2013-05-31ko prentsa-oharra
Euskal AEn biztanleko hezkuntza-gastua 1.671 euro izan zen 2011n
Guztizko gastua, 3.658 milioi, BPGren %5,5
Euskal AEko biztanleko gastua hezkuntzan 1.671 euro izan ziren 2011n, bi urte lehenago baino %0,6 gehiago, Eustaten datuen arabera. Azken hamar urteetan hezkuntza-gastua %5,5 hazi da urteko tasa metatuan. BPGren portzentajean, sortutako aberastasunaren %5,5 da.
2011n, 2009aren aldean gastua %1,7 hazten bada ere, moteldu egiten da aurrekoen aldean inbertsioa %13,9 jaitsi baitzen urte berberarekiko, zeinean hazkunde handia izan baitzen, eta gastu arrunta %3,1 hazi baitzen. Guztizko gastutik, 3.407 milioi gastu arrunta izan ziren (%93) eta 251 kapital eraketa gordina (inbertsioa, %7).
Euskal AEko Hezkuntzaren Kontuak hezkuntza-jarduera guztien gastua jasotzen du, arautuak zein arautu gabeak izan, bai hezkuntza-instituzioetan egina, bai beste edozein motatako zentro edo enpresetan.
2009ko datuen analisiak erakusten du finantzaketa zuzen publikoa dela nagusi (%86,7) hezkuntza-zerbitzuen gastuan, pribatuaren aldean; 2009. urterako dauzkagu daturik desagregatuenak.
Gainerako jardueren (garraioa, jantokia, egoitza, liburuak, materiala…) gastuan, finantzaketa zuzen pribatua handiagoa da: %59,3 pribatua, %40,7 publikoa. Kapital gastuetan: finantzaketa zuzen publikoa, %73,4; pribatua, %26,6.
Hezkuntza eta prestakuntza zerbitzuak guztizkoaren %81,6 izan ziren; jarduera osagarriak (garraioa, jantokia, egoitza…), 246 milioi, %6,9. Gastu arrunta ondokoekin osatzen da: liburuak eta materiala (%1,5); hezkuntza-sistemaren administrazio orokorra (%1,1); hezkuntza ikerketa eta berrikuntza (%0,9). Kapital eraketa gordina guztizkoaren %8,1 izan zen.
Nazioarteko alderaketa bi adierazle nagusirekin egin da: -Hezkuntza-instituzioetako gastu publiko eta pribatuaren adierazlea, denbora osoko baliokidetzan matrikulatutako ikasle kopuruarekiko, erosteko ahalmenaren parekotasunean (EAP) dolarretan neurturik, ELGAren definizioen arabera. Guztizko gastu publikoa (familientzako diru-laguntzak barne) BPGren portzentaje gisa. Euskal AEko alderaketa-kokapenerako biek ikuspegi osagarriak ematen dituzte, eta bien bilakaera positiboa izan da.
2009an Euskal AEn lehen hezkuntzatik hirugarren mailara bitarteko ikasleko gastu osoa hezkuntza-instituzioetan 12.048 ($) EAP izan zen, Espainiakoaren (9.800), ELGAko batez bestekoaren (9.252) Europar Batasunekoaren (9.122), Frantziakoaren (9.913), Alemaniakoaren (9.779) gainetik; Suitzakoaren (14.176) azpitik. Euskal AEn, hezkuntza-etaparen araberako ikasleko gastua: haur-hezkuntzan 7.677 ($) EAP; lehen, bigarren eta bigarrenaren ondokoan 10.982; hirugarrenean 15.860. Etapa guztietan Espainia, ELGA eta EBko batez bestekoen gainetik.
Guztizko gastu publikoa BPGren portzentaje gisa, Euskal AEn %4,9 da erreferentziako beste zenbaiten azpitik, 2009an: ELGAko batez bestekoa (%5,8), 27-EB (%5,4), Frantzia (%5,9), Alemania (%5,1). Espainiakoa (%5) ia berdina da. Halere, adierazle honen bilakaera hobea izan da Euskal AEn eta aldeak txikitu egin dira.
Oharra: Hezkuntzaren kontuari buruzko informazio gehiago lortzeko, sartu ohar metodologikoan: Ohar metodologikoa
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko hezkuntzaren kontuari buruzko prentsa-ohar gehiago
EUSKAL AEko HEZKUNTZAREN KONTUA-datu bankua