Prentsa oharra de 12/09/2012
2012ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko neurketen aldean, Euskal AEko BPG %0,9 erori da
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ere emaitza negatiboa da (-%0,4)
Aurreko urteko datuen aldean, 2012ko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEko BPG %0,9 uzkurtu da, EUSTATek emandako datuen arabera. Espainiako ekonomian, berriz, tasa hori % -1,3koa izan da, INEk emandako datuen arabera.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, bigarren hiruhileko honetan, Euskal AEko BPG %0,4 murriztua da. Jarraian behera egiten duen hirugarren hiruhilekoa izan da. Espainiako ekonomian ere horrelakoxe beherakada izan dute, eta han ere joera hori bera nabaritu da azken hiruhilekoetan.
Eskaintzaren ikuspuntutik, BPGren urte arteko jaitsiera hori industriak eta eraikuntzak eragin dute, eskas ibili baitira, eta eragin apalagoa izan dute Merkatuko Zerbitzuek. Produktuekiko zerga garbiek ere, 2011ko bigarren hiruhileko datuekin alderatuta, nabarmentsu egin dute behera.
Aldiz, merkatuz kanpoko zerbitzuek eta, bereziki, lehen arloak urte arteko bilakaera positiboa izan dute.
Lehen arloaren bilakaera positiboa izan da bai urte batetik bestera (%12,6) bai hiruhileko batetik bestera (% 1,7).
Industiak, ordea, beste behin ere behera egin du aurreko urtearen aldean (% -2,6). Hirugarren hiruhilekoa du beherantz jarraian. Hiruhileko batetik bestera, ere, industriaren balio erantsiak goitik behera jarraitzen du. Laugarren hiruhilekoa du, jarraian, beherantz, eta oraingo honetan %0,2 galdu du.
Aurreko urtearen aldean, hiruhileko honetan eraikuntza-arloaren beherakada are eta nabarmenagoa izan da: % -6,2ko jaitsiera. Aurreko hiruhilekoaren aldean, ere, arlo honen balio erantsiak behera egin du, baina aurreko hiruhilekoan baino gutxiago (% -2,4 oraingo honetan, eta % -3,8 aurrekoan).
Merkatuko Zerbitzuetan ere jarduerak behera egin du apur bat, bai urte batetik bestera eta baita hiruhileko batetik bestera ere (% -0,1eko jaitsiera batean zein bestean). Aurreko hiruhilekoetan moteltzen hasia zen, eta bide horretatik jarraitzen du, garbi.
Ordea, Merkatuz Kanpoko Zerbitzuen balio erantsiak gora egin du, bai urte batetik bestera (%0,4) eta baita hiruhileko batetik bestera ere (%2,0).
Zerbitzuak osorik hartuta, bigarren hiruhileko honetan, balio erantsia 2011ko bigarren hiruhilekoan izandakoaren berbera izan da (urte arteko bariazio-tasa, %0,0koa), eta aurtengo lehenengo hiruhilekoan baino pixka bat handiagoa (hiruhileko arteko bariazio-tasa, %0,2koa).
Sektorekako agregatuen balio erantsia, urte batetik bestera, % -1,0 izan da, hau da, urte arteko bigarren tasa negatibo jarraia. Hiruhileko batetik bestera ere beheraka egin du: % -0,4. Laugarren aldia du, jarraian, hiruhileko batetik bestera ere behera egiten duena.
Eskariari dagokionez, aurreko hiruhilekoetan bezala, atzerriak ekarpen positiboa egin dio, ostera, BPGri, baina bai esportazioek bai inportazioek behera egin dute, eta bariazio-tasak negatiboak dira bai aurreko urtearekiko bai eta aurreko hiruhilekoarekiko ere.
Etxeetako azken kontsumo-gastua (kontsumo pribatua), aurreko hiruhilekoetako joera beretik, %1,4 murriztu da aurreko urteko hiruhileko berberaren aldean. Hiruhileko artean, berriz, %0,8 murriztu da, lehenengo hiruhilekoan baino nabarmen gehiago (%0,2). Etxeetako azken kontsumo-gastuak, horrenbestez, laugarren bider egin du behera, jarraian, hiruhileko batetik bestera.
Herri-administrazioen azken kontsumo-gastuak ere (gastu publikoak) bilakaera negatiboa izan du bai urte batetik bestera (% -2,4) eta baita hiruhileko batetik bestera ere (% -1,3).
Bi kontsumo-neurketa horien murrizketak direla-eta, Azken Kontsumo Gastuak % 1,6 egin du behera (Etxeetako Azken Kontsumo Gastuaren eta Herri Administrazioen Azken Kontsumo Gastuaren batuketa da Azken Kontsumo Gastua). Aurreko hiruhilekoak eman zituen datuen aldean ere behera egin du: % 1,0.
Kapital Sorkuntza Gordina (inbertsioak) berriro behera egin du, eta azkarrago gainera: urte batetik bestera % 4,6 egin du behera, eta aurreko hiruhilekoan % 4,2 egin zuen behera. Hiruhileko batetik bestera, berriz, % 1,3 egin du behera, hau da, dagoeneko bost bider egin du hiruhileko batetik bestera jarraian behera. Izan ere, ekipamendu-ondasunetan eta, batez ere, eraikuntzan geroz eta gutxiago ari da inbertitzen, eta horregatik daukagu bilakaera negatibo hau.
Azken Kontsumo Gastuak eta Kapital Sorkuntza Gordinak Barruko Eskaria osatzen dute. Bada, urteko bigarren hiruhilekoan, barruko eskaria ere dezente urritu da. Aurreko urtearen aldean, hiruhileko honetan, % 2,3 murriztu da (jarraian hirugarren bider murriztu da).
Aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, Atzerriak ekarpen positiboa egin dio BPGren bilakaerari, nahiz eta kanpoko merkataritza apur bat uzkurtu egin den. Hori hala izanagatik ere, urte batetik bestera, esportazioek (% 0,1eko murrizketa) eta, batez ere, inportazioek behera egin dute (% 2,1). Hiruhileko batetik bestera, ere, inportazioak murriztu dira gehien (inportazioek % 4,5 egin dute behera, eta esportazioek % 2,3).
BPGren beherakada hori dela-eta (urte artean eta hiruhileko artean egin du behera), enpleguak ere behera egin du, Lanpostutan neurtuta (urte batetik bestera, % 2,3 egin du behera). Hiruhileko batetik bestera, % 0,5ekoa izan da beherakada. Enpleguak urte batetik bestera gora egin zuen azken aldia 2008ko bigarren hiruhilekoa izan zen.
Lanpostuak galdu, galdu dira bai urte batetik bestera eta baita hiruhileko batetik bestera ere, eta ekoizpen-arlo guztietan gainera, lehen arloan izan ezik. Urte arteko datuei begiratuta, industria lehen baino bizkorrago doa behera (2011ko bigarren hiruhilekoaren aldean, % 4,3 egin du behera). Hiruhileko artean ere bilakaera negatiboa da: % -1,3ko bariazio-tasa. Eta erakintza-arloan ere enplegua industrian bezalatsu dabil, baina are eta larriago. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, lanpostuak % 12,1 murriztu dira. Eta lehenengo hiruhilekoaren aldean, lanpostuak % 2,6 murriztu dira. Zerbitzuetan, berriz, urte arteko bigarren beherakada izan dugu jarraian: % 0,7ko beheradaka. Hiruhileko batetik bestera ere zerbitzuak uzkurtu egin dira, hau da, aurreko hiruhilekoaren aldean, % 0,1 egin dute behera. Arlo bakar batean egin du lanpostu-kopuruak gora: lehen arloan. Lehen arloan, urte arteko tasa % 3,2koa izan da, eta hiruhilekoen arteko tasa, berriz, % 2,4koa.
Ikus dezagun BPG nola bilakatu den lurraldez lurralde. Badira diferentzia txiki batzuk urte batetik bestera. Urte batetik bestera beherakadarik handiena Bizkaian izan da, % 1,1ekoa. Gipuzkoan, beherakada % 0,9koa izan da, eta, Araban, % 0,5ekoa. Hiruhileko batetik bestera, ordea, denak ere paretsuago ibili dira: Araban beherakada % 0,3koa izan da, Bizkaian % 0,4koa eta Gipuzkoan % 0,5ekoa.
Informazio gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua