2012-08-07ko prentsa-oharra
2010ean Euskal AEko Herri administrazioek 2.752 milioi euroko defizita izan zuten
BPGrekiko %4,2 izan zen, aurreko urtean baino 1,3 puntu gutxiago
Euskal AEko herri administrazioen (euskal administrazioak, estatuarena eta Gizarte segurantza) defizita 2.752 milioikoa izan zen 2010ean nazio-kontabilitatearen terminoetan, BPGren %4,2, Eustaten datuen arabera.
Negatiboa izanik ere, saldoak hobera egin zuen aurreko urtearen aldean, 1,3 puntuz. Inguruko herrialdeetako joera berbera da. Estatuaren osotasunean defizita 2009ko %11,2tik 2010eko %9,3ra jaitsi zen, eta 27-EBn %6,9tik %6,5era.
Euskal AEko herri administrazioen finantza-beharren murrizketa ez-finantzetako baliabideak gehiago hazi zirelako ez-finantzetako enpleguak baino izan zen. Baliabideak %7,6 hazi ziren 2009ren aldean eta enpleguak %3,4.
Ez-finantzetako baliabideen artean azpimarratzekoa da pisutsuenen hobekuntza aurreko urtearen aldean. Ekoizpen eta inportazioen gainekoak, guztirakoaren %28,9, %6,6 hazi ziren; errenta eta ondarearen gainekoak, baliabideen %23,5, %3,2 jaitsi ziren, alegia 2009an (%17,7) baino askoz gutxiago; gizarte-kotizazioak, baliabideen %32,6, %2,1 hazi ziren.
Ez-finantzetako enpleguetan, gizarte-prestazio eta transferentziak, enpleguen %42,5, %4,7 hazi ziren 2009ren aldean; 2009an BPGren %17,0 ziren eta 2010ean %17,5. Enpleguetako pisurik handienetako beste kontu-sail bat, Soldatakoen ordainketa eta Bitarteko kontsumoa, %2 inguru hazi baziren ere 2009ren aldean, urte arteko hazkunderik txikiena izan zuten 2000. urteaz geroztik.
Instituzioak aztertuz gero, estatuaren erregionalizatutako administrazioak bakarrik izan zuen saldo positiboa 2010ean, 255 milioi. Erregionalizatutako gizarte segurantzan saldo negatiboak okerrera egin du, 2009ko 554 milioitik 2010eko 860 milioira; izan ere ez-finantzetako enpleguak proportzio handiagoan hazi ziren ez-finantzetako baliabideak baino: gizarte kotizazioak %2,1 hazi ziren eta gizarte prestazioak %5,2.
Euskal administrazioetan finantzazio-beharra 2.148 milioikoa izan zen 2010ean (BPGren %3,3); 2009an 3.302 milioi (BPGren %5,1).
Instituzio guztiek murriztu zuten finantzazio beharra: Eusko Jaurlaritzaren finantzazio beharra 2009ko 2.545 milioietatik 2010eko 1.606etara joan da. Arabako foru eta udal administrazioetan 174 milioitik 86tara; Bizkaian 2009ko 208 milioi negatiboetatik 2010eko 137etara; Gipuzkoan 376 negatiboetatik 319etara.
Barne-eskari publikoaren parte-hartzea Euskal AEko barne-eskari osoan mantendu egin da 2010ean, %20,8.
Herri administrazioen parte-hartzea Euskal AEko azken kontsumoaren gastuan pittin bat jaitsi da; 2009an %22,6 izan zen, 2010ean %22,2.
Herri administrazioen Kapital Eraketa Gordinaren pisua Euskal AEko ekonomian hazi egin da 2009ko %15,5etik 2010eko %16,1era. Inbertsioen %95,4 euskal administrazioek egin zuten, gainerako %4,6 estatuko administrazio erregionalizatuak.
Informazio gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetan jartzeko pertsona: Clara Ramos Hernández
Tel.: +34-945-01 75 97 Faxa: +34-945-01 75 01
Herri administrazioen kontu ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Herri administrazioen kontu ekonomikoen gaineko datu-bankua