2011/12/14ko prentsa-oharra
10 enplegatu eta gehiagoko euskal enpresen % 30,1ek berrikuntza teknologikoa egin zuten 2010ean
Berrikuntza ez-teknologikoa ere kontuan hartuta, %38,9raino iritsi da ehunekoa
2010ean berrikuntza teknologikoa egin zuten Euskal AEko enpresen ehunekoa %13,8 izan zen, %30,1 hamar enplegatu eta gehiagoko enpresen kasuan, Eustaten datuen arabera. 2010. urtean, Euskal AEko enpresek 2.581,9 milioi euroko gastua egin zuten teknologia berritzeko jardueretan; aurreko urtean baino % 6,2 gutxiago. BPGren % 3,95 izan zen gastu hori.
Berrikuntzarako behar diren jarduera garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: barruko I+G (% 52,7); makinak eta ekipoak erosteko gastua (% 20,8) eta kanpoko I+Gren erosketa (%13,2). Gainerako jardueretarako %13,3 geratzen da.
2008-2010 aldian Euskal AEn berrikuntza teknologikoan aritutako enpresa-kopurua guztizkoaren % 13,8 izan zen, aurreko urtean baino zazpi hamarren gutxiago, 25.747 enpresei dagokiena. Berrikuntza teknologikoaz hitz egiten da enpresek merkatuan produktu berriren bat (ondasuna edo zerbitzua) edota asko hobetutako produkturen bat sartzen dutenean (guztizkoaren % 5,6 2010ean), edota establezimenduaren baitan prozesu berriren bat edo asko hobetutako prozesua ezartzen dutenean (%11,6).
Ehuneko horiek % 30,1eraino iristen dira, 10 langile eta gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartuta, iazko datuetan baino hiru hamarren gehiago. Tamaina horretakoetan, produktuan % 19,9 izan dira berritzaileak, eta prozesuan % 22,2.
Berrikuntzako intentsitatea (berrikuntzako jardueren gastuak zati negozio-kopurua) % 1,62 izan zen, eta barruko I+Garen intentsitatea (barruko I+G gastuak zati negozio-kopurua) % 0,85. Alabaina, 10 langile eta gehiagoko enpresetan ehuneko horiek handiagoak izan ziren: % 2,10 eta % 1,23, hurrenez hurren.
Enpresa berritzaileen %32,1ek finantzaketa publikoa jasotzen du
Enpresa berritzaileen % 32,1ek nolabaiteko finantza-laguntza publikoa jasotzen du. Laguntza horren jatorriari behatuz gero, Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da, laguntza guztien % 23,8rekin. 10 langile eta gehiago dituzten enpresetan, % 52,8k laguntzak jasotzen dituzte, eta Eusko Jaurlaritza da, halaber, enpresarik gehien finantzatzen duena, zehazki tamaina horretako enpresen % 43,5.
I+Gko eta berrikuntza jardueren gaineko lankidetzari dagokionez, establezimendu berritzaileen % 10ek hitzarmenen bat sinatu du enpresa edo instituzioekin 2008-2010 aldian. Ehuneko hori % 25,2ra heltzen da 10 enplegatu eta gehiagoko establezimenduetan.
Enplegu-tamaina horretako establezimenduetan, lankidetza honako hauekin gertatu da: Zentro teknologikoekin (% 53,5), Enpresa bereko beste establezimendu batzuekin (% 52,8), Ekipoen, materialen eta abarren hornitzaileekin (% 37,2), Unibertsitate nahiz goi mailako beste hezkuntza-institutu batzuekin (% 36,7) eta Aditu eta aholkularitzekin (% 32,9).
Enpresa berritzaileen % 77,4aren ustez berrikuntzak ondorio positiboak ditu
Enpresa berritzaileen % 77,4ak uste du berrikuntzak ondorio positiboak dituela. % 71,2aren ustez berrikuntzak ondorio positiboak ditu beren produktuetan, hau da, ondasunetan edo zerbitzuetan; % 60,1aren ustez barruko prozesuetan ditu ondorio positiboak eta % 39ak pentsatzen du beste ondorio positibo batzuk badaudela, ingurumenean edo langileen osasunean, esaterako.
10 langile eta gehiagoko enpresa berritzaileetan, % 90,9aren ustez berrikuntzak ondorio positiboak ditu, eta arestian aipatu gainerako ehunekoak (tamaina horretakoetan) % 87,1, % 74,4 eta % 55,6 dira, hurrenez hurren.
Teknologia-berrikuntza oztopatzen duten faktoreak badirela uste du enpresen erdiak baino gehixeagok
Era berean, enpresen erdia pasak, % 63,1ek hain zuzen ere, uste du teknologia-berrikuntza zailtzen duten faktoreak badirela, ekonomikoak batik bat. Faktore horien artean, berrikuntzen kostu handiegiak (% 46,2), gehiegizko arrisku ekonomikoak (% 43,7) eta finantza-iturri falta (% 43,1) nabarmentzen dituzte enpresek. 10 enplegatu eta gehiagoko enpresetan, berrikuntza oztopatzen duten faktoreak badirela uste dutenak % 69,6 dira, aipatutako oztopoak berberak direlarik.
10 enplegatu eta gehiagoko enpresa berritzaileen % 30,8k patenteren bat edo bestelako babes-metodoren bat erabili du asmazio edo berrikuntzetarako
Aipatzekoa da 2008-2010 aldian 10 enplegatu eta gehiagoko enpresa berritzaileen % 30,8k patenteren bat edo bestelako babes-metodoren bat erabili duela. Aldi horretan, mota honetako enpresen % 11k eskatu zuen patenteren bat bere establezimenduetan egindako asmakuntza edo berrikuntza babesteko, eta enpresen %13,8k patenteren bat zuen indarrean 2010. urtearen amaieran. Bestelako babes-metodoak direla eta, 10 enplegatu eta gehiagoko enpresa berritzaileen % 24,8k erabili du baten bat aipatu aldian. Azken hauen artean aipatzekoak dira marken erregistroa (% 22,6) eta modeloena (% 13,9).
2008-2010 aldian Euskal AEko 10 enplegatu eta gehiagoko enpresen % 38,9k berrikuntza teknologikoa edo ez-teknologikoa egin zuten
Euskal AEn berrikuntza ez-teknologikoa ere kontuan hartzen bada, enpresen %19,8 izan zen berritzaile (berrikuntza teknologikoa edo ez teknologikoa) 2008/2010 aldian. Portzentaje hori berrikuntza teknologikoaz gain (%13,8) berrikuntza ez-teknologikoa egiten duten enpresen guztizkoaren %11,8 kontuan hartuta lortzen da. 10 enplegatu eta gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartuz, enpresa berritzaileak %38,9 dira (berrikuntza teknologikoa edo ez-teknologikoa).
Berrikuntza ez-teknologikoa antolaketa- edo merkaturatze-berrikuntzek osatzen dute.
Antolaketa-berrikuntza enpresa barruan antolatze-metodo berriak ezartzea da enpresako barne-funtzionamenduan, eta euskal enpresen % 8,3k egiten dute. Merkaturatze-berrikuntza lehen erabilitakoak ez diren edo nabarmen aurrekoetatik ezberdinak diren merkataritzako estrategia edo kontzeptuen egikaritzea da, eta Erkidegoko enpresen % 6,3k egiten dute.
10 enplegatu eta gehiagoko enpresei dagokienez, edozein motatako berrikuntza egiten dutenak % 38,9 dira aldi horretan.
Kopuru hori lortzen da kontuan hartuz berrikuntza teknologikoa enpresa horien % 30,1ek egiten dutela, eta ez-teknologikoa % 26,2k.
Berrikuntza ez-teknologikoa, bestalde, tamaina horretako enpresen % 22,3an antolaketa- berrikuntzan gauzatzen da , eta merkaturatze-berrikuntzan % 11,2an.
Soilik aribidean dauden edo huts egindako berrikuntza duten enpresak ere kontuan hartuz (EIN izenekoak), 10 enplegatu eta gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 41,4 dela gaineratu daiteke.
Ohar metodologikoa: Berrikuntza Teknologikoko Inkesta BTI 2009tik aurrera 2009ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (JESN-2009) ezarri zen.
Clasificaciones de Actividades CNAE-93 y CNAE-2009
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Jose Miguel Escalada
Tel:+34-945-01 75 96 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Berrikuntza Teknologikoaren Inkesta, BTI. Prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Berrikuntza Teknologikoaren Inkesta, BTI. Datu-bankua