2013/11/20ko prentsa-oharra
Gizon eta emakumeen bizi-itxaropenak haziz darrai Euskal AEn
Ugalkortasunak maila baxuetan jarraitzen du; ia ez dago hirugarren haurrik; ezkontza-tasa beheraka
Eustaten Adierazle Demografikoen arabera, oraintxe jaiotako mutikoa ia 79 urtez biziko da, eta ezkontzeko probabilitatea %49 izango du. Neskato jaio berriak 85,4 urteko bizi-itxaropena du, ezkontzeko probabilitatea %54 pasatxo eta haur bakarraren ama izango da. Bai bata, bai bestea helbidez 8 aldiz aldatuko dira bizitzan zehar.
Euskal AEko gizon zein emakumeek bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundea izan dute. Orain hogeita hamabost urteko adierazleak (69,6 urte gizonentzat, 76,9 emakumeentzat) ikusita, bizi-itxaropena 8,5 urtez hazi da emakumeentzat eta 9,3z gizonentzat). Gizonek urtero 3,2 hilez luzatu dute bizi-itxaropena, 78,9 urtera arte; emakumeek 2,9z, 85,4ra arte. Bi sexuen arteko aldea orain 20 urteko 8,7ko maximotik 6,6 urtera etorri da.
Herrialde garatuen artean gutxik dute horrelako bizi-itxaropenik, batez ere emakumeei begiratuz gero. Emakumeen bizi-itxaropena Espainiakoen horixe da; Alemaniako eta oro har Europar Batasunekoen (83,2 urte) gainetik da; Frantziakoen (85,7) zertxobait azpitik. Gizonak Europar Batasunekoak (77,7 urte) eta Alemaniakoak (78,4) baino gehiago bizi dira, baina espainiarrak (79,4) baino urtebete gutxiago.
Tumoreak dira mehatxurik handiena bizi-itxaropenarentzat. Tumoreak erabat desagertuz gero, gizonak beste 5 urtez biziko lirateke eta emakumeak beste 3z. Kanpoko heriotza-kausek berriz, 9 hilez laburtzen dute gizonen bizitza eta 3z bakarrik emakumeena. Trafiko-istripuak bakarrik aintzat hartuz –kanpo kausa dira- bizialdia 4 hilez laburtzen da gizonentzat eta 2z bakarrik emakumeentzat.
Ugalkortasunak maila baxuetan darrai
Euskal AEko ugalkortasuna txikia da inguruko herrialdeetakoarekin alderatuz gero. 2011n batez bestekoa 1,3 haur zen; 1975ean 2,7 ziren, eta belaunaldi-ordezkapenarentzat 2,1 behar dira. Indizerik txikiena Bizkaian, 1,26; Araban 1,42 eta Gipuzkoan 1,39. Alemaniako ugalkortasun-indizea (1,36 haur) gurearen antzekoa da; Europako batez bestekoaren (1,57) azpitik gaude eta Frantziakotik (2) oso urruti.
Datu hauekin, batez beste, emakume batek 0,76 lehenengo haur izango ditu -alegia emakumeen laurden batek bat ere ez- 0,5 bigarren haur eta apenas hamarretik batek hirugarrena. Hirugarren eta ondorengo haurrak 1975ean baino %90 gutxiago dira.
Amatzeko batez besteko adina beretsua da hiru lurraldeetan, 32 urte, 1975ean baino 3,8 urtez geroago; adin horretan jaiotza-metatze handia dago.
Ezkontza-tasa beheraka
2011ko datuen arabera, gizon ezkongabeen %49,3 ezkonduko zen noizbait, eta emakume ezkongabeen %54,5; 2005ean portzentajeok %53,8 eta %58,5 ziren. Bestela esanda, gizonen erdia pasa sekula ezkondu ez, eta emakumeen %45 pasa. Orain 35 urte pertsonen ia %100 ezkontzen zen.
Ezkontzeko adina beti ere goraka. Lehen ezkontzaren adina: 35,1 urte gizonentzat (1975ean baino 8,4 urte gehiago) eta 32,8 emakumeentzat (1975ean baino 8,6 urte gehiago).
Ugalkortasunarekin gertatu bezala, ezkontzak adin-tarte batzuetan metatzen dira. Gizonen %48,1 30/36 urte bitartean ezkontzen dira; emakumeen %52,8 28/34 bitarte.
Batez beste Euskal AEko biztanleak 2,5 emigrazio egingo ditu bizitzan zehar
Emigrazioa, batez ere, probintziatik irten gabe izaten da; alegia, probintzia bateko udalerri batetik probintzia bereko beste batera. Hori gertatzen da emigrazioen erdia pasan (gizonek guztira egingo dituzten 2,4tik 1,4an, eta 2,5etik 1,5ean emakumeek). Batez besteko hiritarrak 0,8 emigrazio egingo ditu Euskal AEtik kanpo (emigrazio guztien heren bat). Lurraldeen arteko emigrazioak guztien %8 dira, besterik ez.
Bizkaiak eta Gipuzkoak alde batetik eta Arabak bestetik oso bestelako joera dute. Araban ia 1,9 emigrazio bi sexuentzat; Gipuzkoan 2,3 eta Bizkaian 2,8. Aldeak probintzia arteko mugikortasunari zor zaizkio: Gipuzkoak horrelako 1,3 ditu eta Bizkaiak 1,7 pasa; Araban 0,7, biztanleak Gasteizen kontzentratzen direlako. Gainerako mugikortasun-motetan indizeak nahiko antzekoak dira.
Emigratzaileek egindako distantzia zenbat eta handiagoa izan, adina ere handiagoa da. Hiru lurraldeen artean mugitzen diren gizonak 30,1 urtekoak dira, emakumeak 32,7koak. Euskal AEtik kanpo joango diren gizonek 36,9 urte izango dituzte eta emakumeek 35,8.
Udalerri barruko lekualdatzeei begiratuz gero, mugikortasun handiena Araban, batez besteko 6,4, eta txikiena Gipuzkoan; arrazoiak probintzien arteko mugikortasunean genituen horien kontrakoak: Araban mugimendu asko Gasteiz barrukoak dira.
Emigrazioak eta helbide-aldaketak gehituz gero, Euskal AEko biztanlea 8 aldiz aldatuko da bizilekuz bizitzan zehar, udalerri barru edo kanpo.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62