2012/02/24ko prentsa-oharra
Ezkontzen kopurua % 1,7 jaitsi zen 2010ean
Bikote ezkondu berrien % 20 elkarrekin bizi ziren ezkondu aurretik, 2007ko % 59aren aldean
2010ean 9.075 ezkontza egin ziren Euskal AEn, aurreko urtean baino % 1,7 gutxiago. Euretariko 142 sexu bereko pertsonen artekoak izan ziren, Eustatek emandako datuen arabera.
Sexu ezberdineko egoiliarren arteko ezkontzak 8.933 izan ziren Euskal AEn, aurreko urtean baino 170 gutxiago, % 1,9ko jaitsierarekin.
Euskal AEko ezkontza-tasa (mila biztanleko 3,8 ezkontza) Espainiakoa baino zertxobait altuagoa da (% 3,7), baina Europar Batasuneko herrialdeen multzoarena baino baxuagoa (4,5eko tasa 2009an).
Amatasunaren adina igotzearekin batera, ezkontideen adina ere igo egin da. 2010ean ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 34,1 urte izan zen, eta 32,3 urte ezkondu ziren emakumezko ezkongabeena. Azken 25 urteotan, 1986tik, emazte ezkonberrien batez besteko adina 7,4 urtez igo da, eta senarrena 6,7 urtez.
Ezkondu aurretik ezkontideek zuten egoera zibilari dagokionez, aurreneko ezkontza izan zen gizonen % 89,4rentzat eta emakumeen % 90,5entzat. Uztailean egin zen ezkontzarik gehien: 1.522; ekainean ondoren (1.276), eta irailean (1.228).
2010eko ezkontzen % 64 ezkontza zibilak izan ziren
Azken urteotan gora egin du ezkontza zibilen kopuruak: 1990ean % 23 izan ziren, eta % 64 2010ean (5.710 ezkontza). 3.205 ezkontza katoliko izan ziren, eta 18 beste erlijio-konfesioetakoak.
Lurraldeka, ezkontza zibilen ehunekorik altuena Gipuzkoan gertatu zen (% 67); Bizkaian % 64 izan ziren ezkontza zibilak, eta Araban % 60. Erkidegotik kanpo ezkondu ziren Euskal AEko egoiliarren ehunekoa, ordea, % 48raino jaisten da ezkontza zibiletan.
Bikote ezkondu berrien % 20 elkarrekin bizi ziren, 2010ean ezkondu aurretik
Ezkondu aurretik, bikoteen % 20 elkarrekin bizi ziren; zifra honek 2008an hasitako beheranzko joera konfirmatzen du. Azken urteotan, ezkondu aurretik elkarrekin bizi ziren bikoteen portzentajea 1996ko minimotik (%19) 2007ko maximoraino (% 59) igo zen; ordutik hona, beheranzko joera bizia gertatu da.
Ezkondu eta Euskal AEtik kanpo bizitzera joan zirenak (556 bikote) batez ere Madrilera, Kantabriara eta Nafarroara joan ziren. Norakoari dagokionez, aldeak badira
hiru herrialdeetan egindako ezkontzen artean: Arabakoak batez ere Madrilera, Errioxara eta Burgosera joan ziren; Bizkaikoak Kantabriara, Madrilera eta Burgosera; Gipuzkoakoek Madrilera, Nafarroara eta Frantziara jo zuten, batez ere.
Ezkontzen guztizkoaren % 15ean, ezkontideetako batek bederen atzerriko nazionalitatea zuen
Ezkontideen naziotasunari begiratuz gero, 1.363 ezkontzatan (guztirakoaren %15,3) ezkontideetako bat bederen atzerritarra zen. Ezkontza hauen % 50,2an emakumea zen atzerriko nazionalitatea zuena, %29,5ean gizonezkoa zen atzerritarra, eta gainerako % 20,3an ezkontide biak.
Emakume ezkonberrien jatorrizko herrialdeari jarraiki, kopuruetan honakoak nabarmendu ziren: Brasil (148 emakume ezkonberri), Kolonbia (127), Bolivia (80), Dominikar Errepublika (43), Argentina (43) eta Ekuador (43). Gizonezkoetan, 88 ezkonberri ziren Marokokoak, 68 Kolonbiakoak, 40 Argentinakoak, 37 Aljeriakoak, 37 Boliviakoak eta 35 Portugaldarrak.
Ezkontza homosexualen kopurua % 11 hazi da aurreko urtearen aldean
2010ean sexu bereko ezkontideen arteko 142 ezkontza izan ziren; 75 gizonen artekoak izan ziren, eta 67 emakumeen artekoak. Lurraldeka, 18 Araban egin ziren, 46 Gipuzkoan, 68 Bizkaian eta 10 Euskal AEtik kanpo.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua