2013-07-05eko prentsa-oharra
Internet eduki, banda zabal finko edo mugikorra erabili eta web orria duten 10 langile baino gehiagoko euskal enpresak 27-EBko batez bestekoa baino gehiago dira
Internet baduten enpresen %63,8k, 10 langile edo gehiagokoen %91,3k Administrazio Publikoarekiko izapideetarako erabiltzen dute
Eustaten datuen arabera, euskal enpresetako IKT- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek- haziz darraite 2013ko hasieran. Teknologia hauek erabiltzen dituzten langile-kopuruak ere haziz jarraitzen du urtez urte.
Ekipamendu nagusien azken urteetako hobekuntza etengabea izan da; establezimenduen %82,1ek ordenagailua du, azken urtean %4,6ko igoeraren ondoren; Internet %78,8k dute, hazkundea %5,0 izan delarik; eta posta elektronikoa %78,6k, %5,4 hazi ondoren. Azken urtean ehuneko 1,5 puntuz hazi da telefono mugikorra, eta segitzen du izaten IKT ugariena Erkidegoan; establezimenduen %83,6k dute.
Enpresen %43,2k Web orria dute, azken urtean 3,0 puntuz hazi da. Azken kopuru hori %54,8ra igotzen da Internet duten enpresak bakarrik hartzen badira kontuan.
Lurraldeka ez dira oso esanahitsuak aldeak, baina Araban dute teknologia hauek ezarpenik handiena; Gipuzkoan ondoren. Bizkaian txikixeagoak dira zifrak.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresak lehengoan dira ia IKT ekipamenduetan, web orrietan izan ezik; hain zuzen ere ia iritsi dira baliagarritasun atarira
Portzentajeak askoz handiagoak dira 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan: ordenagailua %98,6k; posta elektronikoa %97,6k; Internet %97,1ek; telefono mugikorra %93,8k; web orria %83,6k; hain zabalduta daudenez, hazi ere gutxiago egiten dute establezimendu txikietan baino.
Teknologia hauek darabiltzaten langile-kopuruan berriz ere hazkunde nabarmena dago aurreko urtearekiko. Ordenagailua langileen %66,7k darabil; %59,6k posta elektronikoa du eta %58,8k Internet.
Garrantzitsua da adieraztea ezen teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen portzentajeak kontuan hartuta, aldeak asko txikitzen direla. Izan ere, establezimendu txikiek gehiago aurreratu dute, eta handietan enplegatuen zati batek baino ez du enpresako ekipamenduak erabiltzeko aukera. Bizkaian erabiltzen dituzte gehien bat langileek teknologia hauek; Araban ondoren, ordenagailua, eta Gipuzkoan posta elektronikoa eta Internet.
Enpresen %79,6k, 10 langile edo gehiagokoen %98,6k segurtasun informatikoa erabiltzen dute: antibirusak, suebakiak, zerbitzari seguruak, edo segurtasun-zerbitzuetara harpidetu dira.
Euskal enpresen %62,5ek software librea du: nabigatzaileak, ofimatika programak, sistema eragile libre edo irekiak (Linux…) e.a. Ehuneko hori %79,2 da 10 langile edo gehiagoko enpresetan.
Internetera euskal enpresak ADSL bidez konektatzen dira gehien bat, baina gehien hazi direnak konexio mugikorrak dira
Internet duten euskal enpresak guztien %78,8 dira; aurreko urtearen aldean %5,0ko hazkundea. Sarera sartzeko, ADSL da nagusi, enpresen %84,6k erabiltzen dute. Ondoren konexio mugikorrak, %63,3k eta gehien hazi direnak, eta zuntz optikoa %28,6k.
Gainerako bideek portzentaje txikiago eta beherantzakoak: RDSI %6,5ek; modema %2,0k eta beste konexio finkoak %2,7k.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, %97,1ek Internet dute, eta ADSL lerroak dira gehien (%86,9) erabiltzen direnak. Ondoren, konexio mugikorrak datoz (%76,2, asko hazi dira azken urtean), kablea (%39,9), urrutiago RDSI lerroak (%11,4), modema (%1,5) eta beste konexio finkoak (%6,9).
