2013/05/15eko prentsa-oharra
Euskal AEko BPGk urte arteko %1,9ko murrizketa izan zuen 2013ko lehenengo hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoaren aldean, aldakuntza negatiboa izan da, baita ere, (%-0,5 )
Euskal AEko BPG %1,9 murriztu zen urte artean 2013ko lehenengo hiruhilekoan, Eustatek landutako datuen arabera. Espainiako ekonomiaren beherakada %2,0 izan zenez, INEk argitaratutako aurrerapen-zenbatespenaren arabera, hamarren bat gutxiago murriztu da Euskal AEkoa.
Euskal AEko BPGk hiruhileko arteko %0,5eko murrizketa izan du 2013ko lehen hiruhilekoan. Hiruhilekoen arteko aldakuntza hau Espainiako ekonomiak edukitako berbera izan da, INEren zenbatespenaren arabera.
Eskaintzaren ikuspuntutik BPGren urte arteko murrizketa lau jarduera-sektore handiei zor zaie. Bai Lehen sektorean, bai Industrian eta bereziki Eraikuntzan behera egin du jarduera-mailak. Baita ere Zerbitzuetan, baina apalago.
Lehen sektoreak bilakaera negatiboa izan du, bai urte artean (%-5,0), bai hiruhileko artean (%-20,1).
Industrian, seigarren hiruhilekoz jarraian, jaitsiera dugu urte artean (%-3,0) eta baita hiruhileko artean ere (%-0,1) zazpigarren hiruhilekoz jarraian. Halere, hiruhileko artekoak dezente motelarazi du jaitsiera-erritmoa 2012ko laugarren hiruhileko datuen (%-1,9) aldean.
Eraikuntza areago jaitsi da; hiruhileko honetan eta urte artean %6,8. Jaitsiera hau aurreko hiruhilekoa baino bost hamarren handiagoa da. 2012ko laugarren hiruhilekoan, hiruhileko artekoa positiboa (%+0,3) izan zen; aurreneko hiruhileko honetan negatiboa berriz ere (%-2,6).
Zerbitzuen jarduera globalean urte arteko %1,0ko jaitsiera dugu, 2012ko laugarrenean baino hamarren bat gehiago; jarduerak etengabe egin du behera, apalago 2013ko lehen hiruhilekoan. Hala, hiruhilekoen artean hazkunde txikia dago, %0,1.
Urte artean zerbitzuetako jarduera-jaitsierarik aipagarriena Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioan da, %2,0, eta ondoren Administrazio Publikoa, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak adarrean, %1,7. Gainerako zerbitzuetan, non besteren artean jarduera profesionalak, finantzak eta aseguruak ditugun, ez dugu jaitsierarik, eta bakarra da, baina hazkunderik ere ez dago (%0,0).
Hiruhileko artean hazkunderik handiena Administrazio Publikoa, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak adarrean dugu, %1,7. Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioan, eta Gainerako zerbitzuetan tasa negatiboak ditugu, %0,4.
Sektore-agregatuen joerak Balio Erantsiaren urte arteko bilakaera negatiboak ekarri ditu, %-2,0 urte artean eta %-0,3 hiruhileko artean. Urte artean areagotu egiten da, beste hiruhileko batez, 2012ko lehen hiruhilekoan hasitako jaitsiera; hiruhilekoen artekoa (%-0,3) 2012ko laugarrenean izandakoaren erdia da.
Eskariaren aldetik, kanpo-sektoreak ekarpen positibo txikia egiten dio BPGren hazkundeari, baina urte artekoak negatiboak dira bai esportazioetan, bai inportazioetan.
Familia-etxeen azken kontsumoaren gastuan (Kontsumo pribatuan), aurreko hiruhilekoetan bezala desazelerazioa dago, areagotua: %1,7ko murrizketa aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Jaitsiera hau aurreko hiruhilekoa (%-1,6) baino hamarren bat handiagoa da. Hiruhileko artean, jaitsiera %0,1 izan da, aurrekoan (%-0,9) baino dezente txikiagoa.
Kontsumo Publikoa (Administrazio Publikoen Azken Kontsumoko Gastua), sei hiruhilekoz urte arteko tasa negatiboak izan ondoren, %0,5 hazi da. Hiruhileko artean %4,4 hazi da.
Administrazio Publikoen Azken Kontsumoko Gastuak hazkundea izan du urte artean, eta murrizketa Familia-etxeen Azken Kontsumoaren Gastuak; bien bateratzeak Azken Kontsumoaren Gastuaren %1,2ko jaitsiera ekarri du. Aurreko hiruhilekoaren aldean hazkundea dago, zortzi hamarren.
Kapital eraketa gordinean (Inbertsioan) jaitsiera dago berriz urte artean (%-4,7), gutxixeago aurreko hiruhilekoan (%-5,5) baino. Hiruhilekoen artean jaitsiera dago baita ere, %1,2. Kapital Eraketa Gordinaren bi osagaietan, ekipo-ondasunetan eta eraikuntzan, tasak negatiboak dira urte artean. Hiruhileko artean, ekipo-ondasunetako inbertsioaren bilakaera (%0,5) hobea da eraikuntzari lotutakoarena (%-1,9) baino.
Barne eskaria, zeina osatzen baitute Azken Kontsumoko Gastuak eta Kapital Eraketa Gordinak, gutxiago murriztu da 2012ko laugarren hiruhilekoan. Urte artean %2,0ko jaitsiera dago hiruhileko honetan; %2,5 zen aurreko hiruhilekoan.
Kanpo sektoreak BPGri eginiko ekarpena positiboa izan da, aurreko hiruhilekoetan bezalaxe; halere, kanpo-merkataritzak BPGren hazkundeari eginiko ekarpenean murrizketa nabarmena ikusten da, kanpo-merkataritzaren urritze-garaian. Kanpo-saldoaren ekarpen positibo hau gertatzen da inportazioak eta esportazioak berdin-berdin gutxitu direlarik urte artean, %-6,5.
BPGren jaitsierak, bai urte artekoak, bai hiruhileko artekoak behera eragin dio enplegu-mailari, Dedikazio Osoko Baliokidetzako Lanpostuetan neurturik. Urte artean enplegua %2,9 jaitsi da. Hiruhileko artean, %0,7.
Enplegua, urte artean, jarduera-adar guztietan galdu da. Hiruhileko artean Zerbitzuetan bakarrik dugu hazkunde txiki bat, %0,1. Industria %5,3 jaitsi da urte artean, erritmoa mantentzen delarik, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %1,7 jaitsi da. Eraikuntzan enpleguan jaitsierak areagokoak dira Industrian baino. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean lanpostu-galera %12,7koa izan da. 2012ko laugarren hiruhilekoaren aldean, jaitsiera %5,0 da. Zerbitzuetan urte arteko eta segidako seigarren jaitsiera dago, %1,0. Hiruhilekoen arteko terminoetan %0,1eko hazkundea. Lehen sektorean ere enplegua bai urte artean (%-5,5), bai hiruhileko artean (%-0,2) jaitsi da.
Lurraldeetako BPGri begiratuz gero, urte artean Gipuzkoak du jaitsierarik handiena, %2,1; Araban %2,0 eta Bizkaian %1,7. Hiruhileko artean, Araban %0,5eko jaitsiera, Gipuzkoan %0,6, Bizkaian %0,3.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua