2012/12/26ko prentsa-oharra
Esportazioen prezio unitarioen urte arteko tasek % 2 egin dute gora 2012ko hirugarren hiruhilekoan
Inportazioen kasuan, igoera % 2,2 izan da.
2012ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko esportazioen eta inportazioen prezio unitarioek gora egin dute –balio unitarioaren indizearen eta urte arteko tasaren arabera neurtuta–. Horixe adierazten dute Eustateko datuek. Hazkunde hori apur bat handiagoa izan da inportazioen kasuan (% 2,2) esportazioen kasuan baino (% 2).
Aurrekoarekin alderatzen badugu, hiruhileko honetan, inportazioen prezio unitarioen igoera (% 2,6) esportazioena baino pixka bat handiagoa izan da (% 1,7).
Helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari dagokionez, azpimarratu behar dugu urte arteko tasetan beherakada izan duten ondasun bakarrak kapital-ondasunak direla. Esportazioetan, ondasunok % 0,5 murriztu dira, eta inportazioetan, berriz, % 2,5.
Esportazioen kasuan, bitarteko ondasunak % 2,8 areagotu dira, eta kontsumo-ondasunak, % 1,4. Inportazioei dagokienez, bitarteko ondasunen hazkundea % 2,6 izan da, eta kontsumo-ondasunena, % 0,2.
Gure ondasunak esportatzen diren eremu geografikoak aintzat hartzen baditugu, aipatu beharra dago hirugarren hiruhileko honetan, esportazioen prezio unitarioek gainditu egin dituztela iaz urte-tarte berean lortutako prezioak, aztertutako eremu guztietan. Hazkunde handienak EB-27ra egindako esportazioen prezioetan (% 2,1) eta munduko gainerako eremuetara egindakoetan (% 2,3) gertatu dira. ELGAn, prezioa % 1,9 hazi da. Aldiz, hazkunde txikiena Eurogunera doazen esportazioek izan dute: % 1,6.
Inportazioen kasuan, munduko gainerako eremuetatik datozenen prezioak nabarmentzen dira: % 4,9 igo dira. Gainerako eremu geografikoen kasuan, proportzioak txikiagoak dira. Hala, ELGAko herrialdeetako inportazioen prezioak % 0,6 igo dira, eta Eurogunekoak, % 0,1. EB-27an jatorria duten inportazioen prezioak, berriz, % 1,4 murriztu dira.
Aurreko hiruhilekoan bezala, hirugarren honetan ere esportazioen tasek balio positiboak erregistratu dituzte, eta eremu guztietan, hazkundeak oso antzekoak izan dira: Eurogunea, % 1,6; EB-27, % 1,5; ELGA, % 1,7; eta munduko gainerako eremuak, % 1,8.
Inportazioak aurreko hiruhilekokoekin alderatuz gero, prezioen igoera handiena munduko gainerako eremuetan gertatu dela ikusiko dugu (% 3,2); ondoren datoz ELGA (% 2,1), EB-27 (% 1,7) eta Eurogunea (% 1,4).
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido
Tel.:+34-945-01 75 13 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko kanpo-merkataritzako prezioen indizea (BUI). Prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko kanpo-merkataritzako prezioen indizea (BUI). Datu - bankua