Internet baduten enpresen %63,8k, 10 langile edo gehiagokoen %91,3k Administrazio Publikoarekiko izapideetarako erabiltzen dute
Internet bidezko Administrazio Publikoarekiko izapideak enpresen %63,8k egiten ditu, informazioa lortzeko inprimakiak jaso eta betetzeko, administrazio prozedurak izapidetzeko, proposamen eta lizitazioak izapidetzeko, gizarte kotizazioak adierazteko, sozietateen zergak, BEZ, e.a. 10 langile edo gehiagokoen %91,3k erabiltzen dute Internet Administrazio Publikoarekiko izapideetarako.
Euskal enpresa guztien %43,2k web orria dute Interneten; 10 enplegatu eta gehiagokoen 83,6k
Interneten web orri baten bidez agertu beharraz gero eta kontzienteagoak dira euskal enpresak. Azken urtean sarean badiren enpresak guztien %43,2 dira, ehuneko 3 puntuz hazi ondoren; 10 enplegatu edo gehiagoko enpresen artean %83,6 da portzentajea, 2 puntuz hazi ondoren. Internet duten enpresak bakarrik hartzen badira kontuan, guztien %54,8 eta 10 edo gehiagokoen %86,1.
Web orrietan agertzen dira enpresari buruzko informazio orokorra, produktu eta zerbitzuen berri, informazioaren pribatutasunaren adierazpena, enplegu eskaintzak eta salmenta ondoko zerbitzuak.
Orriotara sartu ahal izateko hizkuntzetan gaztelera da nagusi, %98,8; euskaraz, %36,5; ingelesa %30,3 eta besteren bat %14,8.
Internet eduki, banda zabal finko edo mugikorra erabili eta web orria duten 10 langile baino gehiagoko euskal enpresak 27-EBko batez bestekoa baino gehiago dira
Nazioarteko mailan, 27-EBrekiko konparagarritasun perfektu baterako, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak eta haiek taldekatutako jarduerak (ez dute kontuan finantza-sektorea, administrazio publikoa e.a.) erabiltzeaz gain, aurreko urteko, 2012ko informazioa erabili behar da; 2012an euskal enpresen %96,3 sartzen zen Internetera, 27-EBn (%95) baino gehiago; banda zabal finkoa gehiago erabiltzen zen hemen (%94,9) Europan (%90) baino eta baita banda zabal mugikorra (%68,3 hemen, Europan %49) ere. Euskal AEn web orria enpresen %81,4k zuten 2012an; 27-EBn %71ek batez beste.
Euskal enpresen %19,7k, 10 enplegatu edo gehiagokoen %27,7k merkataritza elektronikoa egin du 2012. urtean
2012an euskal establezimenduen %19,7k egin du merkataritza elektronikoa; aurreko urtearen aldean 2,4 puntuko hazkundea. Zifra honetara heltzen da, nagusiki, %18,0k bide elektronikoetatik erosketak egiten dituztelako, 1,9 puntuko hazkundea dagoelarik; neurri txikiagoan salmentak ditugu , %4,6, 2011n baino 0,5 puntu gehiago.
Zifra hauek handitu egiten dira 10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, non sarean edo bestelako sistema elektroniko baten bidez (EDI, datu elektronikoen trukaketa) erosketak edo salmentak egiten dituztenen portzentajea %27,7 den, 2,8 puntuz hazi ondoren. Segmentu honetan ere guztirakoaren gehiena erosketa elektronikoak egiten dituztenetatik dator, %23,6, lehengo urtearen aldean %2,2 puntu hazi delarik; eta neurri txikiagoan bide berberetatik salmentak egiten dituztenetatik, %10,4 2011n baino 0,6 puntu gehiago.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta (IGI enpresak); prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta (IGI enpresak); datu-bankua