2011-06-10eko prentsa-oharra
2010eko laugarren hiruhilekoan ezkontzen %72 zibilak izan ziren
Ezkontzen kopurua %9,6 jaitsi eta ezkontideen adinak igoz darrai
2010eko laugarren hiruhilekoan, ezkontza zibilak gehitu egin ziren aurreko urteko aldi beraren aldean; 2009ko %68tik 2010eko %72ra, Eustaten datuen arabera. Urteko azken hiletan udakoetan (uztail, abuztu, irailean) baino ezkontza zibil proportzio handiagoa izaten da; udan %45 kanonikoak izan ziren eta %55 zibilak.
Euskal AEko ezkontzak: Urrian, azaroan eta abenduan 1.588 ezkontza izan ziren Euskal AEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino %9,6 gutxiago. Bizkaian 798, Gipuzkoan 523 eta Araban 228. Bizilekua gure erkidegokotik kanpo dutenen artean 39 ezkontza egin ziren.
Bizilekua Euskal AEn duten 1.538 gizonezko eta 1.548 emakumezko ezkondu ziren. Horietatik 1.343 senarrentzat (%87,3), lehen ezkontza izan zen; 6 alargun eta 189 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehenengo aldiz ezkondutako emakumeen portzentajea pixka bat handiagoa izan zen gizonena baino; 1.368 izan ziren (%88,4); alargunak 10 eta dibortziatuak 170.
Atzerriko naziotasuna duten ezkontide kopurua goraka
2010eko 4. hiruhilekoan gizon ezkonberrien %10 eta emakume ezkonberrien %14 atzerritarrak ziren; aurreko urtean, %9 eta %12.
Ezkontzak ezkontideek eztei-egunean zuten adinaren arabera banatuz gero, 2010eko laugarren hiruhilekoan senarren arteko %84,9k 30 urtetik gora zituzten; emazteen artean, berriz, %74,6k. Ehuneko biak aurreko urteko hiruhileko berean izandakoak baino handiagoak dira, aldi hartan %83,7 eta %73,7 izan baitziren.
Aurrera doa, beraz, ezkontzeko adina atzeratzeko joera; 2010. urtean senarren %82,9 eta emazteen %70,1 30 urte edo gehiagorekin ezkondu ziren; 2009.ean baino ehuneko altuagoak,%81,2 eta %67,1 izan baitziren.
2010. urteko behin-behinekoan, Euskal AEn bizi zirenen ezkontza kopurua aurreko urtekoa baino %3,2 txikiagoa izan da. Ezkontza zibilen proportzioak ehuneko 5 puntutan gainditu zuen 2009koa; 2010ean ezkontza guztien %66 izan zen.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua