2011-07-11ko prentsa-oharra
10 enplegatu edo gehiagoko euskal enpresen Internet sarbidea eta web edukitzea 27-EB europar batezbestekoaren gainetik dira
Internet duten enpresen %61,8k -10 langile baino gehiagoko %85,2k- Administrazio Publikoarekin izapideak egiteko erabiltzen dute
Eustaten datuen arabera, euskal enpresetako IKT- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek- hobetuz jarraitzen dute 2011ko hasieran. Gaur egun enpresa txikiek dituzte ehuneko hazkunderik handienak; izan ere, handietan ia denek badituzte ekipamenduok.
Hazkunde-erritmoa motelduz joan bada ere azken urteetan, ekipamenduen hobekuntza etengabea izan da; establezimenduen %77,2k ordenagailua du, azken urtean ehuneko 0,7 puntu igo ondoren; Internet %72,4k dute, hazkundea 2,5 puntu izan delarik; eta posta elektronikoa %70,7k, 2,4 puntu hazi ondoren. Sakelako telefonoa ehuneko 1,1 puntuz hazi da, eta erkidegoan gehien aurkitzen den IKT ekipamendua da; euskal establezimenduen %82,8k du.
Enpresen %37,3k web orria dute, azken urtean 3,4 puntuz hazi da. Internet bakarrik duten enpresak aintzat hartuz gero, %51,5eko ehunekoa dugu.
Lurraldeka ez dira oso esanahitsuak aldeak, baina Araban eta Gipuzkoan da teknologia hauen ezarpenik handiena; Bizkaian zertxobait azpitik.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresek, astiroago, hobetu ere dituzte IKT ekipamenduak; hain zuzen ere ia iritsi dira baliagarritasun atarira, web orrietan izan ezik
Ehuneko hauek dezente handiagoak dira 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan: ordenagailua %98,5ek; posta elek. %97,5ek; Internet %97,2k; %94,0k sakelakoa eta %80,6k web orria.
Langileen artean teknologiok darabiltzatenen ehunekoa ez da askorik aldatu. Ordenagailua %63,8k darabil; %54,3k Interneteko sarbidea du eta posta elektronikoa %55,3k.
Garrantzitsua da adieraztea ezen teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen portzentajeak kontuan hartuta, aldeak asko txikitzen direla. Izan ere, establezimendu txikiek gehiago aurreratu dute, eta handietan enplegatuen zati batek baino ez du enpresako ekipamenduak erabiltzeko aukera. Bizkaia da teknologia hauek erabiltzen dituzten enplegatuen portzentajerik handienekoa; ondoren Gipuzkoa eta Araba.
Euskal enpresen Interneteko sarbidea ADSL lerroen bidez egiten da nagusiki
Interneteko sarbidea duten euskal enpresak %72,4 dira; aurreko urtearen aldean ehuneko 2,5 puntuko hazkundea. Interneteko sarbidea ADSL lerroen bidez egiten da nagusiki, sarrera duten enpresen %86,2; erabilera, halere, egonkortu egin da azken urteotan. Konexio mugikorrak (%29,6) eta zuntz optikoa (%27,2) nabarmen hazi dira.
Gainerako bideek erabilpen ehuneko txikiagoak dituzte. RDSI lerroak %9,3 dira; modem bidezkoak %5,3 eta beste konexio finkoak %2,2.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, %97,2k Internet dute, eta ADSL lerroak dira gehien (%89,9) erabiltzen direnak. Ondoren, urruti, konexio mugikorrak datoz (%47,3), kablea (%31,8), RDSI lerroak (%17,3), modema (%5,0) eta beste konexio finkoak (%6,5).
Enpresek Internet erabiltzen dute informazioa bilatzeko, banku- eta finantza-zerbitzuetarako eta administrazio-izapideak egiteko.
Internet bidezko izapideak Administrazio Publikoarekin enpresen %61,8k egiten dituzte: informazioa jaso, agiri eta inprimakiak jaso eta bete, prozedurak izapidetu eta proposamen eta lizitazioak aurkeztu, besteren artean.
10 enplegatu eta gehiagoko euskal enpresen %80,6k Web orria dute
Enpresak gero eta jakitunagoak dira web orrien garrantziaz. Azken urtean sarean badiren enpresak guztien %37,3 dira, ehuneko 3,4 puntuz hazi ondoren; 10 enplegatu edo gehiagoko enpresen artean %80,6 da portzentajea, 5,2 puntuz hazi ondoren. Internet duten enpresak bakarrik kontuan hartuz gero, guztirakoan %51,5 dugu eta %83,0 10 enplegatu edo gehiagokoetan.
Web orrietan enpresaren beraren gaineko informazioa egoten da: produktu eta zerbitzuak, informazio pribatutasunari buruzkoa, saldu ondoko zerbitzuak, lan-eskaintzak.
Orriotako sarbide hizkuntzetan gaztelera da nagusi, %99,1; euskara ondoren, %36,7; ingelesa %29,0 eta beste batzuk %14,2.
10 enplegatu edo gehiagoko euskal enpresen Internet sarbidea 27-EB europar batezbestekoaren gainetik da
Nazioarteko mailan, 27-EBrekiko konparagarritasun perfektu baterako, 10 langile baino gehiagoko enpresen datuak erabiltzeaz gain, 2010eko informazioa erabili behar da, non euskal enpresen Interneterako sarrera-datuak (%96), Europako Batasuneko batez bestekoaren (%94) gainetik zeuden; banda zabalaren erabilera ere handiagoa zen (%94/%85). Euskal AEn web orria enpresen %74k zuten 2010ean; 27-EBn %69k batez beste.
2011n, Euskal AEn: Internet %97k; banda zabala %96k; web orria %80k.
10 enplegatu edo gehiagoko euskal enpresen %23,1ek merkataritza elektronikoa egin du 2010. urtean.
2010.ean euskal establezimenduen %15,1ek egin du merkataritza elektronikoa; aurreko urtearen aldean 0,2 puntuko hazkundea. Zifra honetara heltzen da, nagusiki, %14,2k bide elektronikoetatik erosketak egiten dituztelako, 0,4 puntuko hazkundea dagoelarik; neurri txikiagoan salmentak ditugu , %3,9, 2009an baino puntu erdia gehiago.
Zifra hauek handitu egiten dira 10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, non sarean edo bestelako sistema elektroniko baten bidez (EDI, datu elektronikoen trukaketa) erosketak edo salmentak egiten dituztenen portzentajea %23,1 den, 0,6 puntuz murriztu ondoren; bai erosketak egiten dituzten enpresen ehunekoa, bai salmentak egiten dituztenena hazi egin dira. Segmentu honetan ere guztirakoaren gehiena erosketa elektronikoak egiten dituztenengandik dator, %20,3, lehengo urtearen aldean %0,1 puntu hazi delarik; eta neurri txikiagoan bide berberetatik salmentak egiten dituztenengandik, %8,5, 2009an baino puntu erdia gehiago.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Juan Luis Gonzalez
EUSKAL AEko INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI)-Enpresak inkestari buruzko prentsa-ohar gehiago
EUSKAL AEko INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI)-Enpresak inkestari buruzko datu-bankua