2011-11-15eko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %0,6ko hazkundea izan du 2011ko hirugarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta hazkundea nulua izan da (%0,0)
Euskal AEko BPG %0,6 hazi da 2011ko hirugarren hiruhilekoan, 2010eko tarte berdinarekin alderatuz gero, Eustatek landutako datuen arabera. Aurreko hiruhilekoan izandako hazkundearekin erkatuz gero, tasa positibo hau bi hamarren baxuagoa da.
Espainiako ekonomiari dagokionez, datu hau % 0,8koa izan da, EINek argitara emandako aldez aurretiko zenbatespenaren arabera.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Euskal AEko BPGk hazkunde nulua izan du (% 0,0); aurreko hiruhilekoan, ordea, %0,2ko hazkundea gertatu zen. Hiruhileko arteko aldaketa berdina erregistratu du Espainiako ekonomiak ere.
Eskaintzaren ikuspuntutik, hiruhileko honetan urte arteko hazkundea industria sektorearen bilakaera positiboari zor zaio nagusiki, nahiz eta aurreko hiruhilekokoa baino motelagoa izan den. Zerbitzuen sektoreak ere eragin du, apur bat gora egin du eta, merkatukoak ez diren zerbitzuek hobekuntza izan dutelako. Eraikuntza sektorearen jarduerak, ordea, ez du suspertze sintomarik erakusten eta joera negatiboari eutsi dio, aurreko hiruhilekoan islatutakoa baino zertxobait nabarmenagoa.
Lehen sektoreak behera egin du urte artekoari dagokienez (-%21,6), baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuz % 25,3 hazi da.
Industria sektoreak hazkunde positiboko tasak lortu ditu berriz ere urte arteko terminoetan; hala ere, hirugarren hiruhilekoan izandako hazkundea (%1,5) bigarren hiruhilekoan gertatutakoa baino baxuagoa izan da (%3,3.) Hiruhilekoen arteko hazkundeari dagokionez, bilakaera horrek %0,6ko jaitsiera dakar; bigarren hiruhilekoan % 1,3ko igoera gertatu zen.
Eraikuntzaren sektoreak beheranzko bidean jarraitzen du, eta urte arteko tasa negatiboa erregistratu du berriz ere hiruhileko honetan (-%6,0); gainera, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino lau hamarren baxuagoa da. Beste behin ere, eta aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, obra zibilak eta bereziki eraikuntzak parte hartu dute beherakada horretan. Hiruhileko arteko bilakaerak ere balio negatiboetan jarraitzen du (-%1,5), baina aurreko hiruhilekoan baino altuxeago (-%2,0).
Zerbitzuen sektoreko bilakaera globalak positiboa izaten jarraitzen du eta, azken hiruhilekoetan gertatu den bezala, oraingo honetan ere aurreko hiruhilekoan baino pixka bat hobea izan da. Urte arteko datuei dagokienez, % 1,3 hazi zen, urteko bigarren hiruhilekoan izandako hazkundea baino hiru hamarren gehiago. Hiruhileko arteko datuei dagokienez, sektoreak moteltze sintomak erakusten ditu, hazkunde nuluarekin (% 0,0); aurreko hiruhilekoan %0,4 hazi zen.
Sektore agregatuen bilakaerak Balio Erantsia haztea eragin du urte arteko terminoetan (%0,6), bigarren hiruhilekoan izandako igoera baino hiru hamarren baxuagoa. Hiruhileko arteko hazkunde tasa ere aurreko hiruhilekoan gertatutakoa baino baxuagoa da: %0,1eko hazkunde positiboa gertatu zen bigarren hiruhilekoan eta hirugarrenean tasa negatiboa izan da (-%0,1).
Hiruhileko honetan ere eskariaren aldetik kanpo sektoreak izan du portaerarik positiboena, BPGaren bilakaeran ekarpen positiboa izan baitu, inportazioen zein esportazioen hazkunde tasa aipagarriekin. Aurreko hiruhilekoko tasekin erkatuta ere hazkundea nabarmena da.
