2012-03-23ko prentsa-oharra
Jaiotzak %0,9 urritu ziren 2011ko hirugarren hiruhilekoan
Araban bakarrik hazi da bizirik jaiotakoen kopurua
Euskal AEn jaiotako haur kopurua: 2011ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 5.289 haur jaio ziren, iazko aldi berean baino %0,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Araban 885 haur jaio ziren, %9,8 gehiago; Bizkaian 2.622, %0,7 gutxiago; Gipuzkoan 1.742, %5,8 gutxiago.
Jaiotzen %79,2tan amak 30 urte baino gehiago zituen
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, haien artean gertatu baitziren erditzeen %41. Ondoren, goragoko taldea dago, hau da, 35-39 urte artekoa (%32,2); 25-29ko taldea beherago geratu da, erditzeen %15,2 ekarri baititu. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatzen direnak %5,6 dira, eta 40 urtez gorakoen taldean jaiotzen %6 gertatu da.
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak %34,6 izan ziren; aurreko urteko aldi berean %32,8. Ama ezkongabeen batez besteko adina, 31,6 urte; dibortziatu eta alargunena, 35 urte baino zertxobait gehiago. Ezkondutakoek, hiruhileko honetan eta batez beste, haurrak 33,3 urterekin izan zituzten.
Atzerritarrak 4 urte lehenago amatzen dira espainiarrak baino
2011ko udako hiletan Euskal AEn amatutakoen arteko %16,1 atzerritarrak ziren. Ehuneko horren gainetik, Araba, %21,4; Bizkaian %15,8 eta Gipuzkoan %13,9.
Amatzeko adina aldatu egiten da naziotasunaren arabera. Atzerritarrena, 29,4 urte batez beste; espainiarrena, 33,5.
Bigarren eta hurrengo haurrak %13 ugaritu ziren Araban
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2011ko hirugarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.936 haur, lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.928 haur (%36) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren; hirugarren eta ondorengo seme-alabak, %8.
Aurreneko haurra izan duten emakume kopurua %3 jaitsi da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; bigarren eta ondorengo seme-alabak %2 hazi dira. Hazkunde hau Araban gauzatu da batik bat, %13; Gipuzkoa eta Bizkaian %0,1.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua