2012/05/28ko prentsa-oharra
Euskal Autonomia Erkidegoa da adinekoen proportzio handiena duten erkidegoetako bat
Euskal Autonomia Erkidegoa biztanleria-zifra handienera iritsi da
2011ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria 2.174.033 zen, Eustatek bildutako datuen arabera. Erkidegoak sekula izandako zifrarik altuena da, aurreko urtean baino 4.995 biztanle gehiago.
Gipuzkoan eta Araban gertatu dira hazkunderik handienak, 2.583 eta 1.714 biztanle gehiagorekin, hurrenez hurren, eta Bizkaiak, aldiz, 698 biztanleko areagotzea baino ez du izan. Alde horien arrazoia zera da, biztanle gehien galdu dituzten sei udalerriak Bizkaian daudela; zehazki, Bilbo eta Getxo dira nabarmentzekoak, 1.331 eta 436 biztanle gutxiagorekin, hurrenez hurren; hala eta guztiz ere, Bizkaiko lurralde-saldoa positiboa da, beste hainbat udalerrik biztanle kopurua handiagotu baitute, esate baterako, Barakaldok eta Etxebarrik, 552 eta 474 biztanle gehiagorekin, hurrenez hurren.
Arabako biztanleriak izandako hazkundearen jatorria, hein handi batean, hiriburuaren bilakaera dugu; horrela, Gasteizko biztanleria 978 pertsonarekin hazi da, eta ondoren, alde handiarekin, Dulantzi (108 biztanle gehiago) eta Laudio (100 pertsona gehiago) daude. Gipuzkoaren kasua desberdina da, Donostiako biztanleriak 68 pertsonako beherakada izan baitu, eta gainerako udalerriengatik hazi da lurralde horretako biztanleria, nabarmenena Errenteria izanik, 439 biztanle gehiagorekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko 17 udalerritan, biztanleriaren laurdenak baino gehiagok 65 urte edo gehiago ditu
Euskal Autonomia Erkidegoak, % 19,5ekin, portzentajezko 2 punturekin baino apur bat gehiagorekin gainditzen du 65 urte edo gehiagoko biztanleen Espainiako ehunekoa. Gaztela eta Leon, Galizia, Asturiasko Printzerria eta Aragoi ditugu proportzio handienak dituzten autonomia erkidegoak. Europarekin alderatuz gero, Alemaniak edo Italiak baino ez dituzte gainditzen EAEko zifrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko guztizko ehunekoa gainditzen duten udalerrien kopurua 103 da, eta 148k aldiz, ehuneko bera edo txikiagoa du. Gainditzen dutenenen artean, Bilbo, Donostia eta Barakaldo daude, erkidegoko biztanleriaren ia % 30ekin.
EAEko udalerrien artean, 65 urte edo gehiagoko pertsonen ehunekoetan ezberdintasun handia dago; horrela, esaterako, Burgelun % 8,7 da, eta Lagranen, ostera, % 37,8. Erkidegoan % 10etik beherako ehunekoa duten 3 udalerri baino ez daude, Dulantzi, Irura eta arestian aipaturikoa; horien baterako biztanleria 5.155 pertsonaz osatua dago. Bestalde, % 30etik gorako ehunekoa duten udalerriak ere 3 dira gure erkidegoan, zehazki, Lagran, Harana eta Añana, guztien baterako biztanleria 651 pertsona izanik.
Arabako Mendialdeko udalerri guztietan adinekoen proportzioa handia denez, eskualde horretako ehunekoak % 27 gainditzen du, eta ehunekorik handienak dituzten hurrengo eskualdeetan, berriz, hots, Markina-Ondarroan, Debabarrenan eta Gernika-Bermeon, ehunekoa ez da % 22ra iristen.
1. grafikoa. 65 urte ego gehiagoko pertsonen ehunekoa udalerrien arabera.
Iturria: EUSTAT. Biztanleen Udal Erroldaren Estatistika. 2011ko urtarrilaren 1a
Euskal Autonomia Erkidegoan, 65 urte edo gehiagoko 1,4 pertsona daude 16 urtetik beherako adingabe bakoitzeko, eta honenbestez, Espainia osoko ratioa gainditzen du gure erkidegoak (1,1). 1,4 pertsonako harreman hori gainditzen duten udalerriak 81 dira, eta muturreko hainbat kasu daude, hala nola Lagrango udalerria, harremana 9-1 izanik. Harana eskualdeko harremana 6-1 da. Elantxoben, Añanan eta Moreda Araban adineko 3 pertsona daude 16 urtetik beherako pertsona bakoitzeko. Kontrako muturrean Irura, Dulantzi, Burgelu, Altzo eta Larraul daude; udalerri horietan, 15 urte edo gutxiagoko 2 gazte baino gehiago daude 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko.
Ikus daitekeenez, Arabako udalerriak kokatzen dira biztanleriaren adinen araberako banaketaren muturretan, batez ere, txikiak izan ohi direlako eta edozein fenomeno demografikok, esaterako migrazioak, banaketa hori desorekatzea eragiten duelako.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Fax.:+34-945-01 75 07 E-mail: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Fax.:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo Biztanleen Udal Estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago