hazkunde-tasa positiboak izan dituzte, bai urte artekoan (%2,0), bai hiruhileko artekoan (%0,4).
Balio Erantsia aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago (%0,6) hazi zen urte artean eta hamarren bat gehiago (%0,2) hiruhileko artean.
Eskariaren aldetiko bilakaera ekonomikoan izandako gertaerarik nabarmenena kanpo-sektorearen jokaera ona izan da; Barne-eskaria %0,1 hazi da, aurreko hiruhilekoan bezalatsu.
Familia-etxeen azken kontsumoaren gastua (Kontsumo Pribatua) urte arteko %1,2ko tasaz hazi zen, aurreko hiruhilekoan bezalaxe; hiruhileko artean, %0,5 hazi zen, hirugarren hiruhilekoan baino hobeto, orduan %0,9 jaitsi baitzen.
Kontsumo Publikoak (Herri administrazioen azken kontsumoko gastua) neurritsuago jokatu du. Laugarren hiruhileko honetan urte arteko tasa %1,0 da eta hiruhileko artekoa %-0,6.
Kapital eraketa gordinaren (Inbertsioaren) bilakaera berriz ere negatiboa izan da, %3,2, urte artean; jaitsiera aurreko hiruhilekokoa baino zortzi hamarren txikiagoa da. Hiruhileko arteko bilakaera positiboa izan da (%0,8) aurreneko aldiz 2008ko lehen hiruhilekotik.
Kontsumo publikoaren eta pribatuaren eboluzioak, Kapitalaren eraketa gordinak eta horien pisu erlatiboek zehazten dute Barne Eskariaren jarrera. Hazkunde-tasa positiboa du (%0,1) urte artean, aurreko hiruhilekoan bezalaxe. Hiruhileko arteko hazkundeak (%0,1) zazpi hamarrenez egin du hobera aurreko hiruhilekoaren aldean.
Kanpoko sektoreari dagokionez, BPGren bilakaerari egin dion ekarpen positiboa da esanguratsuena. Urte artekoan, esportazioen bilakaera zabaltzaileagoa (%12,8) izan da inportazioena baino (%12,2) eta munduko gainerakoekiko saldoa hobetu egin da. Hauxe gertatzen da hiruhilekoen arteko tasetan ere: esportazioak gehiago hazten dira (%0,9) inportazioak (%0,5) baino.
Lanpostuak bost hamarrenez jaitsi dira urte artean eta hamarren batez hiruhileko artean; aurreko hiruhilekoko tasak pittin bat egin du txarrera.
Nekazaritzak, industriak eta eraikuntzak enplegua galdu dute urte arteko tasan eta hiruhileko artekoan; zerbitzuen sektoreak joera hobea izan du.
BPGren bilakaeran, Araba ibili da hoberen urte arteko tasetan, %1,4 hazi da; Bizkaian %0,8 eta Gipuzkoan %0,6. Hiruhileko artean, Arabak %0,9, Bizkaiak %0,2, Gipuzkoak %0,1.
Urtean zehar BPG %0,3 hazi zen, eta enplegua, jaitsi (%-0,8)
2010.eneko globalean, eskaintzatik, Industria %0,4 hazi denez eta Zerbitzuak %0,8, hazkunde-tasa positiboa da. 2010eko Eraikuntzaren bilakaera negatiboa izan da, (%-5,9); baita Lehen sektorean (%-2,8) ere; industria eta zerbitzuen bilakaerei kontra eginez. Produktuen gaineko zerga garbiak 2010eko globalean %2,1 hazi da
Gastuaren aldetiko analisian, Barne Eskariaren jaitsiera dago, %0,7, eta BPGren %0,3ko hazkundea; beraz, urtean gure kanpo-saldoaren ekarpen positiboa dago. Barne eskariaren jaitsiera 2010ean (%-0,7) txikiagoa izan da 2009koa (%-5,7) baino.
Barne Eskariaren bilakaera Familia-etxeen Azken Kontsumoko Gastuak (%0,8), Herri Administrazioetako Azken Kontsumoko Gastuak (%1,3) eta Kapital Eraketa Gordinaren jaitsiera nabarmenak (%-6,0) erabaki dute.
Langile okupatuak %0,8 jaitsi ziren batez beste; jaitsi, sektore guztietan, zerbitzuetan (%+0,9) izan ezik. Enplegua, batez ere, eraikuntzan (%-5,8) eta industrian (%-3,5) jaitsi zen. Lehen sektorean %-1,2.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua