2011/07/06ko prentsa-oharra
Doktoregoei esker, matrikulen kopuruak % 5eko igoera izan du
Ikasleen erdiek eremu soziojuridikoko ikasketak egin zituzten
Eustaten datuen arabera, 2010-11 ikasturtean 65.607 gazte matrikulatu ziren Euskal AEko unibertsitateetan. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 5eko igoera izan da, eta, beraz, hautsi egin da azken hamabost urteetan nagusi izan den beheranzko joera. Portaera horretan eraginik handiena izan zuen faktorea graduondoko ikasketak egiteko matrikuletan izandako igoera izan zen (aurreko ikasturtean baino 2.082 gehiago).
Lurralde-banaketari dagokionez, % 55ek Bizkaian egin zituen ikasketak, % 30ek Gipuzkoan eta % 15ek Araban.
Titulartasunari dagokionez, hamar ikasletik zortzik unibertsitate publikoa aukeratu zuten goi-mailako ikasketak egiteko. Proportzio hori antzekoa izan zen ikasketa mota guztietan, master ofizialetan izan ezik. Izan ere, master ofizialen kasuan, zentro publikoetan egindako matrikulazioen proportzioa txikiagoa izan zen (% 65).
Adierazitako ikasturtean, graduko ikasketen kopuruak % 73ko igoera izan zuen (18.797 matrikulazio), eta unibertsitateko irakaskuntzen egitura berria finkatu zen Euskadiko unibertsitate guztietan.
Ikasleen artean, gizonezkoek ikasketa teknikoak aukeratu zituzten batez ere (% 70ek); emakumezkoek, berriz, lizentziaturak edo diplomaturak aukeratu zituzten nagusiki (% 66k)
Generoaren araberako banaketak erakusten duenez, unibertsitatean ikasi zuten emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago izan ziren, portzentajezko 8 puntuko aldearekin (% 54 eta % 46, hurrenez hurren).
Emakumeen kopuru handiago hori ikasketa mota guztietan gertatu zen: master ofizialetan (% 57), lehen eta bigarren zikloetan (% 54) eta graduko ikasketetan (% 53). Doktorego-ikastaroetan, berriz, oreka bat izan zen generoaren araberako banaketari dagokionez.
Edonola ere, ikasketen espezializazioan aldeak handiak izan ziren. Izan ere, ikasketa teknikoetan 9.044 gizonezko eta 3.810 emakumezko izan ziren guztira, eta lizentziaturetan eta diplomaturetan, berriz, 17.991 emakumezko eta 9.490 gizonezko.
Bestalde, 40.335 ikaslek lehen eta bigarren zikloko ikasketak egin zituzten, 18.797k graduko ikasketak, 3.344k master ofizialak eta 3.131k doktorego-ikasketak.
Lehen eta bigarren zikloko ikasketen artean, honako hauek izan ziren ikasle gehien izan zituztenak: Maisutza (3.839), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (3.513), Industria Ingeniaritza Teknikoa (3.443), Enpresa Zientzietako Diplomatura (2.329), Industria Ingeniaritza (2.213), Zuzenbidea (1.680), Psikologia (1.529) eta Medikuntza (1.282). Horiek guztiak matrikulatutakoen erdiak izan ziren.
Graduko ikasketen kasuan, sailkapena honako hau izan zen: Psikologia (1.517), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (1.264), Lehen Hezkuntza (1.235), Ingeniaritza Mekanikoa (1.059), Zuzenbidea (1.044), Haur Hezkuntza (688), Gizarte Hezkuntza (588) eta Negozioen Kudeaketa (514); horiek guztiak matrikulatutakoen % 42 izan ziren.
Graduko ikasketetan zein ziklokoetan, ikasleen erdiek espezializazio sozial eta juridiko bat aukeratu zuten
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateko ikasleak eremu soziojuridikoko eta teknikoko ikasketetan espezializatu ziren nagusiki, graduko ikasketetan zein zikloko ikasketetan (ikasleen % 70 eta % 80, hurrenez hurren). Zehazki, lehenak matrikulazio guztien erdiak izan ziren, eta bigarrenak, berriz, gutxixeago.
Horien atzetik, giza zientziei eta osasun-zientziei lotutako ikasketak aukeratu ziren.
Eta, azkenik, azpimarratu beharra dago unibertsitateko ikasleek neurri txikian aukeratu zituztela zientzien edota espezialitate esperimentalen eremuko ikasketak (hala nola matematika, fisika, kimika eta abar).
5.744 irakaslek eman zituzten eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan, 7.952 lagunek lan egin zuten 2010-11 ikasturtean, eta zerbitzu-sektorean jardun zuten langile guztien % 1,2 izan ziren. Horien artean, 3.719 emakumeak izan ziren, hau da, % 47.
Langile horietatik guztietatik, 5.744 irakasleak izan ziren (% 60 gizonak eta % 40 emakumeak). Administrazioko eta zerbitzuetako langileak, berriz, 2.208 izan ziren.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Mari Jose Triguero
Tel.:+34-945-01 75 06 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo Unibertsitate-estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Unibertsitate-estatistikari buruzko datu-bankua