2012-01-27ko prentsa-oharra
BPGrekiko I+Gko gastuan Gipuzkoa sendo Europako batez bestekoaren gainetik
2010. urtean BPGrekiko gastua % 2,58koa izan zen Gipuzkoan, % 1,92koa Bizkaian eta % 1,58koa Araban
BPGrekiko I+Gko gastuan, Gipuzkoa (% 2,58rekin) izan da nagusi Europako batez bestekoaren aldean (% 2,00), eta Euskal AEko beste bi lurraldeekin zuen aldea areagotu du. Bizkaian (% 1,92) eta Araban (% 1,58) ere gora egin du gastuak aurreko urteko kopuruekin (% 1,85 eta % 1,54, hurrenez hurren) alderatuta; izan ere, hiru lurraldeak Espainiako batez bestekotik (% 1,39) gora egon dira.
2010. urtean, Euskal AEn guztira 1.360 milioi euro inbertitu ziren (BPGren % 2,08) Ikerketa Zientifikoari eta Garapen Teknologikoari lotutako jardueretan (I+G); aurreko urtearen aldean % 6,2 igo zen I+Gn egindako barne-gastua. Hiru lurraldeetan gehitu da gastu hori. Bizkaian 609tik 643 milioira igo da gastua (+% 5,6%), Gipuzkoan 510etik 546ra (+% 7,1) eta Araban 162tik 171ra (+% 5,6).
Erkidegoan lurralde bakoitzak duen pisuari dagokionez, datuak hauek dira: Bizkaia % 47,3, Gipuzkoa % 40,1 eta Araba gainerako % 12,6. Hirurek izan dute aurreko urteko gastuaren oso antzeko banaketa.
Gastu mota aintzat hartuta, Euskal AEn gastu arruntak 1.076tik 1.164 milioira igo dira azken urtean (+% 8,2). Lurraldeka, Bizkaian 516tik 567 milioira igo da gastua (+% 9,9), Gipuzkoan 426tik 450era (+% 5,6) eta Araban, 134tik 148 milioi eurora (+% 10,4).
Kapital gastuak (lur, eraikin, ekipo eta tresnetan egindako inbertsioak) jaitsi egin dira aurreko urtean bezala, 205etik 196 milioi eurora (-% 4,4). Lurraldeka, Bizkaian 94tik 77 milioira jaitsi dira (-% 18,1) eta Araban 28tik 23 milioira (-% 17,9). Gipuzkoan, ordea, gastu hori 83tik 96 milioira igo da (+% 15,7).
Egikaritze-sektoreak bereizita, enpresen sektorean pilatu da gastu gehiena, aurrekoetan bezala; gero Unibertsitateak eta Administrazioak egin dute gastu handiena arlo horretan, baina ezaugarri ezberdinekin hiru lurraldeetako bakoitzean.
Gipuzkoan gertatu da gastuaren ehunekorik handiena enpresen sektorean, % 81,8 eta 447 milioi euro. Ondoren, Araban % 75,9ko gastua egin da, 130 milioi, eta Bizkaian % 73,4 eta 472 milioikoa.
Araban Administrazio Publikoko sektoreak egin du gasturik handiena, gastu osoaren % 9,5; eta ehuneko hori txikiagoa izan da Bizkaian eta Gipuzkoan, % 6,1 eta % 4,0, hurrenez hurren.
Bizkaia, bestalde, Unibertsitateko gastuan nagusi izan da, lurraldearen gastu osoaren % 20,5arekin; Araban gastu hori % 14,6 izan da eta Gipuzkoan % 14,2.
Baliabide pribatuen bidez enpresen sektoreko I+Gn egindako barne-gastuaren % 67,5 finantzatu da
Enpresen sektoreak I+Gn egindako gastuaren % 67,5 ekimen pribatuaren bidezko finantzaketa izan du Euskal AEn; 2009. urtean (% 68,2) baino pixka bat txikiagoa izan da ehuneko hori. Lurraldeka, Araban % 72,4 izan da; Bizkaian % 66,9 eta Gipuzkoan % 66,6.
I+Gn dedikazio osoko baliokidetzan lan egin duen pertsonala hiru lurraldeetan gehitu da, 2009. urtearekin erkatuta. Araban 2.328 pertsonak lan egin dute esparru horretan, eta horien % 49,6 ikertzaileak izan dira; Bizkaian 8.210 pertsona aritu dira, horien % 66,7 ikertzaileak; eta azkenik Gipuzkoan 6.994 pertsona, % 63,5 ikertzaileak. Araban ikertzaile kopuru txikia izan da, baina teknikari kopurua handia izan denez (% 36,7) egoera konpentsatuta dago; hain zuzen, teknikari kopurua beste bi lurraldeetan baino hamar puntu handiagoa da.
Emakumeek I+Gri lotutako jardueretan izan duten partaidetzak hurrengo banaketa izan du: Bizkaian langileen % 36,1, Araban % 33,2 eta Gipuzkoan % 30,4.
Diziplina zientifikoa. Aurreko urteetan bezala, ingeniaritza eta teknologia da gastu handiena egin duen diziplina zientifikoa (% 69,3); diziplina honek izan du, gainera, langile gehien (12.205). Era berean azpimarratzekoa da enpresek diziplina horren % 86,7 finantzatu dutela Euskal AEn. Lurraldeka, Gipuzkoa izan da nagusi, I+Gn egindako gastuaren % 73,2 bideratu delako ingeniaritzara eta teknologiara eta enpresek haien funtsen % 88,5 erabili dutelako. Bizkaian gastuaren % 67,9 da eta enpresen finantzaketa % 86,8 izan da; Arabak % 62,1eko gastua izan du eta enpresen finantzaketa % 80,7 izan da.
Araban, enpresen sektoreak I+Gn egindako gastuaren % 47,5 enpresa txikietan egin da
Enpresen sektoreak I+Gn egindako gastuaren % 29,2 guztira 50 langile baino gutxiago zituzten enpresek egin zuten. Ehuneko hori Araban handiagoa da, % 47,5; Gipuzkoan eta Bizkaian % 23,8 eta % 29,1 izan dira ehunekoak, hurrenez hurren.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetan jartzeko pertsona: José Miguel Escalada
Tel.: +34-945-01 75 96 Faxa: +34-945-01 75 01
Euskal AEko ikerketa eta garapen teknologikoko (I+G) jardueren estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko ikerketa eta garapen teknologikoko (I+G) jardueren estatistikari buruzko datu bankua