Aurreko hiruhilekoan bezala, barne eskariak urte arteko %0,2ko hazkundea izan du. Hiruhileko arteko terminoetan jaitsiera %0,6koa izan da; aurreko hiruhilekoan 0,1eko hazkunde positiboa gertatu zen.
Etxeetako azken kontsumoko gastuari dagokionez (kontsumo pribatua), urte arteko hazkunde positiboko tasa erregistratu du, hain zuzen ere % 0,9koa, aurreko hiruhilekokoa baino sei hamarren altuagoa. Hala ere, hiruhilekoen artekoan jaitsiera %0,2koa izan da hiruhileko honetan, azken hiru hiruhilekoetan gertatutako hazkunde positibo moderatuaren ostean.
Kontsumo publikoak (herri administrazioen azken kontsumoko gastua) urte arteko hazkunde-tasa negatiboa erakusten du (-%2,0), denbora luzez hazkunde positiboa izan eta gero. Aurreko hiruhilekoan hazkundea %1,3koa izan zen. Urte arteko jaitsiera honek bederatzi hamarren jaitsiera dakar hiruhileko artekoan, aurreko hiruhilekoan izandako %1,4ko hazkundea baino nabarmen baxuagoa.
Kapitalaren Eraketa Gordinak (Inbertsioa) tasa negatiboak ditu hiruhileko honetan ere, urte arteko datuetan zein hiruhilekoen artekoetan, aurreko hiruhilekoekin parekatuz hobekuntza nabaria bada ere. Urte artekoak %0,2 egin du behera; aurreko hiruhilekoko beherakada %1,0koa izan zen. Hiruhileko artekoan jaitsiera % 0,1ekoa izan da; aurreko hiruhilekoan beherakada %0,8koa izan zen.
Kontsumoaren (publikoa zein pribatua) eta Kapitalaren Eraketa Gordinaren bilakaerek, duten pisu erlatiboekin batera, markatu dute Barne Eskariaren portaera: urte arteko %0,2ko tasa positiboa erregistratu du; tasa hau aurreko hiruhilekoan lortutako bera da. Hala ere, hiruhileko arteko tasa moteldu egin da aurreko hiruhilekoarekin erkatuz: %0,6 jaitsi da oraingoan; 0,1eko hazkunde txikia izan zuen aurrekoan.
Kanpoko sektoreari dagokionez, aurreko hiruhilekoetako dinamika errepikatu da: BPGren bilakaeran ekarpen positiboa izan du. Urte arteko datuetan, berriz ere esportazioen bilakaera (%12,4) inportazioena (%11,1) baino zabalagoa da; horrek kanpo saldoa hobetu du, eta horren ondorioz, barne eskariarekin alderatuz, BPGren bilakaera hobea izan da.
Enplegua dela eta, lanpostuetan zenbatuz, urte arteko zazpi hamarreneko beherakada erregistratu da, eta hiruhileko artekoan lau hamarrenekoa. Sektoreka, industriak eta eraikuntzak enplegua galtzen jarraitu dute urte arteko zein hiruhileko arteko terminoetan. Zerbitzuen sektoreak du portaera sektorial onena: urte arteko hazkundea %0,7koa da, hiruhileko artekoak %0,1eko jaitsiera izan badu ere.
BPGren bilakaera lurralde historikoen arabera aztertuz gero, urte artekoan Arabak izan du portaerarik onena, %0,8ko igoerarekin. Bizkaiak eta Gipuzkoa %0,5eko hazkunde-tasa positiboa izan dute, biek ere. Hiruhileko arteko datuei dagokienez, Gipuzkoak izan du portaerarik onena,%0,2ko hazkundearekin. Araban eta Bizkaian hazkundea nulua izan da (%0,0).
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua