2012/11/14ko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %1,3ko murrizketa izan zuen 2012ko hirugarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean, aldakuntza negatiboa izan da, baita ere, (%-0,4 )
Euskal AEko BPG %1,3 murriztu zen urte artean 2012ko hirugarren hiruhilekoan, Eustatek landutako datuen arabera. INEren arabera, Espainiako ekonomia %1,6 murriztu zen.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, Euskal AEko BPG %0,4 murriztu zen hirugarren honetan; hiruhilekoen arteko laugarren hazkunde negatiboa jarraian. Aldakuntza hau hamarren batez negatiboagoa da Espainiako ekonomiarena baino.
Eskaintzaren ikuspuntutik BPGren urte arteko murrizketa jarduera-sektore guztiei zor zaie, lehen sektoreari izan ezik. Produktuen gaineko zerga garbietan ere atzerakada dago 2011ko hirugarren hiruhilekoari buruz, aurreko hiruhilekoan baino areago.
Lehen sektoreak bilakaera positiboa izan du, bai urte artean (%6,8), bai hiruhileko artean (%18,9).
Industriak jokaera negatiboa du (%-2,7) urte artean, laugarren hiruhilekoz jarraian. Industriaren balio erantsiak beheraka darrai (%-0,7) hiruhilekoen artean bosgarren hiruhilekoz jarraian.
Eraikuntza gutxixeago murriztu da urte artean hiruhileko honetan, %5,7. Aurreko hiruhilekoaren aldean sektorearen balio erantsia ere murrizten da, gutxiago aurreko hiruhilekoan baino (%-0,9 orain, %-2,4 aurrekoan).
Merkatuko zerbitzuen sektorean tasa negatiboak ditugu bai urte artean, %0,3, bai hiruhileko artean, %0,7. Jokaera honek areagotu egiten du aurreko hiruhilekoetako desazelerazioa.
Ez-merkatuko zerbitzuetan ere jaitsiera dago jarduera-mailan: urte artean %1,5 jaitsi da, eta hiruhileko artean %0,3 hazi, aurreko hiruhilekoan (%2,0) baino gutxiago.
Zerbitzuen sektorean, guztira, bai urte artekoa, bai hiruhileko artekoa negatiboak dira; %0,5 gutxiago aurreko urteko hiruhileko berean baino eta %0,6 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino.
Sektore-agregatuen joerak Balio Erantsiaren urte arteko bilakaera negatiboak ekarri ditu, %1,4 urte artean eta %0,5 hiruhileko artean. Bi tasetan balio negatiboak dituen hirugarren hiruhileko jarraian da.
Eskariaren aldetik, aurreko hiruhilekoetan bezala, BPGk hazkundeari egindako ekarpena positiboa da; bai esportazio- bai inportazio-mailetan jaitsierak izan dira, aldakuntza-tasa negatiboak bai urte artean, bai hiruhileko artean.
Familia-etxeen azken kontsumoaren gastuan (Kontsumo pribatuan), aurreko hiruhilekoetan bezala desazelerazioa dago: %0,9ko murrizketa aurreko urteko hiruhileko beraren aldean Hiruhileko artean, %0,3ko hazkundea dago; aurreko hiruhilekoan, berriz, %0,8 jaitsiera zegoen.
Zerga-legerian izaniko aldaketak izan daitezke bilakaera hau ulergarri egiten duten eragileetako bat.
Herri administrazioen azken kontsumoaren gastuan (Kontsumo publikoan) areagotu egin da joera negatiboa bigarren hiruhilekoz jarraian, bai urte artean (%-3,0), bai hiruhileko artean (%-1,5).
Bai Kontsumo pribatuaren, bai Kontsumo publikoaren urte arteko aldakuntza-tasa negatiboek %1,3ko murrizketa ekarri dute Azken kontsumoaren gastuan (Familia-etxeen azken kontsumoaren gastua gehi Herri administrazioen azken kontsumoaren gastua). Aurreko hiruhilekoaren aldean ere murrizketa dago, %0,2. Bi jaitsiera-tasak aurreko hiruhilekoak (%-1,6, %-1,0) baino txikiagoak dira.
Kapital eraketa gordinean (Inbertsioan) jaitsiera dago berriz urte artean (%-4,3), gutxixeago aurreko hiruhilekoan (%-4,6) baino. Hiruhileko artean hazkundea dago Kapital eraketa gordinean, %0,3; aurreko bost hiruhilekoetan izandako joera negatiboa aldatu egin da.
Barne eskaria, zeina osatzen baitute Azken kontsumoko gastuak eta Kapital eraketa gordinak, murriztu egin da berriz urteko hirugarren hiruhilekoan. Urte artean %2,0ko jaitsiera dago hiruhileko honetan (jarraian, laugarren balio negatiboa).
Kanpo sektoreak BPGri eginiko ekarpena positiboa izan da, aurreko hiruhilekoetan bezalaxe; halere, kanpo-merkataritzaren murrizketa nabarmena ikusten da. Kanpo saldoaren ekarpen positibo berri hau osatzen dute esportazioen urte arteko %8,5eko jaitsierak eta inportazioen %9,1eko jaitsiera handiagoak. Hiruhileko artean esportazioak %0,8 jaitsi dira eta inportazioak %0,5.
BPGren jaitsierak, bai urte artekoak, bai hiruhileko artekoak behera eragin dio enplegu-mailari, Lanpostuetan neurturik. Enplegua urte artean %2,7 murriztu da (2008ko bigarren hiruhilekotik ez da izan urte arteko hazkunderik lanpostu-kopuruan). Hiruhileko artean jaitsiera %0,7 izan da.
Lanpostu-galera bai urte artean, bai hiruhileko artean gertatu da eta Lehen sektorean izan ezik sektore guztietan. Industrian areagotu egin da urte arteko jaitsiera-erritmoa, %4,7 2011ko hiruhileko beraren aldean. Hiruhileko artean, %-1,2. Eraikuntzan enpleguaren jokaera Industrian izandakoaren tankerakoa da, baina aldakuntzak areagokoak dira. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean lanpostu-galera %12,3koa izan da. Bigarren hiruhilekoaren aldean lanpostu-galera %2,2 izan da. Zerbitzuetan urte arteko eta jarraiko hirugarren jaitsiera dago, %1,0. Hiruhileko artean jaitsiera baita ere, %0,4. 2011ko hiruhileko beraren aldean lanpostu-kopurua Lehen sektorean bakarrik hazi da, %1,5 urte artean; baina hiruhilekoen artean %-1,0.
Urte artean, Lurraldeetako BPGren bilakaera antzekoa izan da. Araban eta Gipuzkoan %1,2ko jaitsiera; Bizkaian %1,4koa. Hiruhileko artean, irregularragoa izan da: %0,1eko jaitsiera Gipuzkoan, %0,4koa Bizkaian eta %0,7koa Araban.
Informazio gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Javier Aramburu
Tel.:+34-945-01 75 80 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua