2013-06-05eko prentsa-oharra
Euskal AEko emakume okupatuek egunean zehar haurrak eta mendeko pertsonak zaintzen pasatzen duten denbora gizonek pasatzen dutena ia bi aldiz da
Pertsona okupatuen %40k irteera-ordutegi malgua du
Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 4,6 ordu pasatzen dituzte egunean 15 urte baino gutxiagoko seme-alabekikoak egiten; gizonek 2,9 ordu, Eustaten datuen arabera. Mendekotasunen bat duten pertsonekikoa egiteko orduan, aldea areagotu egiten da: gizonek 1,4 ordu egunean, emakumeek 2,9. Emakume okupatuen %47,9k soldatako lanean emandako denboraz gain 5 ordu edo gehiago pasatzen ditu egunean adin txikikoak zaintzen. %20,8k denbora horixe ematen dute mendeko pertsonak zaintzen. Gizon okupatuen erdiak (%49,1ek) seme-alaben zainketan bi ordu edo gutxiago pasatzen ditu.
2010eko datuen aldean, seme-alabak eta mendeko pertsonak zaintzen egunean 5 ordu edo gehiago pasatzen dituzten emakumeen portzentajeak jaisten ari dira: ehuneko 6,4 puntuz aurrena eta 15,8z bigarrena.
Etxeko lanak banatzeko orduan, aldea oraindik handiagoa da: 10 gizonetatik bederatzik (%91,5) bi ordu edo gutxiago ematen ditu; emakumeen laurdenak (%27,9) hiru ordu edo gehiago.
Emakume okupatuen bostetik ia batek dio inondik ere ez dagoela konforme bikoteak eginikoarekin, etxeko lanen banaketaz ari garela. Gizon okupatuen gehiengo handi bat, %77,6, oso gustura dago bikoteak eginiko etxeko lanez.
Nabarmentzekoa da emakume langileen gogobetetasuna haurrak zaintzeaz (%62k dio handia dela), baita etxeko lanez ere (%48,3k), gizonek diotenaren (%50,9, %46,2) nabarmen gainetik dagoela.
Euskal AEko 10 pertsona okupatutatik 3k (%29,5) dio lana eta mendeko pertsonak zaintzea, biekikoa egitea, oso zaila dela. Ez da hain zaila lanarekikoa eta seme-alabekikoa burutzea (%24,9k dio zaila dela), eta jarduera pertsonalez ari garela portzentajea (%24) oso antzekoa da.
Pertsona okupatuen hamarretik lauk irteera-ordutegi malgua du
Biztanle okupatuen %23,9 ia beti, eta antzeko ehuneko bat zenbaitetan, lanaldia luzatu beharrean egoten dira.
Irteteko malgutasunaz -bateragarritasuna hobetzeko beste lanabes bat- okupatuen hamarretik lau -%40,6- baliatzen da; emakumeak gutxiago -%37, gizonak baino -%43,8. Etxean bertan, %8,2k noizean behin lan egiten du eta %4,6k egun erdietan gutxienez.
Lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurrien artean, lanetik irten ahal izatea okupatu gehien-gehienen eskura dago; soldatarik gabeko egunak okupatuen %59,8k eska ditzakete. Langileen erdiak gutxi gora-behera dio arazo handirik ez duela eszedentzia edo lanaldi-murrizketak lortzeko.
Eszedentzia edo lanaldi murriztua eskatzeak lan-sustapenaren kalterako ote den beldurrak gehiago eragiten die emakumeei (%29,4) gizonei (%25,5) baino. Beldurrik handiena, halere, gazte jendeak du. Bost emakumetatik batek uste du amatasuna kaltegarri litekeela sustapenerako; berriz, gauza bera aitatasunaz gizonen %5,4k bakarrik uste du. Halere, bost gizon okupatutako batek uste du aitatasun-baimena eskatzeak kalte handia lekarkiokeela ibilbide profesionalari.
Hiru lurraldeetan soldatako langile izatea nahiago dutenen portzentajea Euskal AEkotik (%83,6) gertu dago. Gipuzkoako pertsona okupatuen %57,4k nahiago dute enpresa txiki bat lanerako, %55,5ek sektore pribatua eta %17,4k autonomoa izatea. Lurraldeak badu profil zehatzik honetaz. Oso bestelakoak dira arabarren lehentasunak: %63,6k enpresa handia aukeratuko luke eta %56,1ek sektore publikoa. Bizkaitarrak gertuago daude arabarrengandik: %57,7k enpresa handiak nahiago eta %53,9k sektore publikoa.
2010aren aldean ez dago alde handirik egoera profesionalarekiko lehentasunez. Enpresa-tamainari eta okupazio-sektoreari erreparatuz gero badago alderik: ehuneko 10 bat puntuz hazi dira bai enpresa txikia nahiago dutenak, bai sektore pribatua nahiago dutenak
Lanalditik kanpo adin txikikoen %2,1 bakarrik zaintzen ditu aitak nagusiki; amek %11
Bi bikotekideak lanean ari diren etxeetan eta guraso bakarrekoetan, aitaren edo amaren lanalditik kanpo adin txikikoak zaintzea bien ardura da %84,8an; halere, kasu hauetako %1,7an bakarrik da aita arduratzen dena, eta ama %11,8an.
Etxe beretan eta adin txikikoak lanalditik eta eskola-ordutegitik kanpo zaintzeaz ari garela, kasuen %57,8an ordainketarik gabeko senide edo bestelako pertsonaren bat arduratzen da, %14,1ean bi bikotekideak eta %12,4an ordaindutako pertsona bat.
Mendeko senideak zaintzekotan, emakume okupatuen %40,1ek egunero 3 ordu edo gehiago ematen ditu; gizonen %16,9k egiten du beste horrenbeste.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeari buruzko inkesta (LBU). Prentsa-ohar gehiago
Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeari buruzko inkesta (LBU).Datu-bankua