2013-05-24ko prentsa-oharra
2012ko laugarren hiruhilekoan eliza-ezkontzak ez ziren ezta %20ra ere iritsi
2012an Euskal AEko ezkontza-kopurua %2,3 gutxitu zen aurreko urtearen aldean
Euskal AEko ezkontzak: 2012ko laugarren hiruhilekoan, ezkontza zibilak gehitu egin ziren aurreko urteko aldi beraren aldean; 2011ko %76,6tik 2012ko %80,9ra, Eustaten datuen arabera. Normalean urteko azken hiletan udan baino ezkontza zibil proportzio handiagoa izaten da; udan elizan %39,3 egin ziren, eta modu zibilean %60,7.
Urrian, azaroan eta abenduan 1.464 ezkontza izan ziren Euskal AEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino %5,1 gutxiago. Bizkaian 769, Gipuzkoan 457 eta Araban 202. Erkidegotik kanpo bizitzera joan zirenen artean, 36.
Bizilekua Euskal AEn duten 1.400 gizonezko eta 1.421 emakumezko ezkondu ziren. 1.225 senarrentzat (%87,5), lehen ezkontza izan zen; 17 alargun eta 158 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehen aldiz ezkondutako emakumeen portzentajea pixka bat txikiagoa izan zen gizonena baino; 1.234 izan ziren (%86,8); alargunak 8 eta dibortziatuak 179.
Emakume ezkonberri atzerritarren ehunekoa handitu egin da
2012ko laugarren hiruhilekoan senarren %10,2 eta emazteen %14,4 atzerritarrak ziren. Senar atzerritarren ehunekoa lehengo urteko hiruhileko berekoaren antzekoa da; emazteena handitu egin da (2011n %12,3).
Ezkontzak ezkontideek eztei-egunean zuten adinaren arabera banatuz gero, 2012ko laugarren hiruhilekoan senarren arteko %88,9k 30 urtetik gora zituzten; emazteen artean, berriz, %78,8k. Ehuneko biak aurreko urteko hiruhileko berean izandakoak baino handiagoak dira, aldi hartan %86,3 eta %77,4 izan baitziren.
Sexu bereko pertsonen artean 23 ezkontza egin ziren, aurreko urteko hiruhileko berean (40) baino dezente gutxiago.
Aurrera doa ezkontzeko adina atzeratzeko joera; 2012. urtean senarren %85,2 eta emazteen %73,3 30 urterekin edo gehiagorekin ezkondu ziren; 2011n (%83,5, %71,8) baino ehuneko altuagoak.
2012. urteko behin-behinekoan, Euskal AEn bizi zirenen ezkontza kopurua aurreko urtekoa baino %2,3 txikiagoa izan da. Ezkontza zibilen proportzioak 2,7 ehuneko-puntutan gainditu zuen 2011koa, guztien %71,2 izan zelarik.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua