2012/05/16ko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %0,3ko murrizketa izan zuen 2012ko lehenengo hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean, aldakuntza negatiboa izan da, baita ere, (%-0,3 )
Euskal AEko BPG %0,3 murriztu zen urte artean 2012ko lehenengo hiruhilekoan, EUSTATek landutako datuen arabera. Datu honekin tasa negatiboetara bueltatzen gara, zazpi hiruhilekotan hazkunde positiboak izan ondoren. Espainiako ekonomian, tasa %-0,4 izan da, INEk argitaratutako aurrerapen-zenbatespenaren arabera.
Aurreko hiruhilekoaren aldean Euskal AEko BPGk hazkunde negatiboa (%-0,3) izan du lehen hiruhileko honetan; aurreko hiruhilekoan ere negatiboa (%-0,2) izan zen hiruhilekoen artekoa. Hiruhilekoen arteko aldakuntza hau Espainiako ekonomiak edukitako berbera (%-0,3) izan da, INEren zenbatespenaren arabera.
Eskaintzaren ikuspuntutik, hiruhileko honetako urte arteko bilakaera bereziki markatu dute bai industriaren, bai eraikuntzaren bilakaera negatiboagoek, eta zerbitzuen oso hazkunde apal batek; azken hau zor izan zaio batez ere merkatuko zerbitzuen hazkunde tasaren murrizketari.
Bai lehen sektorearen, bai produktuen gaineko zerga garbien urte arteko bilakaera aurreko hiruhilekokoa bezalatsukoa izan da.
Lehen sektorea %18 hazi da urte artean eta %41,3 murriztu hiruhileko artean.
Industrian %-1,1 eduki dugu urte artean; tasa negatiboak dituen bigarren hiruhilekoa da, positiboak sei hiruhilekotan izan ondoren. Hiruhileko artean, apalagoa da joera negatiboa (%-0,2); tasa negatiboak dituen hirugarren hiruhilekoa da, jarraian.
Eraikuntzak jaitsiz darrai; hiruhileko honetan eta urte artean %5,9 jaitsi da. Aurreko hiruhilekoan izandako beherakadaren aldean puntu bat eta hamarren bat gehiago. Hiruhilekoen arteko tasa ere negatiboa da (%-3,8).
Merkatuko zerbitzuen sektorean jaitsiera dago hazkunde-tasetan, baina bai urte artean, bai hiruhileko artean %0,1 hazi da. Aurreko hiruhilekokoen aldean, urte artekoa zazpi hamarren txikiagoa da, eta hiru hamarren txikiagoa hiruhilekoen artekoa.
Ez-merkatuko zerbitzuen sektorean, aurreneko hiruhileko honetan hobetoxeago, bai urte artean (%+0,4), bai hiruhileko artean (%-1,4). Hiruhilekoen arteko jaitsiera-erritmoa apaldu egin da.
Zerbitzuetan, sektore osoan, hazkunde txikia (%0,2) dago aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, aurreko hiruhilekoetan baino askoz txikiagoa, eta negatiboa bigarren aldiz jarraian hiruhilekoen artean (%-0,1).
Sektore-agregatuen joerak Balio Erantsiaren urte arteko bilakaera negatiboa ekarri du (%-0,5), 2010eko lehen hiruhilekotik aurreneko aldiz. Hiruhilekoen artean ere tasa negatiboa dago (%-0,2) lehen hiruhilekoan. Hiruhilekoen artean balio erantsian tasa negatiboak dituen hirugarren hiruhilekoa da.
Eskariaren aldetik, aurreko hiruhilekoetan bezala, BPGk hazkundeari egindako ekarpena positiboa da; bai esportazio- bai inportazio-mailetan jaitsierak izan dira.
Familia-etxeen azken kontsumoaren gastuan (Kontsumo pribatua) desazelerazioa dago, urte artean %0,1 hazi delarik; bigarren hiruhilekoz jarraian lau hamarrenez txikiagoa da aurreko hiruhilekokoa baino. Hiruhileko artekoa (%-0,2) hamarren bat negatiboagoa da aurreko hiruhilekoaren aldean.
Kontsumo publikoan (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) %0,2ko urte arteko hazkundea dago, gorako joera arinari esker. Hiruhilekoen artean %2,3ko tasa positiboa dago.
Bai kontsumo pribatua, bai publikoa urte artean hazi direnez, hamarren bat hazi da Azken kontsumoko gastua ( Familia-etxeen azken kontsumoa gehi Administrazioena). Aurreko hiruhilekoaren aldean bost hamarreneko hazkundea dago.
Kapital eraketa gordinak (Inbertsioa) beheraka darrai, urte artean %4,2 jaitsi delarik. Hiruhileko artean eta laugarren hiruhilekoz jarraian %1,5 jaitsi da. Jaitsiera hori zor zaie ekipo-ondasunetako inbertsioari eta batez ere eraikuntzaren bilakaerari.
Barne eskaria, zeina osatzen baitute Azken kontsumoko gastuak eta Kapital eraketa gordinak, murriztu egin da berriz urteko aurreneko hiruhilekoan. Urte artean, bagenuen %1eko jaitsiera 2011ko laugarren hiruhilekoan; 2012ko aurrenekoan berriz ere %0,9 negatiboa. Bilakaera horren arrazoiak kontsumoaren hazkunde apala eta inbertsioaren jaitsiera nabarmena dira.
Kanpo sektorearen ekarpena BPGri positiboa izan da, aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, baina badago ezaugarri berri bat: kanpo merkataritzaren hazkunde tasetan nolabaiteko unadura igartzen da. Kanpo saldoaren ekarpen positibo berri hau osatzen dute esportazioen urte arteko %2,3ko jaitsierak eta inportazioen %3,5eko jaitsiera handiagoak.
BPGren bai urte arteko, bai hiruhileko arteko jaitsierek enplegu-galera ekarri dute berriz ere, Lanpostuetan neurturik: urte artean %1,7ko jaitsiera, eta %0,8 2011ko laugarren hiruhilekoaren aldean. Urte artean enplegu-galera dagoen hamabosgarren hiruhileko jarraian da.
Lanpostu galera, bai urte artean, bai hiruhileko artean, Industrian, Eraikuntzan eta Zerbitzuetan metatzen da. Industrian areagotu egin da jaitsiera: %3 urte artean eta %1,7 hiruhileko artean. Eraikuntzan etengabea izan da jaitsiera 2008ko lehen hiruhilekotik; oraingoan %11,7 urte artean eta %3,3 hiruhileko artean. Zerbitzuetan urte arteko aurreneko jaitsiera (%0,1) dugu zortzi hiruhilekotan. 2011ko laugarren hiruhilekoaren aldean enplegua %0,3 jaitsi da. Datu positibo bakarra, eragin txikikoa, lehen sektoreko hiruhilekoen artekoan dugu, %0,5eko hazkundea; urte artean %0,3ko jaitsiera.
BPGren bilakaera oso antzekoa izan da hiru herrialdeetan. Bizkaian urte arteko %-0,4; Araban eta Gipuzkoan %-0,3 Hiruhileko artean: Gipuzkoan %-0,4; Araba eta Bizkaian %-0,3.
Informazio gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua