2011-09-26ko prentsa-oharra
2011ko lehenengo hiruhilekoan %0,2 gehitu ziren jaiotzak
Jaiotzak Bizkaian areagotu dira, baina behera egin dute Araba/Álavan eta Gipuzkoan
Eustaten datuen arabera, 2011ko lehenengo hiruhilekoan 5.032 ume jaio ziren Euskal AEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino %0,2 gehiago. Lurraldeka, jaiotza kopuruak behera egin du Araba/Álavan eta Gipuzkoan, %2,1 eta %1,5 hurrenez hurren; Bizkaian, ordea, %2 egin du gora. Zehatzago esateko, Araba/Álavan 792 haur jaio ziren, Bizkaian 2.552 eta Gipuzkoan 1.688.
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzean ikus daiteke 30-34 urtekoak oraindik nagusi direla, jaiotzen %41,7 adin-tarte horretan gertatu baitziren. Gero 35-39 urteko amen artean eman zen jaiotza gehien (%32,7), eta 25-29 urteko amen artean soilik izan ziren jaiotzen %13,8.
40 urte edo gehiago zituztenean ama izan ziren emakumezkoen kopuruak %8,6 egin du behera 2010. urteko hiruhileko berarekin alderatuta: 325etik 297ra jaitsi da 2011n.
Emakume horietatik jaiotako haurrak ume guztien %5,9 izan dira, eta ehuneko berdina hartu dute, hain justu ere, 25 urtetik beherako emakumeetatik jaiotakoek. Jaiotzen hurrenkera kontuan hartuta, 2011ko lehenengo hiruhilekoan jaiotzen erdia baino gehiago (2.690 haur) lehenengo seme-alabak izan dira; 1.922 haur (%38,2) bigarren seme-alabak izan dira eta jaiotako haurren %8,1 hirugarrena edo hortik gorako seme-alaba izan da.
Jaiotako ume guztien %33,4 ezkontzatik kanpo jaio ziren, 2010eko lehenengo hiruhilekoko kopurua baino 2,4 puntu gehiago. Bizkaian besterik ez da lortu Euskal AEan baino datu altuagoa, %35,6 hain zuzen ere. Multzo honetako ama izateko adina seme-alabak izan dituzten emakume guztiena baino txikiagoa izan zen, ezkondu gabe zeuden amen %12,7k 25 urte baino gutxiago baitzituen.
Amen %15ek atzerriko nazionalitatea zuen
2011ko lehenengo hiruhilekoan Euskal AEn izandako jaiotzetatik % 15en amek atzerriko nazionalitatea zuen. Batezbesteko hori nabarmen areagotzen da Araba/Álavan, datua %25era iritsi baitzen; Bizkaian, aldiz, %14koa izan zen, eta Gipuzkoan, ostera, %12koa.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua