2012/05/29ko prentsa-oharra
Iker eta Ane dira oraindik izen ohikoenak jaio berrien artean
Gurasoek izen euskaldunak eta errazak nahiago dituzte
1996. urteaz geroztik, nesken izena aukeratzean gurasoen lehentasun-ordenan lehen postua duen ponte-izena Ane da, 2008-2010 aldian EAEn izandako jaiotzeei buruz Eustatek emandako informazioaren arabera. Bigarren eta hirugarren postuetan June eta Uxue daude, eta horien atzetik daude Irati, Nahia eta Izaro.
Era berean, Iker da oraindik gurasoek mutilentzat nahiago duten izena, eta horren atzetik daude Markel eta Oier. Ondoren, gehien erabiltzen direnak Jon, Unai eta Ander dira.
Erregistro Zibilak bi izen soil edo izen konposatu bat onartzen ditu gehienez ere; hala ere, gurasoek izen soil bat jartzea nahiago dute. Ehun izen ohikoenen zerrendan ikusten den konbinazio bakarra mutilentzat Jon Ander da; nesken kasuan, Maria izenarekin konposatutako izenak, beste garai batean oso ohikoak zirenak, ez dira biltzen.
Izen beraren grafia ezberdinak
Izen euskaldunak nagusitzen dira, eta batzuk idazkera ezberdinekin erregistratzen dira, eta hori da honako hauen kasua: Ane-Anne, Nahia-Naia, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion, Aritz-Haritz. Kasu horietan guztietan, izena adierazteko modu ohikoena lehen postuan kokatzen dena da, baina bigarren grafia gisa agertzen dena ere 120 izen ohikoenen artean biltzen da.
Maria eta Miren izenen kasuan izan ezik, izenen euskarazko formek gaztelaniazko formak gainditzen dituzte, eta horren adibide ditugu honako hauek: Ane eta Ana, Xabier eta Javier, Jon eta Juan, Mikel eta Miguel.
Zehazki, 2010eko Jaiotzeei buruzko Estatistikan, neskentzako 1.876 izen ezberdin jaso dira, eta mutilentzako 1.788 izen. Horietatik, nesken kasuan, 1.288, eta, mutilen kasuan, 1.294, behin bakarrik agertzen dira, eta horien artean biltzen dira izen txinatarrak, afrikarrak, arabiarrak, italiarrak, anglosaxoiak, etab. Egoera hori oso ezberdina da duela 10 urteko egoerarekin alderatuta; 2000. urtean neskentzako 1.024 izen ezberdin jaso ziren, eta horietatik 600 inguru behin bakarrik agertzen ziren.
Atzerriko nazionalitatea duten gurasoek ere izen euskaldunak aukeratzen dituzte
Gurasoen nazionalitatea kontuan hartzen badugu, atzerriko nazionalitatea dutenek ere izen euskaldunak aukeratu zituzten nagusiki, baina ezberdintasunak adierazten dituzte lehentasun orokorrekin alderatuta. Nesken kasuan, Sara izan zen izen ohikoena, eta horren atzetik Naiara, Ainara, Ainhoa eta Leire. Mutilen artean, Iker, Mikel eta Ander izan ziren erabilienak; baina laugarren eta bosgarren postuan jatorri arabiarreko bi izen kokatzen dira: Rayan eta Mohamed.
Amen artean izen ohikoena Ainhoa izan zen, eta aiten artean Aitor
2008-2010 aldian ama izan ziren emakumeen artean izen ohikoenak honako hauek izan ziren: Ainhoa, Nerea, Leire, Sonia, Susana, Mónica, Amaia, María, Marta eta Cristina. Belaunaldi horietako emakumeen artean, gehienak 1970etik 1980ra bitarte jaioak, 3 izen ohikoenak euskaldunak ziren, baina gaztelaniazkoek oraindik presentzia handia zuten. Izen ohikoenak izen soilak ziren, baina amen % 16ak baino gehiagok Maria izenarekin konposatutako izena zuten.
2008-2010 aldian aita izan ziren gizonen artean, gehien errepikatzen ziren 10 izenak honako hauek izan ziren: Aitor, Javier, Iñigo, Asier, Francisco Javier, Oscar, David, Alberto, Iñaki eta Mikel. Kasu horretan, nagusiki 1969tik 1979ra bitarte jaiotako gizonak ziren, eta garai horretan izen konposatuek jada bidea ematen zieten izen soilei, eta izen euskaldunak nagusitzen hasi ziren.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua