2013/04/30eko prentsa-oharra
2011ko Biztanleria zentsuaren arabera, biztanleen ia %20k 64 urte pasa ditu
Atzerriko naziotasuna duten egoiliarrak %7,3 dira, aurreko 2001eko zentsuan baino ia ehuneko sei puntu gehiago
Eustatek eginiko 2011ko Euskal AEko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuaren arabera, biztanleen %19,8k 65 urte edo gehiago ditu. Ehuneko hau Espainiakoaren gainetik da, bi puntu pasa; Europan Alemania eta Italia bakarrik daude gainetik. Ehunekorik handienak dituzten erkidegoak: Gaztela-Mantxa, Galizia, Asturias eta Aragoi.
Egoera oso bestelakoa zen orain 30 urte. 1981ean 65 urte baino gehiagokoak hemen gutxiago ziren, Espainian baino: %9,2 eta %11,2. Urte hartan Kanariarrak bakarrik zeuden azpitik.
85 urte eta gehiagokoen artean dinamika hau areagokoa da. 1981ean %0,5 ziren, 2011n %2,8; adin horietako egoiliarrek bider 5 egin dute 30 urtetan. Espainian, bider 4.
2. grafikoa. Biztanleen piramideak. 1981 eta 2011
Iturria: EUSTAT. Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak, 1981 eta 2011
20 eta 64 urteko egoiliarrak, zeinak diren lan-adinekoen zatirik handiena, bi puntuz baino gehiagoz urritu dira 2001 eta 2011 bitartean, %64,9tik %62,6ra; 1981ean biztanleen %52,6 ziren. 20 urtetik beherakoak 732.242 ziren 1981ean eta 383.424 2011n, ia erdia galduz; gutxien, 2006an izan ziren, 351.349.
Bizkaian 65 urtekoak eta gehiagokoak %20,3 dira, Euskal AEko batez bestekoaren gainetik; Arabak du proportziorik txikiena (%18) eta Gipuzkoak batez bestekotik gertuen dagoena (%19,7). Eskualdeetan alde handiak daude adin-talde honetan: %14,5 Plentzia-Mungian, %15 Gorbeiako Inguruetan eta %26,6 Arabako Mendialdean. Azken eskualde honetan %29,1 ziren 2001ean. Beste sei eskualdeetan jaitsi da adindunen portzentajea 2001etik 2011ra; nabarmen Arabako Ibarretan, %24,6tik %20,6ra. Dezente jaitsi da proportzioa Arabako Errioxan (%22,8tik %19,9ra) eta Gorbeiako Inguruetan (%17,1etik %15era). Hau guztia ez da 65 urte eta gehiagokoen kopuru absolutua jaitsi delako, baizik eta beste adinetakoak gehiago ugaritu direlako.
Euskal AEko 17 udalerritan 65 urte eta gehiagokoak %25 baino gehiago dira, baina udalerri txikiak dira, biztanle guztien %0,5 besterik ez. Hamar urte lehenago 47 ziren, orduan ere txikiak, biztanle guztien %1,3.
Lau udalerritan, haietatik hiru arabarrak, 65 urte eta gehiagokoak %30 baino gehiago dira. Lagran (%37,8), Aranako harana (%36,9), Elantxobe (%31,8) eta Añana (%30,8). Beste muturrean, hiru udalerritan portzentajea %10en azpitik da; bi arabarrak: Elburgo (%8,4), Irura (%9,2) eta Alegria-Dulantzi (%9,3).
Euskal AEko biztanle atzerritarren artean amerikarrak dira gehien
Euskal AEn 2011n biztanleen %7,3 atzerritarrak ziren, ia ehuneko sei puntu gehiago aurreko zentsuan (%1,5) baino. Espainiako portzentajearen (%11,2) azpitik gaude.
Araba da oraindik ere atzerritarrik gehien (%9,9) dituena; Bizkaiak %6,8 eta Gipuzkoak %6,7. Alde handiak ditugu udalerrien artean: Samaniego, Izurtza, Berriatua eta Ordizian proportzioa erkidegokoa bi aldiz ia da. Mutiloa, Elduain, Gaztelu eta Kripanen ez dago atzerritarrik ia.
Euskal AEko atzerriko egoiliarren artean, amerikarrak %43,3 dira; Espainian %29 pasatxo. Hauen arteko pertsona gehienak hegoamerikarrak dira: Kolonbia, Bolivia, Ekuador eta Brasilgoak dira atzerritarren %24,8 eta amerikarren %57.
Euskal AEn bizi diren europarrak %26,3 dira, eta Espainian %43,9. Talde honetan errumaniarrak atzerritar guztien %11 dira ia; %15,2 Espainian. Halere, errumaniarrak europarren arteko %41,5 dira. Portugaldarrak gutxiago dira errumaniarrak baino, baina dezente gehiago dira proportzioan Euskal AEn (%20,3) Espainia osoan (%5,3) baino, europar estatuen guztirakoaz.
Euskal AEn afrikarren proportzioa (%23,1) Espainian dagoenaren (%20,2) antzekoa da. Esatekoa da halere, Espainian marokoarrak direla afrikar guztien %72,8 eta Euskal AEn ezta %49 ere. Euskal AEn bigarren nazionalitate afrikar ugariena aljeriarrak dira, %16,4; Espainian %5,6.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
CPV2011ri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko CPV2011 -datu bankua