2011-06-03ko prentsa-oharra
Euskal AEko industri jarduera %3,0 hazi da 2011ko apirilean
Aurreko hilabetearekin, 2011ko martxoarekin, alderatuta Euskal AEko industri produkzioa %0,5 jaitsi da
Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegi homogeneoari dagokionez, Euskal AEko industri produkzioa %3,0 hazi da 2011ko apirilean, 2010eko hilabete berarekin alderatuta betiere. Aurreko hilabetearen, hau da, 2011ko martxoaren aldean Euskal AEko industri produkzioa %0,5 jaitsi da, baina estazionalitate-ondorioak zuzendu ostean.
Industri sektore nagusienak sailkatu ostean, 2011ko apirileko indizearen eta 2010eko apirileko indizearen bilakaeren artean alde nabarmenak eman dira sektore guztietan: ekipamenduko ondasunak eta tarteko ondasunak %4,8 igo dira (biak), baina energiak %1,7 egin du behera eta kontsumo-ondasunek %4,5. Azken hauen beherakada, batez ere, kontsumo-ondasun iraunkorren beherakadaren ondorioz (%12,9) gertatu da, kontsumo-ondasun ez iraunkorrek ere behera egin arren hauen jaitsiera txikiagoa izan baita (-%1,9).
2011ko apirileko hilabete arteko aldakuntzak (2011ko martxoaren aldean) ikur ezberdina izan du industriako sektore nagusietan. Ekipamenduko ondasunak %0,7 igo dira eta energia %0,5. Tarteko ondasunek, aldiz, %1,9 egin dute behera eta kontsumo-ondasunek %4,8; azken hauek, kontsumo-ondasun ez iraunkorrak %6,0 jaitsi direlako eta kontsumo-ondasun iraunkorrak %0,1 igo direlako.
2011ko apirilean (aurreko urteko hilabete beraren aldean) hazkunderik handienak izan dituzten sektore nagusiak makinak eta ekipoa eta materiala eta ekipo elektrikoa izan dira, %15,6 eta %14,5eko tasekin hurrenez hurren.
Bestalde, energia elektrikoa, gasa eta lurrina eta elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak izeneko sektoreek urte batetik bestera %7,3 eta %7,2 egin dute behera, hurrenez hurren.
Lurralde historikoka, Industri Produkzioaren Indizeak urte batetik besterako apirilean izan duen bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan. Araban %3,8 igo da, Bizkaian %1,4 eta Gipuzkoan %4,2. Gipuzkoan hilabete batetik besterako hazkunde tasa positiboa izan da: %0,1 igo da. Araban %2,2 egin du behera eta Bizkaian %0,3, 2011ko martxoaren aldean.
Argibide gehiago eskuratzeko:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetan jartzeko pertsona: Gerardo Pérez Aja
Tel.: +34-945-01 75 06 Faxa: +34-945-01 75 01.
Euskal AEko Industri Produkzioaren Indizeari (IPI) buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Industri Produkzioaren Indizeari (IPI) buruzko datu-bankua